Egun luzeak izan dira azken hauek Bera aldean, toki desberdinetan piztutako bi suk haizearekin indarra hartu eta triskantza handia sortu baitute mendian. Udalak garrak itzaltzen eta bertzelako lanetan aritu diren guziei eskerrak eman dizkie, kaltetuei «elkartasuna eta babesa» azaldu die, eta sua zeinek piztu zuen jakiteko laguntza eskatu die herritarrei.
«Larunbat goizean, 9.30 aldera, Montoia edo Sarralla inguruan, norbaitek zerbait susmagarria ikusi bazuen, udaletxean horren berri ematea eskertuko genuke. Hagitz garrantzitsua da», azpimarratu du ohar batean.
Bertan, «ahalik eta erantzunik azkarrena emateko lanean aritu ziren suhiltzaileei eta babes zibileko eta Gurutze Gorriko langile guztiei» esker ona agertu die. Eta, «bereziki, Berako suhiltzaile boluntarioei eta laguntzeko prest agertu zen herritar orori». «Bertze behin, momentu zailenetan elkar laguntzeko daukagun prestutasuna gelditu zen agerian», txalotu du.
Aziendarentzako janaria eta botikak biltzen
Asteburuko suteak askotariko ondorioak ekarri ditu. Horietako bat aziendak mendian bazkarik gabe gelditu izana da, aunitz zaurituta, gainera. Horregatik, jana eta botika biltzen hasi da Berako Udala.
Jateko, pentsua, belarra eta fruta jaso nahi ditu. Botiken kasuan, zaurientzat berbena belarra, erredurentzat kalendula, bardana sanjuanera eta aztunpa, baita betadine eta gasak ere. Lagundu nahi dutenek herriko etxera eramaten ahal dituzte.
Ikerketan berririk ez momentuz
Nafarroako Foruzaingoa sutearen jatorria ikertzen ari da, baina, astearte honetan eman duen prentsaurrekoan behintzat ez du nobedaderik azaldu. «Ikerketa ildo guztiak zabalik» dituztela adierazi du suak piztu ziren tokia aztertzen hasi den taldeak.
Bitartean, kaltetuen salaketak biltzen ari dira. Oraingoz, hondatutako bi bordaren eta hildako animalien berri jaso dute. Horiei basoko kalte itzelak gehitu behar zaizkie, zehatzago baloratu behar direnak.