NAIZ

Gerra jolasa ez denean: gatazka armatuetan parte hartzera behartutako haurren ondorio latzak

Gerra barru-barrutik, lehen lerroan, bizitzera derrigortuak daude 300.000 haur soldadu inguru, mundu osoko gatazka armatuetan erabiliak. Horrek uzten dituen ondorioak, fisikoak zein mentalak, nabarmenak dira.

Soldadu izandako haur bat, Yambion, Hego Sudanen. Unicefek eta World Visionek finantzatutako Tindoka Vocational Centerren jasotzen du prestakuntza. (Oscar DURAND)
Soldadu izandako haur bat, Yambion, Hego Sudanen. Unicefek eta World Visionek finantzatutako Tindoka Vocational Centerren jasotzen du prestakuntza. (Oscar DURAND)

Yemen, Hego Sudan, Afrika Erdiko Errepublika edota Nigeria bezalako herrialdeetan, haurrak zenbait bidetatik iristen dira talde armatuetako lerroetara. Batzuk bahitu egiten dituzte. Beste batzuek, aldiz, «beren borondatez» hartzen dituzte armak, baldin eta horrela dei badakioke pobreziak, tratu txarrek, presio sozialak edo jasandako indarkeriagatik mendeku hartzeko nahiak bultzatuta gatazkan parte hartzeari.

Behin lehen lerroan daudenean, hainbat lan egitera behartzen dituzte haur horiek: janaria prestatu, mezulari gisa aritu, eraso suizidak egin eta neska adingabeen kasuan, gainera, esklabo sexual gisa ere erabiltzen dituzte.

Indar eta talde armatuei loturik ematen duten denbora horretan, ankerkeria izugarrien lekuko eta biktima izaten dira haurrak, batzuek sei urte baino ez dituztela. Horrek guztiak zama fisiko eta mental handia uzten die betirako, galdutako haurtzaroa berreskuratu eta bestelako bizimodu bati heltzeko zailtasun ikaragarriekin.

Haur Soldaduen Erabileraren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak nabarmendu du haur horiek jasan izan dituzten egoerek eragindako kalteekin bizitzera ikasi behar izaten dutela.

Gerraren beraren edo beraien nagusien eskutik pairatutako tortura eta gehiegikeriek eragindako ondorio fisiko nagusiak hauexek izan ohi dira: mutilazioa, desnutrizioa eta sexu-transmisiozko gaixotasunak. Nesken kasuan, gainera, haurdun gera daitezke jasandako sexu-abusuen ondorioz.

Indarkeria ekintza basatien lekuko izatea edo halakoak egin behar izatea trauma emozional sakonen iturri da. Maiz, Unicefen esanetan, haur horiek egin behar izaten duten lehen ekintza beren gurasoak hiltzea da, familia-lotura hausteko.

«Lesio fisikoak bizi osorako desgaitasun bihur daitezke, ez badira artatzen, eta buruko ondorioek kalte psikologikoak eragin ditzakete epe luzera, hala nola trauma-osteko estresaren nahasmendua (TEPT)», deitoratu du agentziak.

Hori dela-eta, ‘Begiak ixten ditudanean’ izeneko ekimena abiarazi dute, soldadu gisa erabilitako haurrek jasaten dituzten ondorio psikologikoez kontzientziatzeko. «Askatu edo ihes egin ondoren, amesgaiztoak, jarrera oldarkorrak, pentsamendu intrusiboak eta antsietatea izaten dituzte», azpimarratu du.

Zentzu horretan, Nazio Batuen mendeko erakundeak osasun mentalak haurren garapenerako duen garrantzia azpimarratzen du, alderdi hori sarritan ahaztu egiten baita. Herrialde hauetako osasun sistema ahulek ez dute baliabide nahikorik: behar oinarrizkoenak asetzeko borrokan ari dira.

Adibidez, Hego Sudanen, 2013tik 6.290 haur errekrutatu dituzte soldadu gisa, eta hiru psikiatra, 23 psikologo eta ohe mugatuak dituen gela psikiatriko bat baino ez daude. Covid-19aren pandemiaren ondorioz eskolak itxi izanak ere laguntza psikosozialerako gune garrantzitsuak galtzea ekarri du.

Hala, Andrea Suley Unicefek Hego Sudanen duen ordezkariak esan du «premiazko lehentasuna» dela haur horiei zaintza eta laguntza ematea, eta, horretarako, dauden birgizarteratze programetarako finantzaketa handitu eta osasun mentalaren arreta handitu behar dela. Unicefen Hego Sudango birgizarteratzeko programak %73ko finantzaketa defizita izan zuen 2020an eta ezin izan zien behar guztiei erantzun.

«Haurrek ez dute lekurik gatazka armatuetan»

Suleyk, halaber, «frustrazio eta ezinegonarekin» eskatu die erakunde armatuei haurren errekrutatzea eta erabilera berehala gelditzeko. «Haurrek ez dute lekurik gatazka armatuetan, eta gehiegikeriak amaitu behar du», azpimarratu du Unicefek. 46 herrialdek 18 urtetik beherako haurrak errekrutatzen dituzte eta gaur egun gutxienez 18 gatazka armatutan erabiltzen dituzte mundu osoan.

Etxera itzultzea lortzen duten haurrek, gainera, zailtasun handiak izaten dituzte. Nortasuna garatzen duten urteetan indarkeriazko ingurune batean bizi izanak nabarmen zailtzen du birgizarteratze prozesua.

Hori gutxi balitz, sarri familia non dagoen ere ez dakite eta, senideak aurkitzen badituzte ere, askotan baztertuak izaten dira, daukaten iraganarengatik. Kasu honetan ere neskek zigor handiagoa izaten dute, seme-alabekin itzultzen direnean onartzen ez dituztelako. Ondorioz, eskolara ere ezin dute joan, etorkizun hobea izateko aukerak nabarmen, edo erabat, murriztuz.

Pandemiaren ajeak

World Vision erakundeak azaltzen duenez, covid-19ak eraingako krisiak ondorio lazgarriak izan ditu soldadu gisa erabilitako haurren fenomenoan ere: errekrutamenduak ugaritu egin dira, talde armatuek janaria eta dirua lortzeko bide gisa ikusten baitituzte haurrak eta, era berean, aipatu taldeen baitan derrigortutako ezkontzen kopurua ere handitu egin da.

Eskolen itxierak duen eragin sozioekonomiko horri gehitu behar zaio pandemiak familien elikadura-segurtasuna arriskuan jarri duela eta diru-sarreretan ere beherakadak ekarri dituela, haurren hezkuntzarako sarbidea oztopatuz. Egoera bera dela eta, nesken ezkontza derrigortu eta goiztiarren kopurua ere areagotu egin da.

Hala, gatazka-ingurune batzuetan, covid-19ari aurre egin behar izateak, haurrak babesteko eta berriro integratzeko baliabideen desbideratzea ekarri du, diru hori osasun-arloko esku-hartzeetarako erabili baita. Kasu batzuetan, erabat murriztu edo eten dira haur soldaduei laguntzeko programak.

Gainera, World Visionek azpimarratu duenez, pandemiak eragindako blokeoen ondorioz, laguntza eta esku-hartze humanitarioa helaraztea zailagoa da. Hala, nekezagoa izan da gatazkan dauden aldeekin aipatu praktika gordinei amaiera emateko konpromiso bat negoziatzea edo, halakorik dagoenean, ekintza-planei jarraipena egitea.