«Honetarako erreparaziorik ez dago eta justizia ez da lortuko, baina aitortza nahiko nuke»
Urtero-urtero atxiloketaldi oso jasaten duela aitortzen du Maribi Arregik: otsailaren 4tik 13ra, kalbario berdina, anaia bihotzean. Samurtasunez mintzo da elkarrizketa honetan, baina amorrua ere ukatu egin gabe.
40 urte asko da, bizitza erdia. Baina zure kasuan, denbora asko izan arren dena oso fresko egongo da agian...
Bai. 40 urte asko dira baina hor dago dena. Niri otsaila berdin pasatzen zait: otsailaren 4tik 13ra bitartean egoten naiz pentsatzen ‘benga, Joxe, egun bat gutxiago, egun bat gutxiago’. Egunero-egunero hor daukat eta 13a iristen denean esaten dut ‘beno, bukatu da sufrimendua’. Lasaitua hartzen dut. Barrutik ateratzen zaidan amorrua ere hor da, atera nahiko nuke baina ezin da, berari egin zizkiotenekin bere torturatzaileak zigorrik gabe egoteak ez du amorru hori gainetik kentzen batere laguntzen.
Zerk ematen du min gehien: erabili zuten basakeria, geroko inpunitatea, ukazioa...?
Lehenengoa, berari eginiko sufrimendua. Gero, inongo zigorrik gabe gelditu zirela, hain basaki torturatu eta gero.
Zuen bizitza ere oso latza izan da, berak laburbildu zuen bezala...
Oso. Berari egindakoa oso latza, baina gurea ere latza. Oso egun gogorrak izan ziren eta bizi garen bitartean markatuta geldituko zaigu.
Urte hauetan guztietan, norbait hurbildu da zuengana –agintariren bat, poliazikideren bat– ‘hau horrela eta horrela gertatu zen’ esateko? Anonimoki agian?
Ez, ez. Askotan pentsatu izan dut, hainbeste jenderen artean gutxienez bat hurbiltzea... baina ez, inor ez.
Beti aipatu duzu, hala ere, hori onartuko duten eguna iritsiko dela. Oraindik ere espero duzu?
Bai, itxaropena badaukat. Ea egia den. Oraindik aitortza etorriko dela espero dut.
Duela urte batzuk Paco Etxeberriak egin zuen txostenak argitara atera zuen ofizialki tortura era masiboan izan dela. Nola hartu zenuen?
Niri aitortza Madrildik etortzea gustatuko litzaidake, baina hori zaila izango da. Pacok berak esan zidan, bere ustez hori ez dela inoiz etorriko, baina nik itxaropenik ez dut galtzen.
Biktima gisa aitortua izateko eskaera egin duzue, Lakuako Gobernuak abiatutako prozesuan...
Bai. Justizia badakit ez dela lortuko. Eta erreparazioa... badakit honetarako erreparaziorik ez dagoela. Baina nik aitortza eskatzen dut, egun batean aitortzea, pozez hartuko nuke hori.
Dirua ez, egia...
Ez dut ezer soberan baina diruak ez lidake ezertan lagunduko. Aitortzak, bai. Eta justizia ere bai, ahal balitz, baina hori ezinezkoa izango da.
Anaia nola gogoratzen duzu?
Anaia mutil apal bat zen, goxoa, hitz gutxikoa agian, oso famili girokoa, ama asko maite zuen, harreman handia zuen berarekin. Familian oso maitatua izan genuen. Txikia zen baina aldi berean pertsona handia.
Hil zuten modua bereziki krudela izan zen. Zauri irekia utziko du horrek...
Dudarik gabe. Egin zizkioten basakeriak benetan animalia txar bati ere ez zaizkio egiten. Latza izan zela esan zuen eta latza izango zen benetan, Joxe ez baitzen kexatia.