Jon Ormazabal

Iker Espinal eta Gaizka Karregal lehiatuko dira Kaiolako Elite txapelketako finalean

Iker Espinal eta Gaizka Karregal oso joko puntu onean heltzen dira Kaiolako Elite txapelketako finalera eta ez dago faborito argirik ostiralean Laudioko Aretako pilotalekuan jokatuko den partidan.

Gaizka Karregal bizkaitarrak txapela jantzi nahi du. (KIROLZALE)
Gaizka Karregal bizkaitarrak txapela jantzi nahi du. (KIROLZALE)

Covid-19a eta hortik eratorritako osasun alerta gogor erasotzen ari zaio afizionatu mailako pilotari eta apenas dago lehiaketarik. Horrexegatik eta bi finalistek, Iker Espinal nafarrak eta Gaizka Karregal bizkaitarrak, azkenaldian erakutsitako maila onarengatik, ikusmina piztu du ostiral honetan Aretan (Laudion) jokatuko den Euskadiko Federazioaren Lau eta Erdiko Txapelketako finalak.

Txapelketa bikaina osatuta helduko dira bi pilotariak final honetara eta horren erakusgarri dira finalerdietan emandako erakustaldiak. Uharteko klubean aritzen den Espinalek aukerarik ez zion eman Behar Zanako Eneko Maizi eta 22-6 nagusitu zitzaion kolore bakarreko partidan. Adiskideko galdakoztarrak ez zuen, printzipioz, batere partida errazik Lemoako Aitor Etxebarria arriskutsuaren aurka, baina honek ere nagusitasunez lortu zuen finalerako txartela 22-9 gailenduta.

Faboritorik gabe

Hasiera batean partida ireki eta lehiatua espero da azkenaldian maila honetako pilotaririk finena dela erakutsi duen Espinal eta partida mota hauek jokatzeko prest dagoela erakutsi duen Karregalen artekoan. Biak dira oso pilotari erasokorrak, pilota bizi erabiltzen dute eta partida ikusgarria aurreikusten da.

Finalaren aurretik, arratsaldeko 19.00etan hasita, hirugarren posturako lehia jokatuko dute Eneko Maiz eta Aitor Etxebarriak. Hemen ere ez da faborito argirik eta tantoak amaitzen gehien asmatzen duenak eraman lezake kontsolamenduzko final hau. ETBk partidak grabatuko ditu eta igande eguerdian emango ditu ETB4 katean.