NAIZ

Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztu die EH Bilduk

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die EAJ eta PSEk Gipuzkoako Aldundian aurkeztutako aurrekontuei. «Ez dute norabide politiko eta ekonomikoa aldatzeko asmorik», adierazi du Juan Karlos Izagirrek.

Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Gipuzkoako Batzar Nagusietan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Gipuzkoako Batzar Nagusietan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Gipuzkoako Aldundiak aurkeztutako aurrekontuei. «Ez diete erantzuten sortu diren premiazko beharrei, ez dute norabide politiko eta ekonomikoa aldatzeko asmorik, eta ez duzue EH Bilduk pasa den abenduan egindako proposamena kontuan hartu», adierazi du Juan Karlos Izagirrek, koalizioaren bozeramaileak, Batzar Nagusietan egin den aurrekontuen inguruko Osoko Bilkuran.

«Foru gobernuaren aurrekontu proposamena guztiz kontinuista da, aurreko urteetakoaren jarraipena. Besterik ez. Horregatik aurkezten dugu osoko zuzenketa», azaldu du.

Koalizioak, abenduan politika sozialetan 100 milioi euroko igoera proposatu zuen. «Aldundia 19 milioitan gelditu da. 28, Adinberrirako aurreikusitako 9 milioiak kontutan hartzen baditugu», adierazi du Izagirrek. Horiei, «zaintza-sistema duintzera» bideratutako 72 milioi gehitzea proposatu du berriz ere.

Bestetik, «sektore ekonomiko kaltetuenei laguntzeko 50 milioi euroko funts bat» proposatu zuen eta Foru Gobernuak «8 milioi besterik ez ditu aurreikusi». Izagirreren hitzetan, «42 milioi gehiago beharko lirateke sortuko diren beharrei erantzuteko».

Bestetik, «diru sarrerak berrikustearen beharra» ere gogorarazi du Izagirrek. «Krisi garai batean, oraingoan gertatu den bezala, diru sarrerak gutxitu egiten dira eta, zerbitzuak mantendu ahal izateko soberakinak eta zorpetzea izaten dira errekurtso ohikoenak. Guk garbi daukagu bi hauek erabili behar direla, baina beste bi hauek ere: beharrezkoak ez diren edo atzeratu daitezkeen proiektuak eta gastuak alboratu edo murriztu, eta politika fiskaletan aldaketak eginez gehiago bildu».

EH Bilduren iritziz, «badago dirua egin beharreko aldaketak egiteko, norabide berrian urrats berriak emateko, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko». Aldiz, Gipuzkoako Aldundiak aurkeztutako aurrekontuekin «betikoan jarraituko dugu».

Elkarrekin Gipuzkoak ere aurkeztu zuen

Elkarrekin Gipuzkoa taldeak ere osoko zuzenketa aurkeztu zuen EAJ-PSEren aurrekontuen kontra, «pandemia ahaztu eta krisi aurreko planei eutsi» egiten dielako.

Aldundiaren aurrekontu egitasmoak, hauen arabera, «ez die herrialdearen benetako beharrei erantzuten eta beste behin gutxi batzuen mesedetan egin dira, gehiengo sozialaren kalterako».