Maitane Aldanondo

Osasuntsu jateko ohiturak lantokira eramateko laguntza

Otorduren bat enpresan egin behar dutenei egoki elikatzea errazteko xedez, bi ekintzaile gipuzkoarrek Vluber sortu dute. Sukalde lana, banaketa eta aholkularitza nutrizionala batzen dituen plataforma honen bidez, erabiltzailearen gustuei zein beharrei egokitutako jakiak prestatzen dituzte.

Breixo Conde eta Martin Berridi Vluber enpresaren sortzaileetako bat eta komunikazio arduraduna dira, hurrenez hurren. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Breixo Conde eta Martin Berridi Vluber enpresaren sortzaileetako bat eta komunikazio arduraduna dira, hurrenez hurren. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Elikadura zaindu eta osasungarri jateko joera hazi egin da azken urteotan. Etxean hala jokatzen dutenek, oztopoak izan ditzakete otorduren bat lantokiko jantokian egin behar dutenean. Aukera hori barneratzen laguntzeko asmoz, Breixo Conde eta Nuño S. Urrea elgoibartarrek Vluber enpresa sortu dute. Platerak prestatu eta hotzean banatzeaz gain, osasuntsu jateko aholkuak ematen dizkiete erabiltzaileei.

Conde sukaldaria da eta eskarmentu horretatik bururatu zitzaion hasierako ideia. «Gero eta jende gehiago kontzientzia hartzen ari da elikaduraren inguruan, baina enpresetan jangela edo catering bat badago, nahitaez hori jan behar dute. Ikusi genuen ohitura osasuntsu horiek enpresa barruan bultzatzea bageneukala». Sorburuan zerbitzua etxeetara bideratu nahi zuten, bidean, ordea, IeTeam aholkularitza enpresa batu zitzaien, «proiektuan sinetsi zuten», eta hori giltzarri izan da egitasmoaren garapenean. 2019an negozio nahiz bideragarritasun planak prestatuta jabetu ziren inbertsio askoz handiagoa behar zutela norbanakoekin aritzeko enpresekin lan egiteko baino; eta, aldi beren, komertzialki «errazagoa» zitzaiela  haiei zuzentzea lehenik.

Urte hartako Eguberrietan eratu zuten elkarte mugatua, Ermuko Izarra Centren du egoitza. 2020an, izurritea dela-eta, ezin izan zuten merkatura irten, beraz, plataforma hobetzean jarri zuten indarra. Uda ondoren hasi ziren bezero bila Bizkaian zein Gipuzkoan, eta, jada, bost dituzte, Gamesa Gerabox edo Hadimek, kasu. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak ideiari «potentzialitatea» ikusi eta dirulaguntza bat eman zien.

Neurrira eginda

Vluber banaketa zerbitzua duen jaki plataforma pertsonalizatua da, erabiltzailearen gustuei eta beharrei egokituta prestatzen dituzte otorduak. Horien berri izateko, langileak galdetegi bat bete behar du bere kontsumo ohitura, alergiak, egiten duen ariketa fisikoa... zehaztuz. Profila sortuta, plataformak adimen artifiziala baliatuko du bakoitzaren neurrira egindako menuak nahiz aholkuak proposatzeko. Hala, «bezeroak jakingo du zer jaten ari den, zergatik, eta zer aholkatzen diogun», zehaztu du enpresako komunikazio arduradun Martin Berridik.

Jatekoak Zestoan prestatzen dituzte eta erabilitako osagaien %80 bertako produktuak eta sasoikoak dira. Sukalde kontuez, itxialdiaren ondoren batu zitzaien alorreko kolaboratzaile bat arduratzen da. Errezetak, berriz, mediku eta psikonutrizionistekin egindako lanaren emaitza dira. Hainbat profesionalengandik informazioa bilduta, Harvard platera delakoa hartu dute oinarri: erdia, barazkiak dira; laurden bat, proteina; eta beste laurdena, zerealak edo lekaleak. Horren 400 gramo nahikoa dira ase eta lanean jarraitzeko nekea sentitu gabe. Hala ere, ikusi dute gorpuzkera eta kirol ohituren arabera batzuetan ez dela nahikoa, eta horri erantzuteko bideak aztertzen ari dira: bigarren plater bat, fruta edo jogurta gehitu...

Enpresa bakoitzak bere berezitasunak dituenez, horiek kontuan hartuta diseinatzen dute plana, eta zerbitzua bezero potentzialei erakusteko elkarrekin bazkaltzen dute. Pandemiak horretarako oztopoak ekarri badizkie ere, aldi berean, negozio aukerak ere ugaritu ditu, hotzean banatzen baitute janaria eta beroan baino seguruagoa da. Gehiago jakin edo probatu nahi dutenak enpresaren webgunearen bidez –www.vluber.com– harremanetan jartzera gonbidatu dituzte.       

Duela lauzpabost hilabete hasi dira lanean eta 120-140 erabiltzaile dituzte. Urtebetean 1.000 izatea nahi dute, baita Euskal Herrian Vluber ezagutaraztea ere. Horrez gain, plataforma hobetzen eta osatzen joango dira hilero, bi hilabetean behin erabiltzaileei egingo dizkieten inkestetan oinarrituta. Esaterako, errezeta osasungarriak edo erronkak proposatuko dizkiete ohiturak barneratzen laguntzeko. Izan ere, tresnaren balio nagusia jarraipen nutrizionala egiten duela da eta erabileraren bidez, ikasi. Taldea ere zabaldu nahi dute, egungo laukoari programatzaile edo nutrizionista bana gehituta.

Pausoak argi ditu Condek, eskarmentua baitu alor honetan. Eskola amaitu eta segituan abiarazi zuen lehen negozioa eta gerora beste batzuk etorri dira, oraingorako erabilgarri zaizkion gauzak ikasteko balio izan diotenak. Hala, ekintzailetza bizimodu bilakatu zaio. «Egia esan, nire burua ez dut planteatzen enpresa batean sartuta, beste pertsona batentzat lan egiten», onartu du. Aste onak eta txarrak ditu, baina jada ohitu da. «Niretzat normala da horrela bizitzea».