Satevi indarkeriaren biktima diren emakumeei telefono bidezko arreta emateko zerbitzuak (900 840 111) jarduketa-protokoloa aldatu zuen 2020ko konfinamenduko hileetan. Hala egin zuen, erasotzailearen aurrean deitzen zuten emakume biktimek monosilaboekin erantzun ahal izateko, haien deiaren motiboaren zantzurik eman gabe. Horretarako, elkarrizketa klabea sortu zen, zuzeneko erantzunak errazteko; protokoloak aktibo jarraitzen du, antzeko egoeretarako.
Hori da Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasuneko sailburuak eta Oiane Zarate zerbitzuko koordinatzaileak Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin batera prentsaurrekoan aurkeztu duten nobedadeetako bat. «Bagenekien 900 840 111 funtsezko zerbitzua zela, baina, ia dena gelditu zen hileetan, egokitzeko izan zuen gaitasuna ezinbestekoa izan zen», esan du Artolazabalek.
Oro har, emakumeek zerbitzura egoera egokian daudenean jotzen dute. Dei gehien jasotzen den asteko eguna astelehena izaten da; izan ere, «orduan utzi dituzte emakumeek seme-alabak eskolan eta orduan ez dago erasotzailea haien alboan». Konfinamenduan, une horiek desagertu egin ziren, «eta egun guztiak ziren berdinak».
Zehazki, martxoa eta maiatza bitartean 830 emakumek deitu zuten 900 840 111 zenbakira, eta horietatik 422 erasotzailearekin bizi ziren bitartean, «batzuek erasotzailea erosketa egitera edo zaborra ateratzera irten zela aprobetxatu zuten». Gainera, beste 408 emakumek indarkeria edota mehatxuak jasaten zituztela ohartarazi zuten, nahiz eta erasotzailearekin etxebizitza ez partekatu.
Sailburuak honako hau nabarmendu du: «Edozein emakume izan daiteke indarkeria matxistaren biktima». «Gizon horiek emakumeen gainean indarkeria baliatzen dute, gizonak direlako eta besteak emakumeak direlako», azpimarratu du.
2020ko balantzea
Iaz, Satevik 2.674 dei jaso zituen, guztira 1.961 eskatzaileren eskutik. Dei horien jatorriari begira, %55 Bizkaikoak izan ziren, %26 Gipuzkoakoak eta %16 Arabakoak. Gainera, deien %3 EAEtik kanpokoak izan ziren, gehienak EAEn bizi diren biktimen pertsona hurbilen eskutik.
Arreta jaso zuten 1.961 pertsonetatik 1.322 indarkeria egoeran dauden emakumeak eurak izan ziren. 468 biktimen hurbileko pertsonak izan ziren, eta 171, profesionalak. Arreta jaso zuten emakume guztietatik 13 haurdun zeuden arreta jaso zuten unean, eta guztiak ziren bikotekideak edo bikotekide ohiak gauzatutako indarkeriaren biktima.
Arreta jaso zuten kasu guztietan tratu txar psikologikoko zantzuren bat antzeman zen, eta 596 kasutan tratu txar fisikoa ere izan zen (%48,10), 374 kasutan tratu txar ekonomikoa (%30,19) eta 95 kasutan tratu txar sexuala (%7,67). Azken hori dela eta, kontuan izan behar da datuaren erlatibotasuna; izan ere, biktimek ikusarazteko zailen duten tratu txar mota da.