Haurreskolak Patuzergoko langileek LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituriko bost egunetako lehen greba egunarekin bat egin dute astelehen honetan. Sindikatuen arabera, greba horrek «jarraipen handia izan du», hain zuzen ere, %65ekoa. 2021ean deitutako lehen greba da, 2020an egindakoen ondoren.
«EAEko Hezkuntza Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi», nabarmendu dute sindikatuek.
Langileak Gasteizen, Bilbon eta Donostian bildu dira Lakuarekin akordioa aldarrikatzeko. Akordiorik ezean, lau greba egun gehiago izango dira urtarrilaren 27an eta otsailaren 22, 23 eta 24an. Hala, datorren asteazkenean, hilak 27, 11.30etan protesta egingo dute sindikatuek Lakuako atarian.
Sindikatuen eskaeren artean daude «Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean», «dauden akordioak errespetatzea eta betetzea», «lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea», «langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz» edo «aurrekontua handitzea».
Azkenik, sindikatuek esker ona adierazi diete langile, familia eta udalei mobilizazioetan parte hartzegatik eta «oztopo guztien gainetik» babesa adierazteagatik.
Era berean, gogoratu dute, «0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain», jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dutela eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dutela LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.