Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Remigia Echarren, XIX. mendean zerua zimikatu zuen funanbulista iruindarra

Remigia Echarren Aranguren (Iruñea, 1853-1921), Mademoiselle Agustini edo Argako Erregina. Funanbulista sonatua, herritar asko liluratu zituen sokaren gainean egiten zituen akrobaziekin. Hil zela ehun urte bete dira, aparteko emakume iruindarra ezagutzeko eta gogoratzeko une aproposa.

Tefi de Paz Remigia Echarreni buruzko ikerketa egiten ari da (Jagoba MANTEROLA I FOKU)
Tefi de Paz Remigia Echarreni buruzko ikerketa egiten ari da (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Remigia Echarren Aranguren (1853-1921) funanbulistaren izen artistikoa Mademoiselle Agustini zen, baina Iruñean Argako Erregina ere esaten zioten. «Sokaren Erregina eta Altueratako Erregina esaten ziotela ere topatu dut. Iruñeak eman dituen emakumeetan erreinu gehien zituena izango da», dio umorez Tefi de Pazek.

De Paz iruindarra artista da eta zirkuaren mundutik dator. Azken hilabeteotan Remigia Echarrenen biografian eta bizipenetan korapilatuta dago, Argako Erregina izendatua izan zenaren berri topatu nahian artxiboetan, garaiko prentsan, karteletan, ezagutu zutenek kontatutako pasadizoetan...

«Duela urte batzuk Iruñean kaleei emakumeen izenak jartzearen aldeko mugimendu bat sortu zen. Konpainia plazari Remigia Echarren izena jartzeko eskatu zen, besteak beste. Badakizu politika zein aldrebesa izaten den eta, azkenean, Txantrean kale txiki bati jarri zioten Remigia Echarren izena. Ez da batere egokia. Emakume hau Carmen kalean jaio zen, Jarautan bizi izan zen, Gazteluko Plaza zeharkatu zuen kable baten gainean... bere garaian Txantrea ez zen existitu ere egiten, Iruñea harresitutako hiri bat zen, Remigia 1853. urtean jaio baitzen. Beti buruan neukan emakume hau. Pandemiaren aurretik oso erritmo bizian bizi ginen, beti sortzen, beti presaka... pandemia etorri denean geldialdia egin eta une egokia topatu dut Remigia Echarreni buruz ikertzeko, nor zen zehatzago jakiteko; artxiboetan arakatu, topatzen ditudan pistei jarraitu... buru-belarri sartu naiz Remigiaren bizitzan. Gainera, justu 1921. urtean hil zen, beraz, aurten 100 urte betetzen dira. Dirurik gabe hil zen, kalean loteria saltzen, lesionatuta... urte aproposa iruditu zait emakume hori gogora ekartzeko eta merezi duen omenaldia egiteko», azaldu du sortzaileak nola piztu den bere proiektuaren metxa.

Baina nor zen Remigia Echarren? Mademoiselle Agustini artista (1853-1921) Iruñeko Carmen kalean jaio zen. Lau seme-alabetan hirugarrena zen. Aita, Iruñeko Venancio Echarren eta, ama, Ezkirotzeko Manuela Aranguren. Leona Remigia izenez bataiatu zuten. Apirilaren 11 San Leon Magnoren eguna zen santutegian eta hortik Leona jarri izana. Remigia, berriz, bere amandrearen izena zen.

«Aurkitu dugun bere jaiotzako dokumentuan Leona Benigna jartzen du. Nik uste dut garaiko funtzionarioak gaizki ulertu zuela eta horrela jaso zuela jaiotza aktan. Baina, bera, Leona Remigia zen izenez. Hala ere, grazia handia dauka Leona Benigna izena jarri izanak, gero zirkuaren munduan ibili zelako eta izen horrekin badirudi horretara predestinatuta zegoela», azaldu du De Pazek.

«Ez dakigu gauza askorik Remigiari buruz, inork ez duelako berari buruz idatzi. Azkenean neronek idatzi beharko dut Remigiari buruzko liburu bat. Ikerketa honetan gauza oso-oso interesgarriak topatzen ari naiz, sakontzeko gogoa pizten duten hari mutur mordoa. Bere haurtzaroaz ez dakigu ezer. Apirilaren 11n jaio zen, aries zen. Aurrera egiten duten pertsonak izan ohi dira, oso ekintzaileak. Eta, pentsa, Remigiak zerua konkistatu zuen. Berak eskuz idatzitako eskutitz batzuk topatu ditut eta grafologo batek aztertu ditu. Badirudi eskolara joateko modua izan zuela, oso idazkera zaindua zuelako, landua eta ordenatua. Datu garrantzitsua da garai hartan idazten eta irakurtzen bazekiela jakitea».

1882an Iruñeko zezen plazan

Funanbulistari buruzko lehen erreferentzia 1882. urtekoa da. Ezezaguna da oraingoz ofizioa non eta nola ikasi zuen eta urte horren aurretik emanaldirik egin ote zuen. Ordurako 29 urte zituen eta sekulako ikuskizuna eskaini zuen uztailaren 12an, sanferminetan. Hermanos Teresa izeneko akrobaten konpainia baten eskutik, Iruñeko zezen plaza zeharkatu zuen teilatutik alderik alde soka baten gainean. Garaiko “Lau Buru” egunkariak jaso zuenez, «sekulako ausardia eta ziurtasuna» erakutsi zituen. Remigiak bere ikuskizuna errepikatu zuen uztailaren 16an, 23an, 25ean eta 30ean.

«Gustatzen zait imajinatzea zirkuak etortzen zirela Iruñera eta haietan topatu zituela Remigiak bere erreferenteak. Hegan egiten zuen jendea ikusi zuen eta berak ere hori egin nahi zuela pentsatu zuen, garaiko protokoloetatik aldenduz. Garai hartan emakumeekin lotzen ziren ofizioak bestelakoak ziren; garbitzailea, jostuna, oilasko saltzailea... Remigiak, berriz, ‘txori emakumea’ izan nahi zuela erabaki zuen, han goian ibili».

De Pazek garbi irudikatzen du Remigia bere buruan, «indartsua, bere garaiari aurreratua, segurua... iruindar kaskagogor peto-petoa imajinatzen dut. ‘Ezetz hor gora igo?’ eta berak, ‘nola ezetz!’. Emakume puska bat zela pentsatzen dut».

Hurrengo urtean, 1883an, behin baino gehiagotan gurutzatu zuen Arga ibaia 10 metroko altuerara jarritako soka batetik. Hortik datorkio Argako Erregina titulua. «Remigiak berak idatzitako eskutitz bat aurkitu dut. Bertan, bere burua eskaintzen dio Iruñeko Udalari ikuskizun bat eskaintzeko jaietan. Hiriko ‘alaba eta bizilaguna’ dela eta jaietan bere ekarpena egin nahi duela adierazten du eskutitz horretan, eta doan egin nahi duela gainera. Horrek ere asko esaten du Remigiari buruz, hiriaren parte sentitzen zela eta bertako jaietan bere ekarpena egin nahi zuela erakusten baitu. Bi baldintza jartzen dizkio Udalari: kablea jartzen lagunduko dion funtzionario bat bidaltzeko eta berak Arga gurutzatzen duen bitartean udal bandak jo dezala. Eskutitzarekin batera faktura bat ere topatu dut eta jakin dut azkenean Udalak 500 pezeta ordaindu zizkiola bere ikuskizuna eskertzeko. Garai hartan diru asko zen».

Arga ibaiaren bazter batetik bestera alanbre bat hamar metroko altueran. Ez zegoen bestelako segurtasun neurririk. Remigiak lau aldiz zeharkatu zuen soka alde batetik bestera eta hiru bat minutu tardatu zituen aldiro. «Lau aldiz zeharkatu zuen. Lehena, begiak zabalik; bigarrena, begiak tapatuta, burua zaku batekin estalita –gerora jakin dut ‘Alpeetako itsua’ deitzen ziola ikuskizun horri–; hirugarrena, hanka bakoitzean zumezko saski bana jarrita eta, laugarrena, erokeriak egiten, saltoak, txilinbueltak, aulki bat bota zuen...». Ondorengo urteetan errepikatu egin omen zuen Argako balentria, su artifizialek lagunduta. «Kontatzen dute errebolberrak botatzen zituela, gozokiak...».

1884. urtean Gazteluko Plaza zeharkatu zuen, gauez eta su artifizialekin. Gayarre antzokia eta Cafe Iruña lotu zituzten soka batekin eta haren gainean aritu zen akrobazia ikusgarriak egiten. 1884ko buelta horretan dagoeneko konpainia baten inguruan agertzen da Remigia Echarrenen izena, Compañia Vasconavarra Manuel Carral izenekoa.

«1885. urtean kolera agerraldi larri bat gertatu zen Nafarroan eta jaietako ekitaldi asko bertan behera geratu ziren. Baina urte hartan ere Remigiak emanaldiren bat eskaini zuen. Ditugun datuen arabera, urte horretan bertan ezkondu zen Ciordia izeneko gizon batekin. Senarra gizatxar hutsa zen eta Remigiaren diru guztia xahutu zuen. Fraide-etxe batean sartu eta apaizei jantziak lapurtzen zizkien. Gero limosna eskean aritzen zen kalean, behartsuenei emateko zela esanez. Baina bera aberasteko zen. Behin baino gehiagotan harrapatu zuten amarru hori egiten eta garaiko egunkari batean topatu dudanez, Remigia bera deitu zuten epaitegira senarraren lapurretei buruz kontuak eman zitzan. Pentsatzekoa da Remigiak diru asko irabazi zuela funanbulista gisa. Iruñeko Udalari bere emanaldia doan eskaini izana ere datu esanguratsua da, esan nahi baitu ez zuela diru behar larririk. Baina irabazitako guztia galdu zuen bere senarraren erruz».

«Aulkiaren saioa»

1886. urteko sanferminetan ere aritu zen Remigia Echarren, Gazteluko Plazan. «Garaiko egunkarietan irakurri dudanez, plazako bazter guztiak eta inguruko balkoiak jendez lepo bete ziren Remigia ikusteko».

Ordurako Remigiaren “aulkiaren saioa” ezaguna omen zen. «Aulki batekin akrobaziak egiten zituen sokaren gainean. Kontatzen dutenez, une batean Remigiak aulkia bota egiten zuen eta ikusleei bihotzak buelta ematen zien, artista bera aulkiarekin batera erori zela pentsatzen baitzuten. Ilusioa sortzen eta arriskua muturrera eramaten jolas egiten zuen».

Tamalez, arriskuaren ilusio hori benetako istripu bihurtu zen 1892an, Ondarroan, Bizkaian. Hain justu aulkiaren saio hori egiten ari zela 15 metroko altueratik erori eta zenbait hezur hautsi zituen. «Ondarroako artxibokoekin hitz egin dut eta ez dakite ezer. Arraroa da. Horrelako emanaldi bat oso garrantzitsua zen garai hartan, jende mordoa zegoen Remigiari begira eta istripuaren lekuko izan ziren horiek denak... Ondarroara joan beharra daukat pixka bat gehiago ikertzera. Esan dizudanez, hari mutur asko dauzkat tira egiteko...», kontatu du Tefik.

Gerora, ez omen zen istripuaren aurreko bera izan gehiago, istripuak ondorioak eragin baitzizkion. Bere urrezko aroa hamar urtekoa izan zen, 1882tik 1892ra. Hala ere, gero ere jarraitu zuen funanbulista bezala. Dakigunez, Elizondon aritu zen 1896an eta Garesen 1902an. Bere jaioterrian, Iruñean, ere aritu zen istripuaren ondoren, 1904an hain justu. Jasota geratu diren bere azken bi emanaldiak 1905. urtekoak dira; lehena Gasteizko zezen plazan eta, bigarrena, Iruñean bertan. Badirudi hori izan zela bere azken emanaldia.

Tefi de Pazek Remigiaren emanaldiak iragartzeko kartelak ere topatu ditu. «Valladoliden Pisuerga zeharkatu zuen, Bilbon itsasadarra... Baina topatu dudan kartel batek beste ate bat zabaldu dit: Madrilen eskaini behar zuen emanaldi bat iragartzeko kartelean jartzen du bere bira europarra hasi aurretik egingo duen azken ikuskizuna dela. Alegia, Remigia nazioarte mailako artista bat izan zen. Eta aipatu kartel horretan bertan beste datu esanguratsu bat agertzen da: Niagarako ur jauziak zeharkatu zituela. Niagarara joan beharko dut ikertzera!».

Remigia Echarren Gran Blondin funanbulista sonatuaren ikaslea izan zen. Gran Blondin izan zen Niagarako ur jauziak kable baten gainean zeharkatu zituen lehen akrobata eta posible da Remigiak ere egin izana. «Ikerkuntzarako ate mordoa daukat zabalik, galdera pila bat», esan du De Pazek.

Zerua ukitzetik lurra jotzera

Funanbulista gisa zerua ukitu zuen Remigia Echarrenek, baina bere azken urteetan lurra jo zuela esan daiteke. Senarrak itzali zituen Argako Erreginak lortutako distira guztiak, baita berak irabazitako txanponak xahutu ere. Bere bizitzako azken urteetan Iruñeko kaleetan loteria saltzen aritu zen. «Kontatzen dutenez, loteria saltzen zuenean ere akrobazia txikiak egiten zituen kalean eta denak begira geratzen zitzaizkion. Nik bere bastoiarekin akrobaziak egiten imajinatzen dut, loteria oihuka saltzen», esan du De Pazek. Remigiak eskuz idatzitako eskutitzak aztertu dituen grafologoak esandakoa ere ekarri du gogora. «Grafologoak esan zidanez bere idazkera ikertuta sumatzen da Remigiak jende guztia ona eta zintzoa zela pentsatzen zuela, bera halakoxea zelako. Xaloa zela eta besteekin gehiegi fidatzen zela. Segur aski horregatik engainatu zuen senarrak. Gainera, kontuan izan behar dugu garai hartan emakumeek ez zutela ezertarako eskubiderik, senarraren erabat mendekoak zirela».

Tefi de Pazen hitzetan, «Remigia Echarrenek ilusioa saldu zuen bere bizitza osoan». Lehenik soka gainean akrobaziak egiten saltzen zuen ilusioa, begira zituenen begiak eta bihotzak bizkortuz. Gero, azken urteetan, loteria saltzaile bezala banatzen zuen ilusioa. «Iruñean emakume ezaguna izan zen, bai funanbulista bezala eta bai kaleko saltzaile bezala. Duela egun batzuk Iruñeko gizonezko batek oso gauza bitxia kontatu zidan. Haren izebak esaten omen zuen garai batean Iruñeko katu guztiek Remigia izena zutela, funanbulista bezala teilatuetan ibiltzen zirelako, barandetan akrobaziak egiten... Izugarri datu polita iruditzen zait».

 

APIRILAREN 11 ETA MAIATZAREN 11 BITARTEAN, REMIGIAREN HILABETEA

Pasa den irailaz geroztik Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egonaldi bat egiten ari da Tefi de Paz sortzailea. «Ez dut topatu Remigiaren argazkirik. Zergatik? Apenas dagoelako berari buruzko informaziorik. Julian Gayarreren garaikidea zen Remigia. Gayarreri buruz gauza asko dakizkigu, baina Remigiari buruz apenas, emakumea zelako. Ez dakigu nolakoa zen, ez diogu aurpegirik jartzen, baina horrek badu beste irakurketa bat: edonor izan gaitezke Remigia».

Remigia Echarren 1853ko apirilaren 11n jaio zen Iruñean eta justu duela 100 urte hil zen. Joan den urtarrilaren 9an bete ziren ehun urteak. «Apirilaren 11 eta maiatzaren 11 bitartean Remigiaren hilabetea izango da, bera gogoan hartuta hainbat ekimen antolatu ditugulako Iruñeko Udalarekin batera. Collage artistiko bat egiten ari naiz Remigia nor zen eta bere bizitza nolakoa izan zen kontatzeko antzerki formatu txiki batean. Bera bizirik iritsi da guganaino belarritik ahora doan arte horri esker, jendeak berari buruz hitz egin duelako. Eta aurrerantzean jendeak Remigiari buruz hizketan jarraitzea nahi nuke, herriaren memorian bizirik iraun dezan. Horrez gain, hainbat tailer eta hitzaldi antolatu ditugu, denak akrobataren bueltakoak. Adibidez, artxiboko arduradunak bertan topatu ditugun dokumentuen inguruan hitz egingo digu. Bestetik, Ana Ulargui historialariak Remigia bere garaian kokatuko du. Nik ere nire ikerketaren berri emango dut. Azkenik, Maitane Azpiroz trapezista eta dantzariak zirkuaren historiaren inguruko pista batzuk eskainiko dizkigu».

Tefi de Pazen hitzetan, garrantzitsua da Echarren zirkuko artista bezala goraipatzea eta gogoratzea. «Estatuan ez dago araututa akrobataren edo funanbulistaren ofizioa. Europan bai, baina Estatuan ez dauka prestigiorik. Ez du izan historian zehar eta oraindik ere ez dauka merezi duen tokia. Hori ere aldarrikatu nahi dugu».

Aitortu duenez, erabat murgilduta dago Mademoiselle Agustiniren bizitzan eta Iruñea “Remigiatu” nahi du. Bide horretan, Udalari hainbat proposamen helarazi dizkio. «Argako pasabideei Remigiaren izena jartzea; bera jaio, bizi eta hil zen etxean oroigarri bat jartzea... Niretzat aurtengoa Remigiaren urtea da eta ideia mordoa daukat buruan; teilatu batean jarri nahiko nuke buruz behera edo loteria saltzen izkina batean... Remigia gogoratu nahi dut eta jende guztiak gogora dezala eta hari buruz hitz egin dezala. Eta katuei Remigia izena jartzea nahi dut». De Pazek garbi dauka, «emakumeen erreferente bezala altxor bat da. Eta iruindarren erreferente bezala ere bai. Benetan, ez genuke ahaztu behar».

Artista iruindarrak bidelagun izan du abentura honetan Kiko Ortega argazkilaria, osatzen ari den collageko argazkiak berak eginak baitira. Horrez gain, norbaitek Remigia Echarreni buruz zerbait baleki, helbide elektroniko bat dauka eskura: «lareinadelarga@gmail.com».

Proiektu ausarta

Remigia Echarren 10-15 metroko altueran soka batera igotzen zen garaian, mugimendu sufragista borrokan hasia zegoen ordura arte gizonezkoenak bakarrik ziren eskubideak emakumeentzat ere aldarrikatzeko. Ana Ulargui historialariaren hitzetan, «badirudi Echarren ez zetorrela artisten familia batetik eta garai hartan oso ezohikoa zen emakume batek horrelako proiektu ausart eta arriskutsua abiatzea. Horrek asko esaten du Echarrenen nortasunaz». XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera hartan baziren lanbide arriskutsuak aukeratu zituzten beste emakume batzuk, «Maria Spelterinik Niagarako ur jauzia zeharkatu zuen soka lasai baten gainean eta Annie Edson Taylorren kasua ere sonatua izan zen; Niagarako ur jauzietan barna salto egin zuen kupel baten barruan sartuta eta bizirik atera zen handik», kontatu du Ularguik. Testuinguru historiko horretan ukitu zuen zerua funanbulista iruindarrak.