NAIZ

Migratzaileei egindako harrera kritikatu du EH Bilduk eta premiazko bilera eskatu dio Lakuari

EH Bilduk gogor kritikatu du Lakuak Irunera heldu diren migratzaileei egindako harrera eta premiazko bilera eskatuko dio Migrazio zuzendari berriari Gobernuaren asmoak eta egitasmoak zeintzuk diren ezagutzeko eta proposamenak egiteko.

EH Bilduko ordezkariak Irunen. (EH BILDU)
EH Bilduko ordezkariak Irunen. (EH BILDU)

EH Bilduk «oso kezkatuta» dago Irunen bizi den egoerarekin eta «krisi humanitario honi erantzuteko Eusko Jaurlaritza erakusten ari den gaitasun faltarekin». Horregatik, «premiazko bilera» eskatuko dio Gobernuko migrazio zuzendari berriari, Lakuaren asmoak eta egitasmoak zeintzuk diren ezagutzeko eta koalizioaren proposamenak azaltzeko.

«Irunen egunotan bizi den egoera Espainiako Estatuak giza eskubideak urratzen dituen Estranjeria Legearen ondorioa dela jakitun da EH Bildu. Asilo eta errefuxiatu politikek porrot egin dute eta, horren ondorioz, Estatuan zehar mugitzen ditu pertsonak, nazioartetik debekatua dagoen itzulera beroei ekiteko. Hori gaurko egunean Iruneko gure mugan ematen jarraitzen da», azaldu du ohar batean.

Halaber, Lakua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera kritikatu du, izan ere «bost urte hauetan mantentzen ari den krisi humanitarioari aurre egiteko gaitasun falta nabarmena agerian» utzi dutela uste du EH Bilduk.

«Harrera herri ginela sinatu bazen ere, hori errealitate izan zedin lidergo falta ageriko izaten ari da urte hauetan zehar, ez dute igarotzen diren pertsonak artatzeko estrategiarik, artapen zerbitzua pribatizatu dute, hartarako irizpideek porrot egin dute kale egoeran uzten baitituzte egunero, eta urte hauetan zehar EH Bildutik egin ditugun proposamenak alboratzen jarraitzen dute. Egoera horri aurre egiteko, krisi humanitarioari aurre egiteko gizarte zibilak antolatu beharra izan du», gaineratu du.

Zentzu horretan, «erakundeak, alderdiak eta gizarte zibil antolatuaren arteko elkarlanerako deia» egin dute EH Bilduko ordezkariek. Migratzaileen errealitatea lehen eskutik ezagutzeko Irunera hurbildu dira.