NAIZ

Sagardui kargugabetzeko eskaria ez da tramitera onartu, txosten baten kontra EH Bilduren ustez

EH Bilduk salatu duenez, «EAJ eta PSE Legebiltzarreko zerbitzu juridikoen txostenaren gainetik pasa eta Osasun sailburua kargugabetzeko proposamena tramitatzeari uko egin diote».

Gotzone Sagardui, Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Gotzone Sagardui, Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk salatu duenez, Gasteizko Legebiltzarreko Mahaian duten gehiengo osoa baliatuta, EAJk eta PSEk Gotzone Sagardui Osasun sailburua kargutik kentzeko talde subiranistaren eskaria atzera bota dute. Ez da tramitera onartu, «zerbitzu juridikoen txosten batek ekimena legezkoa dela dioen arren».

Ohar batean EH Bilduk adierazi duenez, proposamena argia zen: «Urkullu lehendakariari Sagardui kargutik kentzeko eskatzen zion ‘txertaketa kanpainan izandako deskontrolagatik, irregulartasunak ukatzen izandako jokabidearengatik eta Legebiltzarrari gezurra esateagatik’».

«Bada, txosten juridikoak argi dio talde parlamentario batek horrelako eskaria egin diezaiokeela lehendakariari, baina, hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk ez dute txostena aintzat hartu eta uko egin diote koalizioaren ekimena tramitatzeari», nabarmendu du.

EH Bilduren iritziz, «Mahaian gertatu denak argi uzten du berriz ere nola ulertzen duten EAJk eta PSEk gehiengo osoa, une oro nahi dutena egiteko lizentzia moduan, irizpide juridikoak urratzeraino. Horrela Sagardui sailburua babesten dutela uste badute, oso oker daude, sailburuaren posizio politikoaren ahulezia baino ez baitute adierazten».

«EAJk eta PSEk ez dute kargugabetzeko eskaria isilaraztea lortuko, EH Bilduk beste kanal batetik eramango duelako eskakizun hori Osoko Bilkurara», gaineratu du.