Jon Ormazabal

Albisuk Zabaleta neutralizatu eta dagoeneko ez dago garaitu gabekorik Binakakoan (20-22)

Peña ausart bat ere zuloa topatu ezinik ibili den Elezkano baino eraginkorrago aritu da eta Baikokoak nagusitu dira partida gorabeheratsu batean.

Jon Ander Albisuk partida borobila jokatu du Labriten. (Iñigo URIZ/FOKU)
Jon Ander Albisuk partida borobila jokatu du Labriten. (Iñigo URIZ/FOKU)

Dagoeneko ez dago garaitu gabeko bikoterik Binakako txapelketan. Pronostikoen kontra, sei hilabeteren ostean txapelketa Labritera itzuli den egunean, Peña II.-Albisu merezita nagusitu zaizkie orain arteko lau partidak irabazita zetozen Elezkano II.a-Zabaletari eta hirugarren garaipena batuta, bikote gipuzkoarrak puntu bakarrera du txapelketako lidertza. Horretarako, txapelketan lehen aldiz, atzelari bat, Jon Ander Albisu, Jose Javier Zabaletari eusteko, eta tarteka bizkarra erakusteko gai izan da, etxarrendarrak ez du aurrekoetan bezala agindu eta sufritzeko gaitasuna erakutsi badute ere, Aspekoek ezin izan dute 22. kartoira heldu.

Aurrean ere, aukera pilota gehitxo galdu baditu ere, Jon Ander Peña zulorik opatu ezinda jarraitzen duen Danel Elezkano baino eraginkorrago aritu da. Covid 19arekin positibo emandako pertsona batekin harreman estua izan eta gero 10 egun bakanduta egon ostean, pilota gosez irten da tolosarra kantxara eta, gora- beherak gora-behera, oldarraldi hori partidaren amaiera arte mantentzeko gai izan da. Hala etorri da partida ixteko modua eman dien tantoa ere, 19-21ekoan, besoa uzkurtu beharrean, zabalera bikain eta abiaduraz zabaldutako pilotakada bikain batekin.

Zabaletak gora botatako pilota batek eman die, amaiera estu batean garaipena Baikoko gipuzkoarrei, baina ordura arteko partidak era guztietako faseak igaro ditu. Partidaren hasieran urdinen nagusitasuna erabatekoa izan da eta aurkariak konturatzerako 0-8 aurreratu dira markagailuan. Jon Ander Peña izan da hasiera horretako izar nagusia, erasoan protagonismo handia hartu eta errematean asko asmatuz.

Zabaletari kosta egin zaio partidan sartzea, baina pixkanaka-pixkanaka berotu denean partida asko orekatu da, atzean ez delako halako alderik izan. Etxarrendarrak eta Albisuk lehia ikusgarria eskaini dute, nor baino nor aritu direlako koadro luzeetan eta partidaren norabidea, hein handi batean, aurrelarien eraginkortasunaren baitan egon da.

Peñak izan ditu hutsak pilatu dituen une batzuk eta Aspekoek partida hamarna berdindu dute, baina Elezkanok, bere aldetik, zailtasun askoz gehiago izan ditu zuloak aurkitzeko. Tolosarrak, egin eta galdu, askoz gehiago egin ditu eta partida erditik aurrera bazirudien bizkaitarren ofizioa nagusituko zela, 16-19 aurreratu dira liderrak, baina hauek ere akatsak egin dituzte eta gipuzkoarrek buelta eman diote lehiari.

Fitxa teknikoa:

Elezkano-Zabaleta: 20

Peña II.a-Albisu: 22

Pilotakadak: 622. Iraupena: 66,57 minutu. Markagailua: 0-8, 2-8, 2-9, 7-9, 7-10, 10-10, 10-11, 12-12, 12-13, 13-13, 13-14, 14-14, 14-15, 15-15, 15-16, 19-16, 19-21, 20-21, 20-22. Sakeak: 0 Elezkano II.ak eta 3 PeñaII.ak. Tantoak:  4 Elezkano II.ak, 4 Zabaletak, 9 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Hutsak: 2 Elezkano II.ak, 6 Zabaletak, 6 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Txapelketa Iruñeko Labritera itzuli da sei hilabeteren ostean