NAIZ

Azkainetik Hendaiara emazteen zein migranteen bizipenak zapiekin lotuz

Aurtengo Nazioarteko Ekintzaren bidez, migrazio politikak gogor salatu nahi ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Larunbatean Azkaine eta Hendaia artean zapiak bilduko dituzte martxoaren 6n mugan ezarritako hitzorduari begira.

Astean zehar larunbatean eginen duten ekimena prestatzen jardun dute emazteek. (NAIZ)
Astean zehar larunbatean eginen duten ekimena prestatzen jardun dute emazteek. (NAIZ)

Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzaren prestaketetan buru-belarri dabiltza.

Otsailean hasi eta martxoaren 6an Hendaia eta Irun arteko mugan bukatuko dute Nazioarteko V. Ekintzaren ibilbidea.

Leku aproposa da aurtengo leloari garrantzi gehiago emateko: «Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!».

Hitzordua ailegatu baino lehen, motorrak berotze aldera, hitzordu berezia prestatu dute otsailaren 27an, larunbatarekin, Azkaine eta Hendaia artean.

Otsailaren 11n ekimenaren aurkezpen ofiziala egin zuten Bilbon.

«Mugak, migrazio politikak eta transnazionalak sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista eta kolonialaren tresnak dira», salatu zuen Ainhoa Olasok agerraldian. Problematika horren parean, «sistema arrakalatzeko» beharra azpimarratu zuen, hain zuzen.

Aurtengo Nazioarteko Ekintzaren bidez, migrazio politikak gogor salatu nahi ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak.

Itziar Varela, Hendaiako Bagera elkarteko kideak Kazeta.eus atarian deitoratu duenez, «egunero jendea arriskuan ematen da bizi berri bat lortzeko eta pobreziatik atera ahal izateko. Askotan emazteak dira». «Guztion ardura da. Arazo horri ikusgarritasuna eman behar diogu», gehitu du Varelak.

Buru-belarri lanean

Otsailaren 20az geroztik, Euskal Herriko hainbat herritan dabiltza emakumeak martxoaren 6ko hitzordua prestatzen.

Ildo horretatik, iragan asteetan formakuntzak proposatu zituzten sarean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, erran bezala, larunbat honetan elkartuko dira Emakumeen Mundu Martxako parte-hartzaileak.

Aste osoan zehar zapiak prestatzeko lanetan ibili ondoren, larunbatean, goizeko 10.00etan, Azkainen ekitaldi bat prestatu dute herriko plazan. Handik, Donibane Lohizunetik pasa ondotik, Urruñan geldialdi bat eginen dute 11.30ak aldera. Biriatutik igaro ondoren, Hendaiara ailegatuko dira martxako ordezkariak 12.00etan. Ekimena eginen dute Avenida zubian.