Idoia Eraso

Ihauteriek artistei utzi diete tokia

Urtero otsaila hastapenean Baionako eskola guztiak ihauteriak ospatzeko elkartzen dira, baina pandemia dela eta aurten ezin izanen da egin. Horren ordez, besta giroa atxiki eta egoera zailean diren artistei aritzeko parada emateko xedez, hiriko eskoletan emanaldiak egiten ari dira aste honetan.

Philippe Alborrek haurrei zuzenduriko kontzertuak eskaintzen ditu. (PHILIPPE ALBOR)
Philippe Alborrek haurrei zuzenduriko kontzertuak eskaintzen ditu. (PHILIPPE ALBOR)

‘Ihauteriak eskoletan’ ospatzen ari dira Baionan, artisten eskutik. Proiektu honen bitartez ihaute festa egin ezin den honetan, giroa atxikitzeko asmoz, eta aldi berean pandemiaren ondorioz egoera zailak bizitzen ari diren artistei aritzeko parada emateko xedea agertu du Herriko Etxeak.

Lapurdiko hiriburuan 26 eskola publiko eta pribatutako 3.000 haurrek ‘Ihauteriak eskoletan’ proiektuan parte hartzen ari dira. Normalean Lauga kiroldegian egiten den ihauteri tradizionalaren ordez, non zanpantzarra epaitu eta erretzen den, festa giroa eskoletara hurbiltzea deliberatu dute hezkuntza zentroek eta Herriko Etxeak.

Bide horretan artistei laguntza eskaintzea ere bada xedea, izan ere urriaren 30etik zuzeneko kultur emankizunak debekatuta daude Ipar Euskal Herrian, eskoletan kenduta, hori dela eta, egitasmo honen bitartez, bederatzi artista eta konpainiek haien lana zuzenean egiteko aukera izaten ari dira.

Artistak, konpainiak, elkarteak…

Philippe Albor artista ezagunak joan den urteko ihauterietan ‘AJT’ ikuskizuna aurkeztu zuen, eta aurten ere bera presente izanen da, baina hezkuntza zentroetan Lauga kiroldegian beharrean.

Maialen Alfaro artista eta sofrologoak, berak idatzitako ‘Altxorraren bila!’ ipuina partekatuko du haurrekin. Oreka zirku eskolak akrobaziak eta marabarismoak euskaraz eskainiko dizkie eskoletako ikasleei.

Jour de Fete antzerki konpainiak ‘Grenier de mon enfance’ aurkeztuko du non anai-arreba batzuk haien Gabonetako oroitzapenak partekatzen dituzten. Philippe Plotkin pop-rock kantari eta musikariak haurrentzat moldatutako emanaldia eskainiko du.

Magoei ere utziko zaie tartea, horrela Axel Lupinek umorea eta musika elkartuko ditu ikasleen aitzinean, eta Saroyanek ere umorea baliatuko du, estilo tradizionala atxikiz eta haurren partehartzea bilatuz.

Libre Plume elkarteak josteta eta artearen bitartez ipuin hezitzaile eta dibertigarrien irakurketa saioak proposatu ditu. Antton eta Dominique Burucoa bikote baionarrak, azkenik, musika emanaldia eginen dute.