Distantzia Luzeko Euskadiko Txapelketa igande goizean jokatuko da Legution. Estropada 11.30ean hasiko da eta hiru maila desberdin egongo dira: beteranoak, emakumezkoak eta gizonezkoak.
Proba beteranoen estropadarekin hasiko da eta maila horretan sei traineruk hartuko dute parte: Badok 13 (Zarautz), Bilbo Beteranoak, Fortuna, Iberia (Sestao), Mundaka eta Plentzia. 4.000 metroko ibilbidea bete beharko dute, bi luze eta ziaboga bakarrarekin.
Ondoren izango da emakumezkoen txanda, distantzia berdinarekin. Maila horretan zazpi ontzik eman dute izena: Deusto, Kaiarriba, Hondarribia, San Juan, Orio, Tolosa eta Zarautz. Iaz Donostiako Kaiarriba elkarteak irabazi zuen urrezko domina.
Eta azkenik gizonezkoen txanda izango da, hauek 6.000 metroko ibilbidearekin. Guztira 11 traineruk hartuko dute parte txapelketan, izen handiak tartean: Arkote, Deustu, Hondarribia, Getaria, Kaiarriba, Mutriku, Ondarroa, Orio, San Juan, Zarautz eta Zierbena. Hain zuzen, Zierbenak irabazi zuen lehiaketa iaz.
Txapelketaz kanpo, lau elkartetako B ontziek ere arraun egingo dute igandean: Deusto, Kaiarriba, Orio eta San Juan. Pandemiak hala behartuta, estropadara bertaratzeko antolatzaileen baimena beharko da.
Batelak ere martxan
Bizkaiko Batel Liga ere asteburu honetan ipiniko da martxan. Jardunaldi bikoitza izango dute Sestaoko La Benedicta kaian, larunbatean 15.30ean hasita eta igandean 11.30ean. Pandemiaren erruz, kadete, jubenil eta senior mailan bakarrik egingo dira estropadak, mutil zein nesketan, eta normalean ikusleak biltzen diren pasealekua itxita egongo da.
Gipuzkoan, iganderako aulki mugikorreko ligaren lehen jardunaldia dago iragarrita, 09.00tan Orion.