NAIZ

Klimari buruz Macronek bultzaturiko legeak anbizio eskasa islatzen du EHBairen esanetan

Asanblea Nazionalak «klima eta erresilientzia» lege-egitasmoaren azterketa abiatu du aste honetan. Klimarako Herritarren Konbentzioak eginiko ekarpenak alboratu ondoren proiektuak islatzen duen «anbizio eskasa» agerian utzi du EHBaik.

Lizeoko ikasle bat B2019ko irailaren 20an Baionan klimaren alde eginiko ekimen batean. (Bob EDME)
Lizeoko ikasle bat B2019ko irailaren 20an Baionan klimaren alde eginiko ekimen batean. (Bob EDME)

Txaleko Horien krisiari irtenbide bat emateko bidean Emmanuel Macronek deitu zuen Klimarako Herritarren Konbentzioak 149 proposamen aitzineratu zituen.

Izan ere, aste honetan frantziar Asanblea Nazionala aztertzen hasi den klima aldaketa eta justizia sozialari buruzko lege-egitasmoan nekez atzeman daitezke foro berezi horretatik –zozketa baten bidez hautatuak izan ziren parte-hartzaileak– heldutako txostenaren mamia.

Joan zen otsailaren 25ean Gobernuak onartu zuen «Klima eta erresilientzia» izeneko proiektuak kimatu egin duela konbentziotik jasotako txostena salatu dute talde ekologistek.

Era berean batzordeak luzaturiko proposamenak aintzat hartzeko engaiamendua azaldu zuen Macroni bere hitza ez betetzea egotzi dio oposizioak.

#YouthForClimate, berriro ere kalean

Larrialdi klimatikoa eta krisi soziala uztartuz hilaren 19 eta 20an mobilizazioak eginen ditu Hexagono osoan zehar #YouthForClimate mugimenduak frantziar Gobernuak erakutsitako ausardia falta salatzeko.

Mugimendu horren esanetan gazteen beharrak eta aldarrikapenak guztiz baztertu ditu berriki klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko erakundeen aurrean harturiko konpromisoak ez dituelako bete kondenatua izan den frantziar Gobernuak.

Joan zen otsailaren 3an lehen aldikotz frantziar auzitegi administratibo batek klimaren aldaketari aurre egiteko orduan «Gobernuak eginiko hutsa» aitortu zuen.

Era horretan lau talde ekologistek gas isurketak murrizteko Parisek harturiko engaimenduak ez betetzearren 2019an aurkezturiko salaketa onartu zuen auzitegiak.

Proba nuklearrak Polinesian

Hori gutxi balitz, Parisko Legebiltzarrean zabaldu den lege tramitazioaren atarian frantziar Estatuak bere teknologia nuklearra garatzeko xede itsas haragoko lurraldetan, zehazki Polinesian, garaian burutu zituen entseguek bertako herritarrengan eragin zituzten osasun kalteei buruzko informazio berriak zabaldu dituzte Hexagonoko hedabide nagusiek.

Entsegu horien benetako eraginak ezkutatu ditu hamarkada luzetan Parisek baina egunotan plazaratu den Polinesiako Gobernuaren txosten sekretuak azaleratu du tiroide minbiziaren kasuak azkar emendatu zirela 1966az geroztik garatu zen programa atomiko horren ondorioz.

Testuinguru horretan, «Klima eta erresilientzia» lege-proeiktuarekin «frantses Gobernuak beste behin ere klima arazoen inguruen duen axolagabekeria» agerian utziko duela uste du Euskal Herria Baik.

«Lege-proiektu honetan azaltzen diren neurriak oso ahulak dira, eta ez dute aukerarik ematen berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko» oharra egin du mugimendu ezkertiar, abertzale eta ekologistak.

Ekozidio krimena ez da gehiago jasoko lege-egitasmoan, eta Klimarako Herritarren Konbentzioak eginiko beste hainbat ekarpen ere ezabatu dituzte.

Hala nola, ahalmen ekonomiko murritzak dituzten herritarrei produktu ekologikoak erosteko elikadura txekeak sortzeko proposamena desagertu da, baita ingurumenerako kaltegarriak diren ustiapen berriak finantzatzeko debekua ere.

Trenbidea perspektiba sozial batetik sustatzeko «inbertsio masiboa egiteko plana» ez dela onartuko salatu du bereziki EH Baik.

Hori dela eta «klima aldaketaren erantzule den sistema neoliberala babesteko» neurriak lehenetsi izana egotzi dio alderdiak frantziar presidenteari.

Alta, Klimarako Herritarren Konbentzioak argiki erakutsi duela jendarteak klima larrialdiari erantzuteko prest dagoela «beharrezko diren neurriak ezartzeko» adierazi du EHBaik.

Horrendako «legegileek horretara jai daitezen garaia dela» uste du EHBaik.