Jon Ormazabal

Material txarra ez, baina iraupen gutxikoa

Aukeraketetan pilotekin gustura amaitzen duten arren, pilotari gehienak kexu dira partida erdirako txispa dena galdu eta ezertan geratzen direla.

Iganderako pilotak aukeratu dituzte Eibarren Peña-Albisu eta Altuna-Mariezkurren bikoteek. (ASPEPELOTA)
Iganderako pilotak aukeratu dituzte Eibarren Peña-Albisu eta Altuna-Mariezkurren bikoteek. (ASPEPELOTA)

Pixkanaka bada ere, Binakako txapelketako lehen fasearen erdira heltzeko bi partida baino ez zaizkio gelditzen lehiaketari eta, bikote bakoitzaren emaitzak gora-behera, bada ia pilotari guztiak kezkatzen dituen detaile bat; material aukeraketetan pilotek egokiak diruditen arren, partiden egunean azkar, aukeran azkarregi, gastatzen dira. Asteazken honetan Eibar eta Azkoitiko aukeraketetan arte hartu duten pilotari gehienak bat etorri dira honen inguruan.

«Pilotariak orokorrean horrekin harritu eta kezkatu xamar gabiltza, ze azkenean 700-800 pilotakada jotzen badituzu bai da normala pilotak gastatzea, baina lehengoan Tolosakoa ez zen partida luzea izan eta dezente geratu ziren pilotak», azaldu du Jokin Altunak. «Ez da intendenteen edo hautatzailearen arazoa, pilota biziago edo motelagoak daude baina denak asko geratzen dira eta ez 700 edo 800 pilotakadetako partidetan bakarrik, motzagoetan ere bai», azaldu du amezketarrak, arazoa pilota egilearen bizkar gainean utziaz nolabait.

Peñak biziagoak nahi zituen

Aukeraketa egunean ez da kexu gehiegirik entzuten, nahiz eta gaurkoan Astelenan Jon Ander Peñak pilota onak aurkitu dituztela adierazi arren, «biziagoren bat» bilatu dutela onartu duen. Hori bai, tolosarrak bat egin du igandean bere aurkaria izango den Altunaren ikuspegiarekin. «Gertatzen ari dan gauza bat da, pilotak geratu egiten eta normalean 12 edo 13. tantorako denak erabilita ditugu eta denak gastatuta daude», esan du.

Azkoitiko Gurea pilotalekuan Joseba Ezkurdia ere mintzatu da gaiaz. Bere joko moldeagatik, erritmoa aurretik aldatzen hasi beharra dauka arbizuarrak irabazteko aukerak izateko, bera da gai honek gehien baldintzatzen duena eta ez du bere kezka ezkutatu. «Bilo moduko bat bezala egiten zaie eta nik uste egoera horri buelta eman behar zaiola, egoera horri konponbide bat eman behar zaio, ez dakit larrua edo materiala aldatu den, baina zerbait bada, pilotek askoz gutxiago irauten dute eta ea arazo hori konpontzen den».