NAIZ

Asteburuko deialdien atarian, Pablo Haselen aldeko protestak egin dituzte laugarren egunez

Pablo Hasel raperoaren atxiloketaren eta espetxeratzearen aurka protestak egin dituzte berriro ostiral honetan, laugarren gauez jarraian. Larunbat eta iganderako mobilizazio gehiago daude antolatuta. 

Bi gazte, Pablo Haselen aldeko kontzentrazio batean rapeatzen, Bartzelonan. (David ZORRAKINO/EUROPA PRESS)
Bi gazte, Pablo Haselen aldeko kontzentrazio batean rapeatzen, Bartzelonan. (David ZORRAKINO/EUROPA PRESS)

Joan den asteartean Pablo Hasel atxilotu zutenetik eta bere espetxeratzea salatzeko lehen elkarretaratzeak egin zituztenetik, hainbat protesta egin dira egunero hiri eta herri desberdinetan. Haietako batzuetan istiluak izan dira, karga polizial bortitzekin.

Euskal Herriko zenbait tokitan bezala, Herrialde Katalanetan eta espainiar Estatuan Haseli babesa adierazteko eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioak egin dituzte gaurkoan ere. Ikasle katalanek greba egin dute aldarri honekin bat egiteko. 

Aurreko egunetan bezala, protesta batzuetan istiluak eta Esquadra Mossoen kargak izan dira, tartean Bartzelonan eta Gironan. Azken horretan, Dani Cornella CUPeko diputatuari eraso egin diote Mossoek, gazte bat atxilotu nahi zuten agenteekin hitz egiten saiatzen ari zela.

Asteburuan ere deialdiak

Asteburuan zehar, larunbatean zein igandean, Pablo Haselen aldeko mobilizazioek segida izango dute. Euskal Herrian, deialdi nagusia igandean izango da, Bilbon deituta dagoen hitzorduan (12.30ean Arriagan).