Sindikatuen arabera, asteazken honetan Haurreskolak Partzuergoan egindako grebak %70eko jarraipena izan du, oztopoak ugari izan diren arren: «Gehiegizko zerbitzu minimoak, greba desitxuratzeko hauen inguruko interpretazio interesatuekin; kasu batzuetan, txantaiak medio, plantillaren %100ak greba eskubidea urratuta», besteak beste.
Zentralek gogorarazi dute abenduan abiatu zuten mobilizazio-aldiak ez duela oraingoz Lakuaren erantzunik jaso, eta Partzuergoa arriskuan jartzen duten aldebakarreko erabakiak ikusita, greba dela geratzen zaien bide bakarra.
Abenduko bi greba egunen ostean, hilaren 22an Lakuako Hezkuntza saileko ordezkari batzuekin bildu ziren sindikatuak, baina ELAk, LABek eta Steilasek mahai-gaineratutako aldarrikapenak ez zituzten kontuan hartu, azken hauek segurtatu dutenez.
«Haien asmoa kudeaketa-langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikusteada, horregatik ez zuten negoziaziotzako inolako dokumentaziorik aurkeztu. Aurreakordio hau orain dela urtebete sinatu bazen ere, oraindik ez dute bete. Gainera, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe», agertu dute sindikatuek.
Ohartarazi dute, gainera, abenduaren 22ko bilera hartan Hezkuntzako ordezkariek zalantzan jarri zutela haurreskola txikien biziraupena, horregatik, Jokin Bildarratz sailburuari honen inguruan argibideak ematea eskatu diote.
Haurreskolak Partzuergoko langileak berriz ere grebara aterako dira otsailaren 22, 23 eta 24an, besteak beste, Partzuergoaren doakotasuna eta lan-hitzarmen berri baten negoziazioa abiatzea helburu.