Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

«Herri batek egin behar duena goitik edo kanpotik definitzeak ez du funtzionatzen»

‘Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia’ lana egin du Joseba Garmendiak. Herrien, batez ere, herri euskaldunen iraukortasuna bermatzeko proposamena jaso du bertan.

Argazkia: Gorka RUBIO/FOKU
Argazkia: Gorka RUBIO/FOKU

Udalerri euskaldunen erronka sozioekonomikoari erantzun asmo dio zure lanak. Gordina al da egungo errealitatea?
Kontua da udalerri euskaldunak eta, batez ere, arnasguneak, herri txikiak direla, eta beraien ezaugarri soziolinguistikoak denboran mantendu ahal izateko funtsezkoa da erronka sozioekonomikoari heltzea. Marko kontzeptuala teorikoagoa izan daiteke, baina batez ere balioan jartzen dudana da bide-orri bat markatzen duela lanak, metodologia bat, azalduz nola eraiki garapen ekonomikorako esperientziak tokian toki. Atera dudan ondorioa da marko metodologiko hau edozein herrietara eraman daitekeela, edozein eskualdetara, errealitate konkretuetara egokitu behar den arren. Baina esan beharra dago udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan erronka sozioekonomikoak beste erronka batzuekin gurutzatzen direla: erronka demolinguistikoarekin eta erronka soziokulturalarekin. Horrela, hiru erronken arteko oreka eta koherentzia lortzeko sustatu behar den garapenerako eredua garapen endogenoaren eredua izan behar dela ulertzen dut.

Hego Euskal Herrian zer ibilbide izan du tokiko garapen estrategiaren aldeko politikak?
Oso esperientzia aberatsak ditugu. Ikasgai garrantzitsuenak nonbaitetik atera beharko bagenitu, Gipuzkoako lurraldea hautatuko nuke, baita Bizkaiko kostaldean edo Durangaldean dauden beste esperientzia batzuk ere. Baina Gipuzkoan, eskualde guztiek, batek ezik, eskualdeko Garapen Agentzia propioa dute eta. Badaukagu esperientzia mardula, 80ko hamarkadatik datorrena, baita lehenagotik ere, 60ko amaieratik. Horietatik, nik behintzat, asko ikasi dut.

Herri txikiek badute zer egin globalizazio garaian?
Hor paradoxa bat ematen da. Mobilizazioaren testuinguru batean, non fluxu ekonomikoek mugarik ez duten, eta printzipioz geografiak geroz eta garrantzi gutxiago izango lukeen, ikusten da lurraldeetako berezitasunak abantaila lehiakorrak eraikitzeko iturri direla. Paradoxa hori, normalean, erregio mailan ikertu izan da, izan Euskal Herri mailan, lurralde mailan edo erkidego autonomiko mailan. Baina autore ugarik adierazi dute badaudela gauza asko tokiko eskalan, hau da, udalerrien edo eskualdeen eskalan, aplikagarriak direnak. Horrela ikusten da badagoela leiho bat non eragin daitekeen eta globalizazioen indarrei, neurri batean, aurre egin dakiekeen.

Txikiak izanagatik zaurgarriak badira ere, tokikotasunak edo gertutasunak balio erantsia ematen die herriei?
Analisi askok mahai gainean jarri dutena da lurralde zehatzetako berezitasunek eta lurralde batean ematen diren kohesioak, kultur arlokoak, gertutasun fisikoak eta instituzionalak, adibidez, positiboak direla; esate baterako, enpresen arteko elkarlana sustatzeko. Enpresa txiki eta ertainen kasuan, batez ere, bakoitzak bere aldetik dituen zaurgarritasunak gainditzeko bidea irekitzen da elkarlanaren bitartez. Orduan, herri txiki batean edo eskualde batean egon daitekeen giroa, mentalitateak edo harreman sareak lagundu dezakete, baina baita oztopatu ere.

Tendentzia orokorrei era askean funtzionatzen uzten baldin badiegu, gerta daitekeen fenomeno bat despopulazioarena da

Zer gerta dakieke globalizazio garaian garapen estrategiak hartzen ez dituzten herri txiki euskaldunei?
Hori esatea zaila da, kasuan kasu aztertu beharko litzateke. , esaterako. Pirinio inguruan eta beste udalerri askotan ikus dezakegu hori. Enpresa mardulak erakartzeko politikak bultzatzen badira, edo etxebizitza politika espantsibo bat bultzatzen badugu populazio berria ekartzeko, hori kontraesanean egon daiteke erronka demolinguistikoarekin. Horregatik diot garapen endogenoko estrategiak beharrezkoak direla, zeren horiek ez dira zerutik erortzen, zorutik eraiki behar dira.

Hego Euskal herriko gizarte eta instituzioek mentalitate aldaketa bat behar dute zure lanean planteatzen diren estrategiak abiatzeko?
Nik proposatzen dudana, azkenean, arkitektura bat da. Eta arkitektura horretan lau funtsezko aktore daude: alderdi instituzionala, gizarte eragileak edo norbanakoak, enpresak eta, nahi bada epe luzera eragin, horretarako tresna bat, normalean Garapen Agentzia. Gobernantza hori guztia antolatzeko, hau da, . Kontuan izanda udaletxeek baliabide gutxiago dituztela garapen ekonomikora bideratzeko, derrigorrez funtzio edo eskuduntza hori duten administrazioko beste maila batzuekin kontatu behar da. Guzti horretan garrantzitsuena hasierako momentua da, horrek markatzen du ibilbide batek etorkizuna izan dezakeen edo ez. Eta hor bai, eskatzen da mentalitate aldaketa bat. Bada joera bat, soluzioak eskatzearena, normala den moduan. Goiko instantziei soluzioak eskatzen zaizkie; azpiegitura bat egin dadila edo enpresak erakarri daitezela, adibidez. Hori kontraesanean sar daiteke arnasgune diren udalerri txiki horiekin. Hobe da behetik eta tokitik aktoreak protagonismoa hartzea eta prozesuaren kontrol maila bat izatea, bi arrazoiengatik: beraiek definitzeko nolako garapen eredua duten eta askoz ere eraginkorragoa delako. Ezin gaitezke mugatu eskatzera erabat zilegi den hori, guk ere soluzioak eraiki behar ditugu eta ardurak gure gain hartu behar ditugu. Normalean, horrelako mentalitate aldaketak sortzen dira erronka gizarte, instituzio eta enpresek barneratuta daukatenean edo, bestela, krisi egoera batean.

Aktore guztiak inplikatzeko gobernantza eredu inklusiboa, parte hartzailea eta adostasunetan oinarritua egon behar da

Egungo krisia, beraz, aukera bat izan daiteke?
Normalean Garapen Agentziak krisi garaian sortu izan dira. Tokiko aktoreak inpotentzia egoera batean sentitzen dira eta zerbait egin behar dutela erabakitzen dute. Normalean zerbait egite hori bide-orri bat marraztea izaten da, garapenerako tresna bat sortzea eta ekintzarako plan bat egitea. 2008-2009an, Sakanan, langabezia %6tik %21 ingurura igo zen, eta lehenengo urratsak ez ziren orduan eman, garapen estrategia propio bat eraikitzen 2011an hasi ziren. Heldutasun fase bat behar da, eta hor gertatzen da mentalitate aldaketa hori. Horregatik, zalantza dut koronabirusak testuinguru horretara eramango ote gaituen. Estrategia bat behar da, hemen daukagun bizimodua hurrengo belaunaldietan mantendu ahal izateko. Hori izango da erronka krisiarekin edo gabe.

Zer iritzi daukazu ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan?
Ekonomia sozial eraldatzaileak, hirugarren sektoreak bezala, normalean krisi garaietan paper aktibo garrantzitsua jokatzen du. Enpresa batzuk ixten direnean bertako langileak dira enpresa hori berriro altxatzen dutenak eta ekonomia sozialeko formulazioak txertatzen dituztenak. Nik planteamendu honi ikusten diodan arriskua da horretara bakarrik mugatzea. Hau testuinguruaren arabera da. Enpresa txiki eta ertain ugari dagoen toki batean, izan ekonomia sozialekoak edo ez, zailtasunak baldin badituzte, horiengan eragin beharra dago Garapen Agentzia batetik.

Zer ekarpen egingo dio zure lanak herri txikiei?
Hau zerbait eraiki ahal izateko marko analitiko eta operatibo bat da. Badago faseetan planteatzen den metodologia bat, ikusi dena funtzionatzen duela, Sakanakoa planteamendu horrekin egin da. Irizpide batzuk ematen ditu, eta tokiko eragileek definitu behar dute prozesu hori, bestela ez du funtzionatzen. Herri batek egin behar duena goitik edo kanpotik definitzeak ez du funtzionatzen, bertakoak izan behar dute definitzen dutenak.