Orialki izango da Orio Arraunketa Elkartearen babesle nagusia datozen bost urteetan. Akordioa ostiral goizean aurkeztu dute eta bi aldeak oso pozik agertu dira martxan jarriko duten elkarlanarekin.
Orialki makinaria alokatzen duen enpresa bat da eta Oiartzunen du bere egoitza nagusia. Zerbitzuak eskaintzen ditu industrian, eraikuntzan, herri-lanetan, lorezaintzan eta ekitaldietan. Bere izena jada Orioko traineruan idatzita agertzen da, gaurko aurkezpenean ikusi ahal izan den moduan.
Aurkezpenean adierazi dutenez, bi aldeek «euskara, talde lana, ahalegina, etengabeko ubera, ingurumena, eskola, formazioa, olatu berriak hartzeko gaitasuna…» bezalako kontzeptuak elkarbanatzen dituzte, eta «harreman eder eta luze baten hasiera izatea espero» dute.
Hiru traineru aurten ere
Oriok hiru traineru izango ditu uretan aurten ere, gizonezkoen bi eta emakumezkoen bat -honek Euskotren Liga eta Kontxa irabazi zituen-, eta adin guztiak kontuan izanda 160 arraunlari inguru biltzen ditu. Aulki mugikorrean ere lanean jarraitzen du, eta larunbat honetan bi ontzi aurkeztuko ditu, esaterako, distantzia luzeko Espainiako Txapelketan.
Iaz babesle nagusirik gabe une zailak igaro ostean, Orialkirekin sinatutako akordioa bultzada garrantzitsua da elkartearentzat.