NAIZ
DONOSTIA

Gazteriaren «kriminalizazioa» salatu du Ernaik Mirakruz gaineko errepidea blokeatuz

Ernai gazte antolakundeak Donostiako Mirakruz gaineko errepidea moztu du gaur goizean, gazteek pairatzen duten egoera salatzeko. Pandemian haien aurkako «kriminalizazioa» salatu eta benetako arazoak jarri dituzte lehen lerroan: depresio, suizido edo langabezia tasaren gorakada.

Ernai gazte antolakundeak Donostiako Mirakruz gaineko errepidea moztu du. (@ernaigazte)
Ernai gazte antolakundeak Donostiako Mirakruz gaineko errepidea moztu du. (@ernaigazte)

Donostiako Mirakruz gaineko errepidea blokeatu du Ernai gazte mugimenduak gaur goizean, gazteriak pairatzen duen «kriminalizazioa» eta «egoera beltza» salatzeko. «Pandemiaren kudeaketa negargarria izkutatzeko merke atera zaie gu jo puntuan jartzea», adierazi dute.

Gazteriaren etorkizuna «beltza» dela azpimarratu dute ekintzan parte hartu duten hamarnaka kideek. «Jazartuak eta kriminalizatuak izan gara, baina benetan jabetu al dira gazteon egoeraz?», galdetu dute. Eta hedabide batzuek jokatutako papera nabarmendu dute. «Hitz egingo al dute Teleberrian gure benetako arazoei buruz?», gehitu dute.

Zentzu horretan, depresio eta suizidio kasuen gorakada, gazte langabezia bikoiztu egin dela eta haien arteko harremanak eten egin direla ekarri dute gogora.

Hori dela-eta, «etorkizun duin baten alde», gazteria «lehen lerroan» mantentzeko deia egin dute.