Joxean Agirrek ‘Distira eta alderantzia’ (Elkar) eleberria aurkeztu du. 1920ko Parisen kokatua, Belle Epoqueko glamourraren bestaldea erakusten digu, lantoki ilunetan arropa garestiak josten aritzen diren jostun apalen bizitza. «Nobela konbentzional bat bukatu eta hurrengoa hasi bitarteko» trantsizioko lana da, «sinpleagoa» baina «polita» eta «tonua nahiko ondo mantentzen duena».
Parisen gaude, 1920ko hamarkadan. Euskal Herriko baserri batetik heldu eta argazkilari bihurtu den Maria Garrastazuk, nostalgiak jota Luxenburgo parketik bere eguneroko itzulia ematen ari dela, neskato galdu bat topatuko du, igandetako soineko dotore bat jantzita. Neskatxak zuberotarrez hitz egiten du eta amari deika negarrez ari da.
Horixe da ‘Distira eta alderantzia’-ren abiapuntua, jada mainstream bilakatua den Kafkaren gertakari biografiko baten bariante bat, panpina galdu zuen neskatoarena. Parkeko neskatoaren ama topatu nahian emango dituzte hurrengo egun eta asteak. Eta bilaketa horretan, besteak beste, Belle Epoqueko glamourraren atzeko aldea ezagutuko dugu: ez goi mailako modaren diseinatzaile, modelo eta bezeroen bizitza, baizik eta lantoki ilunetan arropa garesti horiek josten aritzen diren jostun apalena.
Xabier Mendiguren Elkarreko editorearekin batera emandako online prentsaurrekoan, Agirrek aitortu du nobela konbentzional bat bukatu eta beste bat hasten den arte bazirela hiru, lau, bost hilabete berari deserosoak egiten zitzaizkionak. «Etxe aldaketa bat bezala, dena ezagutzen duzun etxe batetik ateratzen zarenean». Eta pentsatu zuen hobeki sentitzeko bide bat izan zitekeela «nobela sinpleagoak, historia kasik linealekoak, tartekatzea». Honek 72 orrialde ditu, nobela laburra da, arratsalde bateko irakurketa.
Trilogia bat buruan
«Trilogia bat izan behar duela dut buruan. Aurrekoan, ‘Ispiluak eta itsasoa’-n, nire amaren omenez, 17 urteko neska bat da protagonista, Zestoako bainuetxean lanean hasi eta Parisen bukatu zuena ispilu saltzaile bezala. ‘Distira eta alderantzia’ haren jarraipena da, azaldu du idazle eta kazetari zarauztarrak.
Beste aitortza bat ere egin du: «Bi liburuok badute pedagogia bat, atzera egiten didana, baina hauetan atera zaidana: mundua aldatu nahi duen jendearekiko miresmen bat, apologia bat».
Gai gehiago ere agertzen dira; euskal migrazioa kasu. Parisen bizi diren euskaldunek, ia denak zuberotarrak, elkarte bat dute. Argazkilaritza ere azaltzen da, Agirreri beti gustatu izan zaiona. Eta nobela bidaia batekin bukatzen da: Paris-Altzürükü.
Trilogiako hirugarren nobela «erdi egina» dauka dagoeneko.