«Bidea tresnak ematea da, neskek txikitatik zientzia aukera gisa ikusteko»
Naiara Aginakok "Emakumeak zientzian" programan parte hartu du. Erakunde ugari elkartu da otsaila ekimenez betetzeko: DIPC, CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa, CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun, Ceit, Polymat, Elhuyar, EHUko Informatika Fakultatea eta Eureka! Zientzia Museoa.
Emakume eta Neska Zientzialarien Egunean mezu argia transmititu du hainbat euskal erakundek: «Zientzia bada nesken kontua». Zein da zure ikuspuntua?
Ingeniaritzan eta hemen, Informatika Fakultatean, neska oso gutxi dago. Nik ikasi nuenean, orain dela 15 urte, berdin-berdina zen. Beste arlo batzuetan, Biologian, Matematikan eta Farmazian kasu, emakume gehiago daude. Aurten Adimen Artifizialeko gradu berri bat ematen hasi gara eta hor ikasleen erdiak emakumezkoak dira. Baina Ingeniaritza Informatikoko graduan, nire ikasleen artean %13 soilik dira emakumeak.
Zergatik dago neska gehiago Adimen Artifizialean?
Nik uste gauza berriagoa delako eta, agian, “informatika” hitza gizonezkoei lotuago dagoelako. Friki puntu hori du eta ez ditu emakumeak hainbeste erakartzen. Adimen Artifizialeko graduaren oinarri handi bat informatika da, baina desberdina da; adimenera bideratutako aplikazio eta soluzioak ikasten dira, transbertsalagoa da. Gainera, oso nota altua behar da eta ikasle gutxi dira, euskaraz eta gaztelaniaz 25na.
Zein da emakumezkoak zientziara erakartzeko bidea?
Txikitatik gustatu behar zaie eta erremintak eman behar zaizkie zientzia zer den ikasteko, zer den teknologia, zer den programatzea… Bidea hori da, txikitatik ikustea hori ere aukera bat dela haientzat. Nire kasuan, umetatik gustatzen zitzaidan baina familian elektronikako denda bat genuen eta aitak produktore txikitxo bat zeukan. Telekomunikazioa ikasi nuen San Mamesen eta oso neska gutxi ginen, bost bat 30 mutilen artean. “Teleko” desberdinagoa zen, orain Adimen Artifiziala bezala, nota altuagoa, ikasle gutxiago, eta nesken proportzioa handiagoa zen Industriekin konparatuta. Lanean hasi nintzenean ere neskak gutxiago ginen. Gure ikerketa eremua beti izan da mutilen mundua.
Ingeniaritzan eta hemen, Informatika Fakultatean, neska oso gutxi dago. Nik ikasi nuenean, orain dela 15 urte, berdin-berdina zen
Horregatik, neskei erreferenteak falta zaizkie.
Gutxiago daudenez zailagoa da aurkitzea. Seme-alabak dituzunean erreferentea askotan etxean dago eta, emakume kopurua txikiagoa bada, ama gutxiago izango dira erreferenteak. Aldaketa zaila da horregatik ere, nahiz eta kanpotik asko iragarri etxean ikusten dena garrantzitsua delako.
Erreferenteekin lotuta, «Emakume zientzialariak atzo eta gaur» hitzaldian parte hartu duzu eta Hedy Lamarren lanarekin lotu duzu zurea. Nolatan?
Oso bat dator nire profilarekin, telekomunikazio arloan sortu baitzuen patentea.
Zer bizitza interesgarria duen!
Bai, bai [irriz]. Eta “Sanson eta Dalila” pelikulako argazki batengatik bakarrik ezagutzen nuen!
Zeuk ere ez ezagutzeak erakusten du emakumezko zientzialariek ez dutela ospe handirik.
Hori da. Ez nuen ezagutzen eta horrek asko harritu ninduen, Telekomunikazio Ingeniaritzan horrelako pertsonaia baten asmakizuna azaltzea oinarrizkoa delako. Haririk gabeko telekomunikazioa jada existitzen zen, baina ordura arte frekuentzia bakarrean bidaltzen zen mezua; orduan, etsai batek lortzen bazuen jakitea zer frekuentziatan ari zinen mezua igortzen, gai zen mezu hori jasotzeko. Bigarren Mundu Gerran, Lamarren ideia izan zen mezua zatitu eta frekuentzia desberdinetatik bidaltzea zatitxo bakoitza. Hori egiteko modua partitura baten antzekoa zen. Igorleak eta hartzaileak bazekiten zein zen partitura eta zatitxoak bidali eta gero puzzle bat bezala osatzen zuten mezua. Hala etsaiak ezin zuen mezu osoa jaso. Bluetooth, wifi eta halako teknologiak ideia horretan oinarritzen dira.
Aurten Adimen Artifizialeko gradu berri bat ematen hasi gara eta hor ikasleen erdiak emakumezkoak dira
1914an jaio zen Hedy Lamarr, Vienan, Hedwig Eva Maria Kiesler izenarekin. Ingeniaritza ikasten hasi zen 16 urterekin, baina hiru urte geroago bertan behera utzi zuen, Max Reinhardt zuzendariaren eskutik antzerkian sartzeko.
“Ecstasy” pelikula grabatu zuen. Hura izan zen film komertzial batean emakume bat biluzik agertu zen lehen aldia. Aktore gazteak orgasmo bat antzeztu zuen lehen planoan. Ospe txarra garbitzeko, gurasoek Friedrich Mandlekin ezkondu zuten. Honek arma lantegi ospetsu bat zuen, oso aberatsa zen eta, antza denez, naziekin harreman estua zuen. Hedy oso azkarra izan zen, senarra ingeniariekin elkartzen zenean entzun eta ikasteko aprobetxatu zuelako. Bizitza horretaz eta senarraren jokaeraz nekatuta, alde egiteko plan bat pentsatu zuen. Neskame bat kontratatzeko beharra izan zuten momentuan bere antza zeukan bat aukeratu zuen. Gau batean lotarako pilula eman, neskamez jantzi eta ospa egin zuen. Parisera joan zen eta handik Londresera.
Bertan ezagutu zuen Louis Mayer, Metro Goldwyn Mayer estudioen sortzaile eta jabea izan zena.
Hedyk argi zuen kontratu bat lortzeko konbentzitu behar zuela eta, itsasontziz AEBetaraino joan behar zuela jakin zuenean, bitxiak saldu eta berarekin egin zuen bidaia. Mayerrek jarri zion Hedy Lamarr ezizena eta AEBetara heldu zirenerako bazeukan kontratua. 30 filmetan parte hartu zuen, tartean “Sanson eta Dalila” ospetsua. Bigarren Mundu Gerran aliatuei lagundu nahi izan zien, eta helburu horrekin eduki zuen mezua frekuentziatan banatzeko ideia. Ideia patentatu eta armadari eskaini zioten, baina armadak ez zien zibilen patenteei kasu askorik egiten.
Hedy Lamarren ideia izan zen mezua zatitu eta frekuentzia desberdinetatik bidaltzea, etsaiak ez atzemateko
Nolakoak izan ziren bere azken urteak?
Pena pixka bat eman zidan, irakurri nuenez, ezkutatuta amaitu baitzuen. Oso barneratua zuen aurpegi eta gorputz polit bat bakarrik izan zela, eta bere familiakoek esaten zuten zahartzen joan zen heinean jada ez zela hain polita. Hortaz, bere buruaz lotsatzen zen eta etxean sartuta bukatu zuen. 2000. urtean hil zen, Floridan, 86 urterekin.
Berak patente bat egin zuen. Zuk bi dituzu.
Ordenagailu batek ikustea, irudi edo bideo batean zer dagoen ulertzea da nire betiko helburua. Gure begiekin eta burmuinarekin ikusten duguna ikustea. Horretarako, datu meatzaritza erabiltzen dut. Datu meatzaritza datuetatik ondorioak ateratzen saiatzen da, datuetatik ikasten era automatiko batean. Adibidez, jokalariak badaude leku berde batean, mugitzen ari badira, baloi bat badago… esan dezakegu futbol partida bat dela.
Zeren ingurukoak dira zure bi patenteak?
Batek frontoi batean kamera bakar batekin detektatzen du non egiten duen bote lurrean pilota batek, marra barnean edo kanpoan gelditu den ikusi eta behar diren erabakiak hartzeko. Erabili zen eta telebistan agertu zen partida batzuetan, baina gaur egun ez da baliatzen, apustuak daudenez arazoak egon zirelako bertako epaileekin. Ez zitzaien gehiegi gustatzen sistema [barrez]. Berrikuntzak sartzen direnean aldekoak eta kontrakoak daude, futboleko VAR sistemarekin eta teniseko belatzaren begiarekin bezala. Bigarren patentea bideo batean iragarkiak aurkitzeko da. Adibidez, telesail batean pertsonaia batek Coca-Cola bat edaten duenean detektatzeko. Nik uste ez dela inoiz erabili.
Zer ikertzen ari zara orain?
Biriketako minbiziaren irudiak aztertzen ari gara, tratamendua eta gero tumorea hobera doan ikusteko. Irudietatik medikuei lagun diezaieketen ondorioak ateratzeko. Bestetik, robotikan, bideoetan ekintzak detektatzen ari gara. Industria 4.0-n ere ari gara, lantegietan gertatzen dena grabatu eta aztertzen, erabakiak hartzen laguntzeko, mantentze prediktiboan. Adibidez, pieza batekin gertatzen ari dena grabatzen ari zarela atzeman dezakezu pieza hori apurtu egingo dela eta aldatzeko eska.