Asier Aiestaran
Entrevista
Iosu Esnaola
Orio Arraunketa Elkarteko presidentea

«Lehen arraunean probatzeko beldurrez ibiltzen ziren gazte asko orain guregana etortzen dira»

Iosu Esnaola (Orio, 1986) futbolari ohiak 2019ko irailean hartu zuen Orio Arraunketa Elkarteko presidente kargua. Gogotsu eta ilusio handiz ekin zion lanari, baina pandemiak asko zaildu ditu martxan jarri beharreko proiektuak.

Iosu Esnaola, babesle berriaren aurkezpenean (Andoni CANELLADA / FOKU)
Iosu Esnaola, babesle berriaren aurkezpenean (Andoni CANELLADA / FOKU)

Babesle nagusia lotzea ez da lan samurra izan, baina Orialki enpresa gipuzkoarrarekin bost urterako sinatutako akordioak egonkortasuna ziurtatuko du.

Babesle berria aurkeztea benetan pozgarria izango zen elkartearentzat…

Ba bai, eta gauden egoeran egonik are eta gehiago. Gu sartu ginenetik, azken urte eta erdi honetan, ateak ikutu eta ikutu ibili gara, baina ez da erraza izaten. Orialkirekin iaz ere kontaktatu genuen, beti eduki dugu "feeling" on bat, eta aurten iruditu zaie une egokia dela urratsa emateko. Gu ere oso pozik gaude, bion baloreak bide beretik doazelako. Oso jende jatorra aurkitu dugu, arraun eskolari balore handia eman nahi diote, euskarari, bertako jendeari… eta horrela guretzat ere askoz errazagoa izan da bideak elkartzea. Eta nabarmentzekoa da bost urteko akordioa dela, ez direla bat edo bi. Horrek ziurtasuna ematen digu gure proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Zurrumurruak entzuten ziren, baina akordioa sinatzeak jada beste lasaitasun bat emango du.

Batera eta bestera ibili gara, baina ez da erraza izaten. Erabaki zailak izaten dira eta hilabeteak pasatzen dira baiezko bat edo ezezko bat jasotzeko. Baina zorionez Orialkirekin gauzak nahiko bizkor joan dira eta guretzat lasaitasun handia izan da. Pasa dugun urte eta erdi hau ez diot desio inori, gogorra egin zaigu.

Pertsonalki ere hau izan da lorpen nagusiena presidente moduan, elkarteari egonkortasun bat bermatzeko?

Izan liteke. Kanpora begira bai, zalantzarik gabe. Barrura begira baditugu hainbat proiektu martxan jarrita eta ustez ongi bideratuta daudenak, baina beti zegoen zalantza babesle nagusi bat ez izateak sortzen zuena, ea zenbateraino busti gintezkeen ekonomikoki kontuak arriskuan jarri gabe. Uste dut lan talde aparta daukagula, bakoitzak berean lan bikaina egiten duela, baina astelehenetako bileran bildutakoan beti geneukan kezka hori. Eta hori ez da erraza izaten eramaten. Azkenean familiak nabaritu egiten du, zure kezkak etxera eramaten dituzu, eta alde horretatik ez da urte erraza izan, ez guretzat eta ezta arraunlari nahiz entrenatzaileentzat ere. Hori da mina ematen dizuna, baina sartu ginenean bagenekien egoera ez zela erraza, Covidarekin are zailagoa, baina gai hau aurrera atera dugu eta hemendik aurrera espero dugu gure proiektua bideratzen joatea.

Proiektu horretan argi duzue oinarria eta zutabe nagusia harrobia dela, horrek izan behar duela zuen bidea.

Zalantzarik gabe. Gure geroa eta gure etorkizuna hortik etorriko da. Horrela izan da orain arte eta horrela izaten jarraitu behar du, inoiz baino gehiago. Hasi alebinetatik eta jubeniletara iritsi arte arraunlari pila bat dauzkagu, ehundik gora, jendea goraka dator, arrauna ere goraka dator, eta ikusten duguna da lehen arraunean probatzeko beldurrez ibiltzen ziren gazte asko orain guregana etortzen direla. Hori aprobetxatu beharra daukagu, eta horretarako jarri ditugu zortzi entrenatzaile beheko mailetan, inoiz egon ez den kopuru bat, uste dugulako garrantzia eman behar zaiola horri, zaindu egin behar ditugula gure gazteak. Eta gainera goian Jon Salsamendi, Anjel Larrañaga eta Xanti Zabaleta bezalako hiru entrenatzaile ditugulako, harrobiarekin sekulako lana egiten dutenak eta gainera gai direnak gero Kontxa irabazi eta talde lehiakorrak egiteko. Hori izan da gure esentzia betidanik eta gure bideak hortik joan behar du.

Arraunari dagokionez, beheko mailetan zer puntutaraino eragin du Covidak entrenatzeko garaian?

Eskola kirolean bezalatsu. Alebin, infantil eta kadeteak geldi egon dira. Etxean egin dituzte agindutako ariketak eta abar, baina adin horretan arraunlariak behar duena da uretan orduak sartzea, eta zoritxarrez aurten ez da posible izan. Aurten aukera handia geneukan adin horietan lan bikaina egiteko, jende pila bat geneukalako eta ongi bideratuz gero etorkizunerako sekulako aukera suposatzen zuelako. Espero dugu datozen asteetan gauzak hobera egitea eta jendea arraunera etortzen jarraitzea beste kiroletara alde egin gabe, maila horietan gaur ongi egindako lanak hemendik hamar urtera sekulako fruituak emango dituelako.

Senior mailan, aldiz, entrenamenduak normal antzean joan dira, ezta?

Normal samar esango dugu, bai. Gabonak arte batez ere lehorreko lana egiten da, ezkutuan esango dugu, eta abendu inguruan hasten dira uretara irtetzen. Hor pare bat aste egon ziren ontziak uretara irten gabe, baina uste dugu orokorrean neguko lana nahiko ongi joan dela. Orain arte testak ezin izan ditugu egin, jaitsierak atzeratu egin ziren, baina hemendik zortzi egunera lehen testa izango dugu (Hondarribian) eta ilusioz gaude hemendik aurrera arraunaz gozatzeko aukera izango dugulakoan.

Antolakuntza aldetik, lehen estropada hauetan segurtasun neurriak iazko udakoen berdinak izango dira?

Neguko hauetan ziur baietz. Gero uda iristen denean ikusi egin beharko da egoera zein den txapelketei begira edota TKE Ligari begira. Baina oraingoz nahiko argi daukagu bidea hau dela, egoera ez baita suak botatzeko modukoa. Kontu handiz ibili behar dugu, denon osasunarekin jokatzen ari garelako. Baina era berean uste dugu arraunlariak uretan izanda ez diogula inori kalterik egiten, kontrakoa, zaleei poza ematen diegula, nahiz eta jendeari eskatu behar diogun estropadetara ez etortzeko eta ahal den moduan etxetik jarraitzeko.

Azkenik, lehen traineruei dagokienez, aldaketa asko izan dituzue edo iazkoaren jarraipen bat egon da?

Izan ditugu bajaren batzuk, gizonezko nahiz emakumezkoetan bospasei arraunlari joan zaizkigu, baina esan daiteke taldearen %80 berdina dela. Jon, Xanti eta Anjelek ere jarraitzen dute eta argi zeukaten proiektuak bere bidea jarraitu behar zuela. Noski, lan bat egin behar da gazte mailatik igo diren arraunlariak lehendik zeudenekin batzen, baina argi dugu bidea hori dela. Etxeko jendea atera behar dugu eta horretan jarri behar ditugu indarrak, gaur ez bada bihar, horrek emango dizkigulako emaitzak.