NAIZ

«Ez zaude bakarrik»: Balkanetako emakumeen aurkako indarkeria agerian

Aktore serbiar batek bere irakasle izandako batek bortxatu zuela publikoki salatu ondoren, Balkanetako milaka emakumeen testigantzek agerian utzi dute ezkutuan zegoen sexu indarkeriaren drama.

Bere iraskaleak bortxatu egin zuela salatu duen Milena Radulovic aktorea, Serbiako egunkarietako lehen orrian. (Andrej ISAKOVIC/AFP)
Bere iraskaleak bortxatu egin zuela salatu duen Milena Radulovic aktorea, Serbiako egunkarietako lehen orrian. (Andrej ISAKOVIC/AFP)

Balkanetako eskualdeko herrialdeak oso patriarkalak dira aspalditik. Iragan urteetan emakumeen aurkako indarkeria salatzeko mugimenduak sortu dira, baina azken egunotan «Ez zaude Bakarrik» («Nisi Sama») leloa duen kanpainak hartu duen indarrak jende asko harritu egin du.

Kanpaina sarean gauzatu da batik bat, tartean aktore bosniar talde batek sortu duen «Ni ez nintzen horren bila ari» («Nisam Trazila») Facebook orrialdean.  

«Urte asko igaro ondoren ausardia aurkitu dut salatzeko, nere arima lasaitzeko, nigan hil zen neska berpizteko»,  idatzi du 14 urte zituenean sexu erasoa pairatu zuen emakume batek.

Emakume hauen guztien eredu bilakatu dena Milena Radulovic aktorea da. 25 urte ditu eta eskualdean oso ezaguna da. Antzezleak hautsak harrotu ditu, urtarrilaren 17an ‘Blic’ egunkarian bere kasua argitara eman zuenean.

Adin txikikoa zenean, Miroslav Aleksic Belgradeko Arte Dramatikoko irakasle famatuak (egun 68 urte) bortxatu egin zuela salatu du eta izen handiko eskolako beste hainbat ikasle ere behartu zituela gaineratu du. Biktima gehiago izan ez daitezen hitz egitea erabaki du.

Prozesuak aurrera egiten duen bitartean hilabete baterako giltzaperatu duten arren, akusatuak salaketa guztiak ukatu egin ditu.

«Horrekin behin betirako amaitu egin behar da eta isilik segituz gero gaiztakeriak bere horretan jarraituko du», esan du aktoreak.

Testigantzak ez dira antzerki edo zine mundura mugatu eta gizartearen maila guztiak astindu dituzte.

Tabuak eta kontzientzia-falta

Europako Segurtasun eta Elkarlanerako Erakundeak (ESEE) 2019an argitaratu zuen ikerketaren arabera, Serbian sexu-indarkeria salatzen zuten emakumeen kopurua %10 txikiagoa zen Europako Batasunarekin alderatuta.

Ikerketaren egileek argi zuten orduan horren oinarrian emakumeei hitz egitea eragozten dieten tabuak daudela, sexu-jazarpena benetan denaren inguruko kontzientzia falta ahaztu gabe.

Hala ere, azken urteetan hainbat kanpaina hasi dira, Kroazian kasu, nerabe baten aurkako bortxaketa baten ondoren «Neskentzat Justizia» edota etxeko indarkeriaren aurkako «Salba Nazazu» izeneko ekimenak hain zuzen.

Serbian bertan ere Marija Lukic udal idazkariak bera erasotzeagatik herri tixi bateko alkatea hiru hilabeteko kartzelarekin zigortzea lortu zuen 2020an, «#MeToo serbe» mugimenduaren lehen agerpenean.

Baina haserrea aspaldikoa da.

Justizia aldarrikatuz

«Izugarrizko energia baina era berean frustrazioa eta beldurra ditugu emakumeok», dio Marinella Matejcic-ek, PaRiter erakundeko ekintzaile kroaziarrak.

2020ko udatik hona, bere mugimenduak, «Emakumeak Eremu Publikoan», sexu-jazarpenak salatzen duten milaka testigantza jaso ditu. Sare sozialetan «lanean jarraitzen dugu, inurriak bezala, aldaketa posible egiteko».

Belgraden, 1993ean sortu zenetik indarkeriaren biktimei laguntzen dien Emakumeen Zentro Autonomoaren (AZC) telefonoa etengabe ari da deiak jasotzen. «Normalean eta lehen momentuan eraso fisikoen eta sikologikoen salaketak jasotzen ditugu. Arraroa da emakume batek berehala sexu-erasoak jasan izan dituela onartzea», dio  Sanja Pavlovic bozeramaleak.

Haatik, Milena Radulovic-en salaketa «lehergai kolektiboa izan da. Bat-batean minarekin bizirautea baizik nolabaiteko justizia aldarrikatzeko beharra eragin du emakume askorengan», gaineratzen du.

Belgradeko Filologiako irakasle baten aurkako salaketa kolektiboa deitu dute Twitter bidez. Bere garaian bertan ikasi zuen emakume batek gogoratu duenez, irakaslearen jazarpena izan zen berak ikasketak uzteko arrazoietako bat.

Zagrebeko Arte Dramatikoko fakultateko dekanoak hogei bat salaketa jaso ditu azken egunetan.

Aldatu orain

Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) gertakari hauek epe luzerako aldaketa ekarriko dutela espero dute.

Hori bai, eta sexu indarkeria salatzearen aldeko mezuez gain, «eskertuko genuke gure politikoek behingoz legea aldatzeari ekitea», beti ere bortxaketa kasu guztiak auzitara eraman ahal izateko, eskatzen du Sanja Pavlovicek.

Serbian, sexu-jazarpena delitutzat jotzen da 2017tik. Hala ere, Istanbuleko Konbentzioak ez bezala, Belgraden «bortxaketa definitzeko orduan indarra edo mehatxua baldintza moduan jartzen da, eta biktimak ez baimentzea ez da nahikoa», salatzen du  GREVIO-k, adituak biltzen duen taldeak.  Hori guztia Serbiako Estatua emakumeen aurkako erasoen inguruko Konbentzioaren sinatzaileatakoa den arren.

Goran Milovanovic sikologoak sexu indarkeriaren errekonozimendua eta babes neurriak hezkuntza-programatan bermatu behar direla aldarrikatzen du. «Ez ezetz da» kanpainak 10.00 sinadura jaso ditu, dagoeneko.

Aita honen iritziz, «orain da aldatzeko momentua. Bestela, beldur naiz ez ote garen hurrengo baten berriro ere horrelako ustegabeko salaketa-andanaren aurrean aurkituko».