NAIZ

Fenz, Romero, Forensic Architecture eta Abu Hamdan, Punto de Vista jaialdian

Robert Fenzen 16 mm-ko lanak, Pedro G. Romeroren ‘Nueve Sevillas’ filmaren proiekzioa, Forensic Architectureko Nicholas Zembashi ikertzailearen Point of View saioa eta Lawrence Abu Hamdan artistaren topaketa hartuko ditu Iruñeko Punto de Vista jaialdiaren Foru Garaikideak sekzioak.

Martxoaren 15etik 20ra bitartean ospatuko da Punto de Vista, Iruñean. (NAIZ)
Martxoaren 15etik 20ra bitartean ospatuko da Punto de Vista, Iruñean. (NAIZ)

Robert Fenz zinemagile estatubatuarra, Pedro G. Romero artista eta arte kuradorea, Forensic Architecture ikerketa agentzia, eta Lawrence Abu Hamdan artista izango dira aurten Punto de Vista jaialdi iruindarreko Foku Garaikideak sekzioaren protagonistak.

«Foku garaikideek mugimenduan dagoen irudia lantzen duten artisten programa monografikoak aurkezten dituzte, nekez erakusten direnak fikziozkoa ez den zinema jaialdien testuinguruan», azaldu dute Punto de Vistatik, eta gogora ekarri dute sekzio honetatik hainbat zinemagile eta artista pasa direla, hala nola Guy Sherwin, Marie Losier, César Vayssié, Tacita Dean, Francys Alÿs eta Iván Argote. Auurten, haien lekukoa hartuko dute Fenzek, G. Romerok, Forensic Architecturek eta Abu Hamdanek.

Robert Fenz-ek (Ann Arbor, 1969-2020) bere obren bidez lekuen eta kontatu gabeko historien arteko konexioa berrinterpretatzen jakin zuen. Haren filmografian, 50eko eta 60ko hamarkadetako kale argazkilaritza inspirazio iturri izan zuela hautematen da. «Fenzentzat, zinemak ez zuen soinuaren beharrik, munduan izandako iraultzetan erabat liluratzen zuten idatzi gabeko kapitulu horiei ahotsa emateko», ekarri dute gogora. Fenzen film gehienak isilak diren arren, haren jazzarekiko pasioak oinarrizko filmen soinu bandak inspiratu zituen, hala nola ‘Vertical Air’ (1996) eta ‘Meditations on Revolution Part V: Lonely City’ (2003). Bi film horiek ikusi ahalko dira Punto de Vistan, eta baita ‘Meditations on Revolution, Part I: Lonely Planet’ (1997), ‘Correspondence’ (2011) eta ‘The Sole of the Foot’ (2011) filmak ere.

Pedro G. Romero (Aracena, 1964) artista polifazetikoa, kritikaria, artearen historiagilea, idazlea, dantza eta antzerkiko zuzenari artistikoa eta zinema zuzendaria da. Flamenko zalea da, eta izaera hori aldarrikatzen du, beste batzuen gainetik. Iruñean Romeroren bi film luze emango dira: ‘La Pel.lícula’ (2005) eta ‘Nueve Sevillas’ (2020), haren azkeneko filma, Gonzalo García Pelayorekin batera zuzendu duena. Horrez gain, artistaren film laburren aukeraketa bat proiektatuko da.

Giza eskubideen urraketak

Forensic Architecture (FA) ikerketa agentzia bat da, egoitza Goldsmiths-en duena (Londresko Unibertsitatea), eta giza eskubideen urraketak ikertzen ditu estatuen, polizia indarren, militarren eta enpresen indarkeria ere barne hartuta. FAk gizarte zibileko askotariko erakundeen lankidetzaz egiten du lan, oinarrizko aktibistetatik hasita talde juridikoetara, nazioarteko GKEak eta hedabideen erakundeak ere tartean sartuta. Punto de Vistan, Nicholas Zembashik hartuko du parte, eta ‘Points of View’ saioa eskainiko du.

Azkenik, Lawrence Abu Hamdan artista, soinu ikertzailea eta Forensic Architectureren kolaboratzailea da. Topaketa bat egingo du entzumenaren ondorio politikoak sakon aztertzeko, eta hainbat eratako audioak erabiliko ditu, giza eskubideetan eta zuzenbidean dituzten efektuak lantzeko. Abu Hamdan ‘Una politica de escucha en 4 actos’ artista liburuaren egilea da. Hainbat sari jaso ditu eta bere lanak nazioarteko museoetako hainbat bildumatan daude, hala nola MoMA, Guggenheim, Hammer L.A, Van Abbe Museum, Pompidou eta Tate Modern.