Asier Aiestaran

Baiko Pilotako bikoteek zail ikusten dute lehen bi postuetan sartu ahal izatea

Olaizola II-Rezusta eta Peña II-Albisu, Baiko Pilotako bi bikote onenak orain arte bosna punturekin, ostiral gauean neurtuko dira Larrabetzun. Gaur goizean izan dira bertan pilotak aukeratzen eta, ezinezkoa ez dela jakin arren, aurretik dituzten aurkariak harrapatzea zaila izango dela onartu dute.

Gaur Larrabetzun eta Markinan egindako aukeraketen irudiak. (BAIKO PILOTA)
Gaur Larrabetzun eta Markinan egindako aukeraketen irudiak. (BAIKO PILOTA)

Binakako Txapelketaren lehen faseko bederatzigarren jardunaldia ostiral gauean hasiko da Larrabetzuko pilotalekuan. Bertan, orain arte Baiko Pilotako bi bikote onenak izan direnak neurtuko dira: Olaizola II-Rezusta eta Peña II-Albisu. Biak bost punturekin berdinduta daude sailkapenean, hirugarren eta laugarren postuan aurretik dituzten bikoteekiko bi garaipenera. Tartea ez da ikaragarria, baina gaurko aukeraketan onartu dutenez, zail ikusten dute haiek harrapatzea.

«Errealista izan behar dugu. Hasieratik gure helburua aurreneko sei bikoteen artean srtzea zen eta horren bila goaz. Lehen bi postuak borrokatzeko aukera baldin badaukagu hobe, baina ez diogu asko begiratzen horri, oraingoz goian dauden bikoteak oso maila altuan jokatzen ari direlako», adierazi du Jon Ander Peñak.

Antzeko hitzak egin dituzte Olaizolak eta Rezustak ere, garrantzia sei onenen artean sartzeari emanez. «Beste punturen bat azkar lortzea ona litzateke lasaiago egoteko, baina ematen du kanporaketak jokatzea ongi bideratuta daukagula eta hori da garrantzitsuena. Gero ikusiko dugu zeinen aurka lehitzea egokitzen zaigun», iritzi dio Beñat Rezustak.

Ostiralekoari begira, Bergarako atzelariak Peña eta Albisuren arriskua nabarmendu du: «Kontuan hartzeko bikotea da. Orain arte partida guztietan borrokan egon dira eta zaila izango da kontra egitea. Aurreneko itzulian guk lortu genuen irabaztea, baina borroka asko eginda eta juxtu-juxtuan. Ea partida ona egiten dugun. Azken asteotan sentsazioak ez dira txarrak izan eta horri eutsi behar diogu».

Rezustak aipatzen duen neurketa hori Eibarren jokatu zen bigarren jardunaldian eta 22-19 irabazi zuten. Orduan Olaizola eta Rezusta oso faborito jotzen ziren oraindik, baina Peñak eta Albisuk erakutsi duten mailarekin orain pronostikoa ez da horren garbia.

«Beñatek jotzen duenean abiadura handiarekin etortzen da pilota eta zaila izaten da sartzea. Lehen itzulian sufritu genuen eta ea oraingoan aurre egiten diogun», aipatu du Peñak Rezustaren pilotakadei buruz galdetuta. Izan ere, astelehenean Ataunen jokatu zuen neurketan asko sartu zen, lotsagabe jokatuz.

«Asko arriskatu nuen, baina nire jokatzeko modua da. Defentsan aritzeko baina ezaugarri hobeak ditut erasoan jokatzeko. Zorionez ongi irten zen», aitortu du aurrelari tolosarrak, ostiralean aurkariek oso opari gutxi egingo dizkiotela jakitun.

Beste aukera bat Bengoetxea eta Arangurenentzat

Baiko enpresako beste bi bikoteak, Urrutikoetxea-Imaz eta Bengoetxea VI-Aranguren, Markinan neurtuko dira larunbat arratsaldean, eta partida horretarako material aukeraketa ere gaur eguerdian egin dute.

Kasu honetan, Oinatz Bengoetxea –Artolaren ordezko– eta Aitor Aranguren dira txapelketan bizirik jarraitzeko bai ala bai irabazi beharra daukatenak. Galtzen badute Urrutikoetxeak eta Imazek laugarren puntua eskuratu dute eta bien arteko tartea hirukoa izango da bost jardunaldiren faltan.

«Lehen aldia da Markinan jokatzen dudana. Frontoi polita da, baina ohikoa baino handiagoa, bai zabalean eta bai luzean. Uste dut hasieran behintzat tanto gogorrak jokatu beharko ditugula», nabarmendu du Arangurenek Baikok jasotako adierazpenetan.

Mikel Urrutikoetxeak, bestalde, beraientzat ere puntua ezinbestekoa dela aipatu du: «Bi bikoteontzat partida garrantzitsua da, puntu garrantzitsua. Hasieratik erritmoa guk jartzen saiatu beharko dugu, beraiek agintzen badute oso bikote arriskutsua direlako».