Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideek «eraberritu eta garai berrietara egokitzeko» garatu duen prozesuaren lehenengo emaitza aurkeztu dute larunbat honetan: 'Euskal Herrian Euskaraz-en Ikusmira', Euskal Herriaren independentzia «argi eta garbi aldarrikatzea» berritasun nagusitzat hartzen duen agiria, hain zuzen.
Aurkezpen honetan EHEren ibilbide luzean une ezberdinetan parte hartu duten hainbat kide izan dira, hasita EHEren sortzaile izan zirenetatik, egungo kideetaraino. Izan ere, 1979an EHE publikoki aurkeztu zenean, bere oinarri ideologikoa jasotzen zuen sorrera agiria publiko egin zuen. Hala, aipatu eraberritze prozesuan egin duten ariketetako bat EHEren «oinarri ideologiko» hori «eguneratzea» izan da.
Garai hartan sortzaileetako bat izan zen Kontxi Errok azaldu du «euskararen egoera larriaren» kezkagatik sortu zutela EHE, bide horretan jarraituz gero «heriotzara ziohoala aurreikusten» zutelako. Baina «amets» batek ere garai hartako urratsak gidatu zituela gaineratu du: «Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko ametsa, normaltasunez euskaraz bizitzea lortzeko ametsa».
Zentzu horretan, Errok «balorazio positiboa» egin du urte hauetan zehar egindako ibilbideaz. Izan ere, EHEren zuzeneko ekimenez edo zeharkako parte hartzearekin, ugariak izan dira abiatutako egitasmoak: «EHE izan zen lehenengoetarikoa euskarazko hedabide publikoak aldarrikatzen, ondoren UEMAn gorpuztuko zen udalerri euskaldunen aintzat hartzea eta saretzea sustatzen, hainbat eta hainbat herritako euskara elkarteen sorkuntzan parte hartzen, instituzioei hizkuntza-politika egokiak abiatu zitzaten presioa egiten, euskalgintzako eragileon elkarlanerako bilguneak sustatzen, euskararen aurkako erasoen salaketan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak aldarrikatzen, baita euskaltzaleak ahalduntzen eta aktibatzen horien defentsan ere».
Hala ere, helburura irtsi ez direla nabarmendu du, «gure herrian normaltasunez eta mugarik gabe» euskaraz bi ezinik jarraitzen dugulako eta, era berean, euskarak etorkizuna ziurtaturik ez duelako. Horregatik, EHEk euskalduntzearen aldeko borrokan bultzada berria egitea doala azpimarratu du.
Independentzia «bitarteko gisa»
Ildo horretan, Ane Aizpurua EHEren egungo kideak hamarkadotan egindako borrokari esker aurreratutakoa, metatutako indarrak irekitako aukerak baliatuz, Euskal Herrian berreuskalduntzean jauzi egiteko prestutasun osoa dutela nabarmendu du eta, lehenengo urrats bezala, EHEren sorrerako agiria «gaurko egunera» ekarri dutela adierazi du.
Horrela, «euskaldunok euskaraz bizitzeko eta euskararen normalizazio osoa erdiesteko», berritasun nagusia EHEek Euskal Herriarren independentzia argi eta garbi aldarrikatzea dela nabarmendu du Aizpuruak.
Ez helburu gisa, baizik eta bitarteko gisa beti ere. Izan ere, EHEk euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko independentziaren beharra aldarrikatzen duela azaldu du, hau da, normalizazio osoa erdiesteko beharrezko den hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko, eta, horren emaitza gisa, euskaldunek euskaraz normaltasunez bizitzeko.
Eztabaidarik ez duen oinarria EHEren jardueraren helburua dela gaineratu du Aizpuruak: Euskal Herri euskalduna. Euskaraz biziko den herria. «Hori baita euskaldunon hiztun-komunitatearen etorkizuna ziurtatzeko bide bakarra. Horrek erantzuten dio herri honen gogo nagusiari eta horretarako eskubidea du», adierazi du.
Bestalde, frantziar eta espainiar estatuek «kolonizazio-mekanismoen bidez» euskaldunon hiztun-komunitatea zapaldu eta zatitu dutela salatu dute, eta, «euskara ordezkatzea helburu duen diglosia-egoera inposatu» dutela. Hala, «euskaldunon hiztun-komunitatea berregituratzeko euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea» ezinbestekoa dela uste dute, bai ahozko erabileran bai eremu funtzional eta geografiko guztietan.
Zapalketa hori, intersekzionalitatearen ikuspegitik, «estatu linguiziden Europaren eta patriarkatu kapitalistaren ondorioa» dela nabarmendu dute eta, zentzu horretan, pertsona guztien oinarrizko eskubide guztiak bermatuak izan daitezen, «zapalduon arteko elkartasuna eta aliantzak ezinbestekoak» direla nabarmendu dute.
Ondorioz, Euskal Herriko biztanleoen deskolonizazio beharra aldarrikatzen du EHEk, euskaldun eta burujabe, mendeko hizkuntza-praktika gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua egiteko.
«Horretarako –gaineratu du Aizpuruak– berreuskalduntze prozesuak integrala behar du izan. Euskal herritar guztiak euskaldunak izatea ezinbestekoa da, herritar guztiek euskara ezagutu beharra dute. Baina ez da aski euskararen transmisio linguistiko hutsa egitearekin, euskararekiko atxikimendua ere sustatu beharra dago, jarrera euskaltzalea transmititu beharra».
Era berean, instituzioek berreuskalduntzerako hizkuntza-politika eraginkorra egiteko ardura dute EHEren ustez eta euskara «euskal herritarron hizkuntza komuna» izan behar dela, «kohesio eta bizikidetzarako» hizkuntza.
Hala, hizkuntzen arteko harreman-eredu berri baten alde egiten du EHEk, zeinetan hizkuntza-aniztasuna errespetatua eta zaindua izango den, hizkuntza komuna euskara izanik.
Desobedientzia eta aktibismoa
Horrekin guztiarekin batera, aurrerantzean EHEren jardueraren bereizgarri nagusiak desobedientzia eta aktibismoa izango direla iragarri dute.
«Pairatzen dugun diglosia-egoeran euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena ahaldundu eta ukazio eta bazterkeria guztien gainetik euskaraz bizitzea da», gaineratu du Aizpuruak.
Amaitzeko, dei egiten diete puntu hauekin bat egiten duten euskaltzaleei EHEren Komunitateko partaide izatera. Izan ere, Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuak beharrezko duen jauzia egiteko EHE indartsua behar dutela uste dute, baita euskaltzale guztien ekarpena ere.