NAIZ

‘Gernika’ obraren gaineko erreportajea grabatzen ari da Japoniako telebista

Munduko bigarren telebista kanal handiena den NHK Bs Premiun japoniarra Picassoren ‘Gernika’ obraren gaineko erreportajea grabatzen ari da. Bonbardaketaren inguruko testigantzak ere bilduko ditu. Telebista kate honek 130 milioi ikusletik gora ditu.

Japoniako telebista kateko langileak, Gernikan. (NAIZ)
Japoniako telebista kateko langileak, Gernikan. (NAIZ)

Japoniako bigarren kate publikoa, eta aldi berean mundu mailako bigarren telebista kanal handiena da NHK Bs Premiun telebista katea. Eta, Gernikako Udaletik jakinarazi dutenez, kate honetako ikusleek Picassoren ‘Gernika’ obra ikonikoa eta haren atzean dagoen historia ezagutzeko aukera izango dute berriki. Orotara, 130 milioi ikusletik gora ditu kate honek.

Motoko Namba, NHK Educationalen ekoizpen koordinatzaileak zuzenduko du aipatu dokumentala , East Enternainment ekoiztetxearen bidez, eta Malagako artistaren maisulanaren sorkuntzaren arrastoak filmatzeko plan sakon bat egiten ari da, Gernikako Udaletik azaldu dutenez. Gaineratu dutenez, Picasso Estatu espainolera itzuli zeneko 40. urteurrenaren karira egingo dute erreportajea.

Lantaldea bonbardaketarekin lotutako dokumentazioa biltzen ari da eta bizirik suertatu zirenen testigantzek ere izango dute lekurik lanean. Udaletik zehaztu dutenez, herriko naturgune eta hirigune ezberdinetan grabatzeaz gainera, Pasealekuko aterpeko irudiak ere hartu dituzte. Aterpe honek 10 metroko sakonera du eta 4 tunelez osatutako instalazio bat dauka, bertan pertsona asko babestu ziren.

Dokumentala Japonian emitituko da 2021ean, eta osorik ultra definizio handian grabatzen ari dira, 8K izenarekin ezagutzen dena, telebista kate honek bere programazio guztia ematen baitu kalitate horrekin. Zentzu honetan, kate publiko hau izan da munduan formatu honetan emititzen lehena.

NKHk 10.000 langiletik gora ditu eta, Japoniako telebista-kate garrantzitsuena izateaz gainera, Asiako irrati-difusioko erakunde publiko handiena eta munduko bigarren handiena ere bada, BBCk soilik gainditu baitu.