Aldaketa sakonak izan dira eremu gorrian dauden udalerrien zerrendan, azken egunetan 100.000 biztanleko 14 eguneko tasa metatua jaitsi egin delako EAEn. Hala, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariak argitaratu duen zerrenda murriztu egin da, osteguneko ebazpenarekin alderatuz. Berrikuntza nagusia da Gasteiz eremu gorritik atera dela, 465,97ko intzidentziarekin. Donostia ere arrisku gunetik kanpo dago –aurreko ostiraletik– eta intzidentzia-tasa metatua gero eta baxuagoa du: 373,92. Bilbok oraindik eremu gorrian jarraitzen du, baina pixkanaka beherantz doa eta baliteke aste honetan bertan gune horretatik ateratzea. 564,83ko intzidentzia-pilatua du.
Zerrenda gorritik atera diren herri guztietan eskola-kirol jarduerara itzuli ahalko dira.
Abadiño, Astigarraga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bergara, Bermeo, Bilbo, Derio, Elgoibar, Getxo, Gorliz, Gueñes, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Leioa, Lezo, Oñati, Santurtzi eta Sopela dira covid-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500ekoa edo handiagoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerriak. 21 udalerri horiek eremu gorrian daude oraindik, baina Bilboren antzera, baliteke horietako batzuk datozen egunetan zerrendatik ateratzea: Irun, Leioa, Balmaseda, Basauri, Abadiño... intzidentzia-metatua 600etik beherakoa dute.
Eta 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrendari dagokionez, honako hauek dira gorrian daudenak: Alonsotegi, Aramaio, Lezama, Loiu, Mendaro, Plentzia, Sondika, Urduliz eta Zamudio. Udalerri hauetan, ebazpenean azaltzen den arabera, Lakuak onartutako prebentzio neurriak mantendu beharko dituzte, hala nola jokoen eta apustuen establezimendu eta lokalei eta kirolari buruzkoak.
Tabernak pasa den astetik irekita daude, eta Lakuako Gobernuak joan den larunbatean argitaratutako dekretuak baimentzen du «mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko mugikortasuna, lurralde historikoa edozein dela ere, gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko».
«Bestalde, bizilekuaz bestelako Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batera mugitzea baimenduta dago, baita mugakideak ez direnetara ere, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean ari diren taldeen entrenamenduetarako eta kirol-lehiaketetarako, azken 14 egunetako covid-19 kasuen intzidentzia-tasa metatua edozein dela ere», dio dekretuak.
Bizilekua dagoen udalerria ez den beste udalerri batera mugitu ahal izango dira bizilagunak, mugakidea ez bada ere, kirol federatuko lehiaketetarako eta entrenamenduetarako, eskola-kiroleko entrenamenduetarako, bai eta gimnasioetan, kirol-elkarteetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroetarako edo jardueretarako ere, betiere, kasu horietan guztietan, jatorrizko udalerrian zein helmugako udalerrian covid-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino txikiagoa bada.