Honelako egun batean aurkariari dena ateratzen zaionean eta zu baino hobea dela argi ikusten denean, gauza gutxi esan daitezke. Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea Turineko Allianz Stadiumeko prentsa aretoan irribarre batekin agertu da Manchester Uniteden aurka 0-4 galdu ostean.
Askotan kontrakoa egiten badute ere, entrenatzaile txuri-urdinak onartu du kanporaketa «galduta» dagoela, eta horregatik, bere hitzetatik atera daitekeenez, oso zaila izango du talde donostiarrak Old Trafforden 0-4koa gainditzea.
«Ikusita zer nolako maila duen aurkariak eta gaurko emaitzarekin, hala da (erabakita dago). Garbi genuen zer nahi genuen egin hemen eta dudarik gabe emaitzak mina ematen digu, baina behintzat saiatu gara gu izaten. Argi nuen galtzekotan gu izanda galdu behar genuela. Championseko aurkari bat da, eta erakutsi du zergatik doan Premierren bigarren postuan Manchester Cityrekin lehian», adierazi du Imanolek partida ostean.
Talde ingeleseko jokalariek abiadura handia dutela erakutsi dute, eta hori azpimarratu du ere Realeko prestatzaileak. «Izugarrizko abiadura dute. Talde hau kapaza da Championsa irabazteko. Guk izan ditugun aukerak ez ditugu asmatu eta horrek indar pixka emango zigun. Taldeak gauza onak ere egin ditu, baina dena aldrebes atera zaigu eta aurkaria zoriondu behar dugu», gaineratu du.
Emaitza honekin bere jokalariak nola dauden galdetzerakoan, Imanolek argi esan du «aldagela minduta dago, baina hankak lurrean izatea eragiten du emaitza honek. Taldea oso gaztea da, eta halakoak, dudarik gabe, eragingo digu nahi ditugun pausoa aurrera eraman.
«Bultzada» bat Premier Leaguerako
Bestalde, Ole Gunnar Solskjaer Manchester Unitedeko entrenatzailearen iritziz, kanporaketa «erabakita» dago eta 0-4koa «bultzada» bat izan daiteke Premier Leagueko lidertzari begira.
«Hainbesteko lan-karga eta aurkako emaitzak izan ondoren, geure burua aurkitzea zen helburua. Honek konfiantza emango digu, nire taldea egunero hibetzen ikusten baitut», adierazi du entrenatzaile norvegiarrak.
«Oso pozik nago nire taldeak gaur egindako jokoarengatik. Momentu guztian posizioa mantendu du, egon behar zuen tokian egon da momentu oro eta partida konpletoa burutu du 90 minutuetan», gaineratu du Solskjaerrek.