‘Tabakalera-denbora’, kultura garaikideari buruzko ikus-entzunezko hausnarketa

Hainbat jakintza-arlotako hogei pertsona ezagunek gure garaiko kulturari buruzko ikuspegia eman dute ‘Tabakalera-denbora’ bilduman. Ikus-entzunezko serie hau Tabakaleraren webgunean egongo da eskuragarri.

Tabakaleraren web-orrialdean jarraitu ahalko da hausnarketa. (NAIZ)
Tabakaleraren web-orrialdean jarraitu ahalko da hausnarketa. (NAIZ)

Tabakaleraren bosgarren urteurrenaren baitan sortutako ikus-entzunezko sorta da ‘Tabakalera-denbora’. Seriean, zientziaren, pentsamenduaren, artearen edo zinemaren munduan erreferenteak diren tokiko eta nazioarteko hogei bat pertsonek kulturaren zentzuari buruz hausnartzen dute, Tabakalera bezalako kultura garaikideko zentro batek egin dezakeen ekarpen sozialaren inguruan jarduteaz gain.

Ikus-entzunezko seriea egungo kultura-ereduari eta hitza bera birpentsatzeko beharrari buruz hausnartzeko ideiarekin sortu zen. Elkarrizketetan, parte-hartzaileek kulturarekin erlazionatutako hainbat gai aztertzen dituzte, hala nola herritarrek kulturan eta gure garaiko arazoak konpontzen aktiboki parte hartzeko espazioak prestatzeko beharra, diziplinak gurutzatzearen garrantzia, artisten prestakuntza eta profesionalizazioa, azaldu dute Tabakaleratik. «Halaber, denboraren kontzeptuak funtsezko balioa hartzen du, beharrezkoa baita edozein aldaketa sozial, zientifiko edo kulturali ekiteko», nabarmendu dute.

‘Tabakalera-denbora’ Morgancrea ekoiztetxeak garatu du eta 2020ko uztaila eta iraila bitartean, Rosa Zufia kazetariak elkarrizketatu dituen 20 pertsona ezagunek parte hartu dute: Julio Le Parc, Itziar Okariz, Beatriz Setién, Beatriz Herráez & Miguel Zugaza (artea), Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Carla Simón, Isaki Lacuesta, Vigo Mortensen (zinea), Marina Garcés, Daniel Inerarity (pentsamendua), Quadrature, Laia Sánchez (Medialab), Pedro Miguel Etxenike, Andoni Luis Aduriz, Gillermo Zuaznabar eta Eider Rodriguez.

Tabakaleratik aurreratu dutenez, proiektuak jarraipena izango du parte-hartzaile berrien hausnarketak jasoko dituen bigarren fase batekin.

Inaugurazio mahai-ingurua

Ikus-entzunezko sailaren argitalpena ostegun honetan, otsailak 11, hasiko da, eta hasiera emateko jarduera bat izango da Tabakaleran: Beatriz Herraez Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoko zuzendariak, Itziar Okariz artistak eta Eider Rodriguez idazleak egingo duten solasaldia. Rosa Zufia kazetariak aurkeztuko du saioa. Doako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, eta ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da Tabakalera Online plataforman.

Ostegunean bertan argitaratuko da lehen ikus-entzunezko pieza Tabakalerako sare sozialetan eta Tabakalera Onlinen, eta hamabostean behin argitaratuko dira gainerakoak kanal horien bitartez.