naiz

Zabalik da 44. Irun Hiriko Kutxa Literatura sarietara lanak aurkezteko epea

Irun Hiriko Kutxa Literatura sarien 44. ediziora lanak aurkezteko epea zabalik da. Apirilaren 19ra arte jasoko dira eleberri zein olerki-liburuak, euskaraz zein gazteleraz, eta saridunek 15.000 (olerkia) eta 25.000 (eleberria) euro eta garaikurra jasoko dituzte.

Irailaren 11n jakinaraziko dira zeintzuk diren lan sarituak, Irunen. (NAIZ)
Irailaren 11n jakinaraziko dira zeintzuk diren lan sarituak, Irunen. (NAIZ)

Literatura sorkuntza eta hedapena sustatzea da Irun Hiriko Kutxa Literatura sarien xedea eta, helburu hori betetzen jarraitzeko, jada zabalik da aurtengo edizioa, 44.a. Sariketara eleberriak zein poesia liburuak aurkez daitezke, euskaraz zein gazteleraz, eta Kutxa Fundaziotik zehaztu dutenez interesdunek apirilaren 19ra arte izango dute lanak bidaltzeko aukera. Aurten berrikuntza bat dago alde horretatik, pandemia egoerara egokitze aldera, lanak soilik modu telematikoan aurkeztu ahalko dira.

Sariketako oinarrietan zehazten denaren arabera, aurkezten diren lanek partzialki edo osorik argitaratu gabeak izan behar dute, beste sariketa batean saririk eskuratu gabeak, eta PDF formatuan aurkeztu beharko dira, Din A4 tamainako orrietan, horretara bideratutako online estekaren bidez. Olerkiek gutxienez 800 bertsoko luzera izan behar dutela ere zehaztu dute, eta eleberriek, aldiz, gutxienez 150 folio.

Modalitate bakoitzerako epaimahai bat izendatuko du Kutxa Fundazioak eta irailaren 11n, Irunen, jakinaraziko dira lan sarituen irabazleak nortzuk diren. Poesia alorreko sarituek 15.000 euro eta garaikurra jasoko dituzte, eta eleberriko saridunek 25.000 euro eta garaikurra.