Benetan birziklatzen al dira edukiontzi horira botatako hondakinak?
Birziklatzea hondakinak erraustea edo zabortegira bidaltzea baino hobea da, baina eredu ekonomikoa bera da aldatu behar dena hondakinen arazoari aurre egiteko. Sortutako hondakinak jatorrian murriztea, alegia. Benetan birziklatzen dira edukiontzi horira botatzen ditugun hondakinak?
Hondakinak birziklatzeaz gain, hiriko edukiontziek beste bi funtzio izan dituzte azken egunotan. Batzuek jasaten duten zapalkuntza ikusarazteko erabili dituzte. Beste batzuek, aldiz, fokua biolentzia estruktural larriagoetatik aldentzeko. Dena dela, hiri-altzari hauen suntsiketak asko arduratu ditu sektore batzuk. Asko airatu ez arren, birziklapen eta hondakinen kudeaketa egokiarekin oso konprometituta daude, antza.
Hitz egin dezagun birziklapenaz, orduan. Benetan birziklatzen al dira LaSexta-ko tertuliano batek astero zintzo-zintzo edukiontzi horira botatzen dituen hondakinak?
Ekoizlea eta kudeaketa sistemak
Enpresa batek hondakinak sortzen dituen produktu bat merkaturatzen duenean, horren bilketa eta kudeaketaz arduratuko den erakunde bati tasa bat (Puntu Berdea) ordaindu behar dio (enpresak berak ez badu lan hori egiten). Tasa hori, noski, kontsumitzaileak ordaintzen du produktuaren prezioaren barne. Honi “ekoizlearen erantzukizun zabaldua” deritzo. Hau da, ekoizlearen edo merkaturatzailearen ardura da hondakina era aproposean kudeatuko duen erakundearen lana finantzatzea.
Erakunde horiek, “kudeaketa sistema integratu” izena hartzen dutenak, irabazi asmorik gabeko entitateak dira, hondakin zehatz baten ekoizpen, merkaturatze, bilketa edo kudeaketan parte hartzen duten enpresek osatutakoak. Ecovidrio, adibidez, beira ontziak ekoitzi, merkaturatu eta kudeatzen dituzten enpresek osatzen dute, eta bere lana hondakin horien bilketa eta kudeaketa burutzea da. Beste adibide ezagun batzuk Ecopilas (pila eta bateriak), SIGRE (medikamentuak) eta Ecoembes (plastiko, metal eta paper/kartoizko ontziak) dira.
Ekoitzi-bota-(birziklatu) prozesuan oinarritutako edozein eredu ekonomikok kaltea eragiten du ingurumenean. Erabili ostean botatzeak beste produktu bat ekoiztea eskatzen du. Ez dago etengabe ale berriak fabrikatzen egoteko lehengairik. Gainera, birziklatzen dela suposatzen badugu ere, prozesu horrek berotegi efektu gasak isurtzen ditu, eta kasu gehienetan ez da lortzen aurreko kalitate berdineko materiala berreskuratzea.
Horregatik dago birziklapena hain behean ezagutzen dugun hondakinen kudeaketa hierarkian. Birziklatzea hondakinak erraustea edo zabortegira bidaltzea baino hobea da, baina eredu ekonomikoa bera da aldatu behar dena hondakinen arazoari aurre egiteko. Sortutako hondakinak jatorrian murriztea, alegia.
Noski, horrek ez du esan nahi birziklatu behar ez dugunik. Plastikozko ontzi bat edukiontzi horira botatzeak hura errausteak edo zabortegira bidaltzeak baino kalte gutxiago eragiten du, eta lehengai gutxiago kontsumitzea ale berrien ekoizpenean.
Birziklapen prozesua
Kontsumitzaileok gaikako bilketako edukiontzietan utzitako hondakinak udal zerbitzuek batu eta klasifikazio instalazioetara garraiatzen dituzte. Bertan, hondakinak pisatu eta sailkatu egiten dira. Kudeaketa sistema integratuak jasotako kilogramo bakoitzeko ordaindu egiten dio udalari (biltze lana azpikontratatzen duela esan daiteke), eta jasotakoa birziklapen enpresei saltzen die, non hondakin horiek ale berriak bihurtzen diren.
Puntu Berdearekin merkaturatu diren ontzi guztiak kontuan hartuta, birziklatzera bidalitako kantitatearekin kalkulatzen da birziklapen tasa. 100 ontzi merkaturatu badira eta 70 jaso eta birziklatu, hondakin horren birziklapen tasa %70ekoa da.
Hori da kudeaketa sistema integratuek aitortzen duten birziklapenaren eredua. Ikus dezagun ea egia den.
Ecoembes-en gezurrak
Ecovidriok beira bakarrik kudeatzen du, eta ez da hain ohikoa bere edukiontzietan hondakin ezegoki asko aurkitzea. Gainera, beiraren ia %100 birzikla daiteke kalitate askorik galdu gabe. Berdin gertatzen da pilak, medikamentuak, gailu elektronikoak, etab. kudeatzeaz arduratzen direnen kasuan. Jasotako bolumena ez da hain handia, eta kudeatu beharreko materialek irteera erraza dute birziklapen enpresen artean.
Ecoembesi, aldiz, kontrakoa gertatzen zaio. Edukiontzi horian jasotako hondakinek hiri hondakinen frakzio handia hartzen dute, eta ontzietako askok ez dute merkatu baliorik. Horrek esan nahi du ontzi asko, saldu beharrean, enpresaren batek kudeatzeko ordaindu egin behar duela. Hau da edukiontzi horiari atxikitzen zaion lehen arazoa: uzten den guztia ez dela birziklatzen.
Koloretako PET botilak edo jogurt bat baino txikiagoak diren plastikozko ontziak birziklatzea ez da ekonomikoki errentagarria eta, beraz, birziklapen instalazioek ez dituzte onartzen. Ecoembesentzat merkeagoa da material horiek erraustegietara edo zabortegietara bidaltzea birziklapen enpresek jasotzeko ordaintzea baino. Bestalde, brikerako ontzien kasuan, material birziklagarriz osatzen diren arren, ez dago aluminio eta plastikoz eratutako kapak banatzeko teknologiarik (ontziaren %25 direnak).
Hortaz, edukiontzi horira botatzen diren ontzi guztiak birziklatzen direla gezurra da. Ohikoa da zabortegietan Puntu Berdea duten plastikozko ontziak aurkitzea. Berez, Gobernuaren arabera, Estatuan ekoitzitako plastikoen %44 zabortegietara bidaltzen da.
Beste batzuetan, ordea, hondakin hauek Asiako hego-ekialdeko herrialdeetara bidaltzen dira, diru apur baten truke arazoa haiei helarazteko (2018an Thailandiak plastikoz betetako bost itsas edukiontzi itzuli zizkion Espainiari).
Halere, edukiontzi horian jasotako hondakin guztiak birziklapen tasan kontuan hartzen dira, birziklatu ez arren. Ecoembesek edukiontzien pisua erabiltzen du kalkulua egiteko. Bere esanetan, Estatuko plastiko, brik eta metalezko ontzien birziklapen tasa ia %80koa da. Hau da, 100 ontzi merkaturatzen badira, jasotakoen pisua 80 ontziren baliokidea da. Berdin dio ondoren plastikoaren zati bat birziklatzen ez bada edo zuzenean edukiontzietan telebista bat aurkitzen badu. Greenpeacek benetako tasa %30 inguruan egon daitekeela uste du, Ecoembesek era eraginkorrean birziklatzea lortu duen kantitateari buruz inoiz informatzen ez badu ere.
Kudeaketa sistema alternatiboak
Kudeaketa sistema integratuez gain, ontziak ekoitzi eta merkaturatzen dituzten enpresek beste aukera bat dute horien hondakinen ardura hartzeko: Gordailu, Berreskurapen eta Itzulera Sistemak (SDDR gaztelaniaz). Horietan, kontsumitzaileak ontzia erostean ordaindutako tasa berreskuratzen du, hondakina horretarako prestatutako puntu batean itzultzean. Horrela, ontzi berrerabilgarri gehiago kontsumitu eta ekoizpen katera itzuli ahal dira, eta erabilera bakarrekoen kasuan, jatorrian hobeto bereiziz birziklatze tasa handiagoak lortzen dira (Eskandinavian %95etik gorakoak).
Halere, esan dugun moduan, Ecoembes ontziak ekoitzi, merkaturatu eta kudeatzen dituzten enpresek eratzen dute, eta ez zaio komeni gero eta ontzi gutxiago ekoiztea ahalbidetuko duen sistema baten alde egitea. Ecoembesek ez du irabazi asmorik, baina bera osatzen duten enpresek bai. Ecoembes da Estatuan sistema honen kontra indar gehien egiten duen eragilea.
Ondorioak
Kontsumitzaileon erantzukizuna da jatorrian erabiltzen ditugun hondakinak ondo bereiztea, baina badugu eskubidea horiek ondo kudeatzen direla bermatzen duen sistema bat aldarrikatzeko ere. Birziklatu, baina ez sinistu erakunde hauek ingurumenaren defentsarako GKEak direla helarazten duten iragarkiak. Ezta ere, bide batez, edukiontziez beste biolentzia bortitzago batzuk estaltzeko bakarrik hitz egiten duten saioak ere.