NAIZ

Sebastien Lifshitz zuzendari frantziarrak jasoko du Zinegoak 2021 ohorezko saria

Otsailaren 28an jasoko du Sebastien Lifshitz zuzendari frantziarrak aurtengo Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria Bilbon eta, egun horretan, ‘Petite Fille’ lana proiektatuko da Azkuna  Zentroko auditorioan.

Sebastien Lifshitz zuzendari frantziarrak jasoko du Zinegoak 2021 ohorezko saria. (ZINEGOAK)
Sebastien Lifshitz zuzendari frantziarrak jasoko du Zinegoak 2021 ohorezko saria. (ZINEGOAK)

Sebastien Lifshitz zuzendari frantziarrak Bilbon jasoko du aurtengo Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria eta ‘Petite Fille’ bere azken filmaren emanaldi berezi batean parte hartuko du. Bilboko gaylesbitrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiak zinegilearen «konpromiso sozial eta emozionala» nabarmendu nahi izan du.

Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariaren hitzetan, «Lifshitzek gaitasun handia du kontakizun filmikoa modu organiko eta gizatiarrean eraikitzeko». Bide horretan dokumentalaren alde egindako apustua nabarmendu du Guillenek.

Lifshitzek sexu, identitate eta genero aniztasuna landu du bere ibilbide profesional oparoan, eta Zinegoaken hainbat aldiz parte hartu du. Ibilbide horretan, ez da jaialdi honetan jasotzen duen lehen saria. ‘Wild side’ lanarekin Film Onenaren saria lortu zuen Zinegoakeko lehenengo edizioan, 2004an. ‘Bambi’ lanarekin, ostera, Lesbianismo eta Generoa saria jaso zuen 2014. urtean, eta ‘Les vies de Thérèse’ dokumentala 2016ko inaugurazio filma izan zen.

Guillenek adierazi duenez, «zinegile frantziarrak giza esentziaren funtsezko gaiak lantzen ditu LGTBI+ errealitateak abiapuntutzat hartuta». Honela, Lifshitzen «lan guztiek eraldatu eta aberasten gaituzte, eta gizartea hobetzea dute helburu», azpimarratu du.

Sari hau zerrenda luze bati gehituko dio zinemagileak: Jean Vigo saria, Berlinaleko Teddy bi edo Epaimahaiaren Sari Nagusia Xixoneko Zine Jaialdian, besteak beste. «Dokumentalista honek oso ibilbide sendoa eraiki du bere begirada sentibera eta bereziari eutsiz. Gure gizartean ikusezinak edo baztertuak izan diren horiei ikusgarritasuna eman die, duintasuna eta gizatasuna eskainiz», nabarmendu du Guillenek.

Otsailaren 28an jasoko du saria Bilbon eta, egun horretan, ‘Petite Fille’ lana proiektatuko da Azkuna  Zentroko auditorioan.

Gainera, jaialdiak aurtengo Ohorezko Saridun honen atzera begirakoa eskainiko du. Aurrez aurre BilbaoArte aretoan gozatu ahal izan da, doan, eta online bidez Filmin plataforman.