Sendagaien Europako Agentziaren (EMA) oniritzia jaso ostean, Europako Batzordeak AstraZenecaren txertoa 18 urtetik gorako pertsonentzat erabiltzeko baimena eman du.
We have just authorised the @AstraZeneca vaccine on the EU market following a positive assessment by @EMA_News
— Ursula von der Leyen (@vonderleyen) January 29, 2021
I expect the company to deliver the 400 million doses as agreed. We will keep on doing all we can to secure vaccines for Europeans, our neighbours & partners worldwide
Ursula Von der Leyen Batzordeko lehendakariak Twitter bidez iragarri du AstraZenecak merkaturatzeko baimena jaso duela. Konpainiak agindutako 400 milioi dosiak entregatuko dituela espero duela erantsi du.
Pfizer-BioNTech eta Modernaren ondoren, Batasunean erabiltzeko baimena jaso duen hirugarren txertoa da AstraZeneca laborategiarena. Ostiral honetarako espero zen Europako zientzialariek AstraZenecak garatutako antidotoaren segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko ebaluazioa amaitzea eta oniritzia eman dio EMAk. Horren ondoren iritsi da Bruselaren baimena.
Egutegi eta preziorik ez
Europako Batzordeak gaur argitaratu du AstraZenecarekin iazko abuztuan itxi zuen kontratua, bere txertoaren 400 milioi erosteko, baina dokumentuak funtsezko gaiak ezkutatzen ditu, hala nola ordaindutako prezioa edo entregen hiruhileko egutegia.
Bruselak bi aldeen arteko tentsioz betetako aste batean eman du jakitera dokumentua, AstraZenecak estatu kideei ezingo dizkiela agindutako dosiak lehen hiruhilekorako eman iragarri ostean. Uztailean adostutako akordioaren arabera, 400 milioi dosi emango dituzte eta 336 milioi aldez aurretik ordainduko dituzte.
Argitaratutako dokumentuak, ordea, «isilpeko informazioa edo segurtasun-arrazoiak direla eta» zentsuratutako parteak ditu. Dokumentuan ezkutatu diren gai garrantzitsuenen artean daude, adibidez, kontratuaren esparruan EBk ordaindutako prezioa.
Halaber, ezabatu egin da dosiak emateko AstraZenecak hitzemandako hiruhileko egutegia, bi aldeen arteko azken egunetako gatazka eragin duena.