2020ko Loraldiari ekin eta egun gutxira bertan behera utzi behar izan zuten ekimena antolatzaileek Covid-19ak eragindako konfinamendua zela medio. «Urte amaiera aldera egitarauko ekitaldi batzuk egin genituen baina argi genuen gure nahia Loraldia martxora ekartzea zela». Horregatik martxora ekarri dute «Sormenari zor» lelopean. Ozerinek aitortu du hasieran beste lelo bat zutela pentsatuta baina pandemiak «agerian utzi duela sormena zein garrantzitsua den eta zenbat ematen digun». Hortik etorri da beraz, leloa. Aurtengoan musikaz, dantzaz, antzerkiaz eta beste hainbat eta hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da. Eskaintza osoa Loraldiaren webgunean aurkituko duzue.