Garraiolari bat zendu da Azpeitian, metalezko hodien zama gainera erorita

Lan istripu baten ondorioz 50 urte inguruko garraiolari bat zendu da Azpeitian. Kamioian zeraman metalezko hodien parte bat gainera erori zaio eta bertan hil da.

Lan istripuen kontrako protesta bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Lan istripuen kontrako protesta bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lakuako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, istripua arratsaldeko 15.15 aldera gertatu da, Azpeitiko Amue kalean kokatuta dagoen Mendiaraiz enpresan, behargina kamioia deskargatzen ari zela.

Une horretan, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik, garraiatzen ari zen metalezko hodien karga askatu eta langileari gainera erori zaio. Bertan zendu da. 

Anbulantzia bat bertaratu da, baina osasun-langileek heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. 

ELA sindikatuak adierazi duenez, 50 urte inguruko gizon bat da hildakoa, Bidean Garraioak enpresako langilea, eta aipatu Mendiaraiz enpresa deskargatzen ari zen.

2021. honetan lan istripuz hil den bederatzigarren behargina litzateke gaurkoa.

Ohar batean, zendu den beharginaren senide eta lagunei elkartasun eta babesa adierazi die ELAk eta «beste behin» prekarietatea salatu dute: «beste behin ere, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe eta prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi prekarietate hau da eta tamalez, ondorio lazgarri hauek ditu». 

Hori dela-eta, Lakuari eskatu dio «berehalakoan» har ditzala prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak.

Azpeitiko ezbehar hau gainera, ez da ostiral honetan gertatutako lan istripu larri bakarra izan; izan ere, 39 urteko langile bat larri zauritu da Carcarren (Nafarroa), teilatu batetik erorita.