Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Naiara Diezek saskibaloi profesionala laga du

Zaragozan 2006-2007 denboraldian hasi zen bere ibilbide profesionala eta azken zortzi urteetan Gernika Bizkaia taldeko kapitain izan da 34 urteko altsasuar hau. Talde bizkaitarrak ez dio omenaldirik egingo, baina berriz ere harmailak jendez betetzerik dagoenean egingo duela iragarri du.

Naiara Diez, Lointek Gernika Bizkaiako kapitaina, erretiroa hartuta ere. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Naiara Diez, Lointek Gernika Bizkaiako kapitaina, erretiroa hartuta ere. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Lointek Gernika Bizkaiak aditzera eman duenez, Naiara Diez altsasuarrak saskibaloi profesional izateari laga dio. Joan den asteburuan ospaturiko Emakumeen Saskibaloi Kopan ezin izan zuen parte hartu «arrazoi pertsonalak» tarteko, ez eta asteartean jokaturiko euskal derbian eta arrazoi horiek, lan munduari lotuak batik bat, agur esatera eraman dute urtarrilaren 29an 34 urte bete zituen eskolta nafarra. Alegia, talde bizkaitarrak Emakumeen Endesa Ligan eta Europan jokatzeko partidetan ez dela izango, bere agurra berehalakoa baita.

Hamabost urteko karrera profesionala egin du Naiara Diezek eliteko kirolean, 2006-2007 denboraldian Mann Filter Zaragoza taldearekin debuta egin zuenetik. Aragoiko taldean hiru denboraldi egin ostean Iruñeako UNB Obenasa taldera pasa zen 2009/10 sasoian, bigarren mailan aurreneko urtea eta mailarik gorenean hurrengo biak, zeinetan talde nafarra onenen artean ere ibili zen, playoffetara eta Kopara sailkatuz, diru arazoen erruz taldea desegin zen arte.

Iruñetik Gernikara egin zuen salto 2013-2014 denboraldian eta zortzi urteotan talde bizkaitarraren erreferenteetako bat izan da, kapitain izatera iritsi arte. Aurreneko denboraldian bigarren mailan eman ostean, mailarik gorenera igotzeaz gain, onenen artean Gernika nola egonkortu den ere bertatik bertara ikusi du, eta Kopan eta playoffetan ez ezik, Europan ere jokatzea zer den ikusi du, baita La Casilla eta Miribillan hainbat partida jokatzea ere, Euskal Selekzioarekin jokatu duen bezala.

Orotara, 385 partida jokatu ditu elitean eta sei mila minutu baino gehiago. Europan final-zortzirenetara sailkatzea lortu berritan denboraldiko errepasoa egin zuen jokalari altsasuarrak NAIZen

Gernika Bizkaiak bidaliriko oharrean aitortzen da ez dela honakoa «nahi bezalako agurra izan» pandemia egoera dela-eta, baina klubak «Naiara bezalako ikur bati merezitako agurra» emango dio «dena normaltasunera itzultzen denean»; hau da, Malosteko harmailak berriz betetzerik dagoenean.

Horrez gain, talde gernikarrak bere prentsa oharrean Naiara Diezek agurrerako idatzi duen gutuna bidali du eta berak idatzi duen bezala publiko egingo dugu.

Agur gutuna

Saskibaloi maitea, zure ondoan egindako nire jokalari ibilbidea amaitu da.

Eskerrak eman nahi dizkiet bidean aurkitu ditudan pertsonei, une bakoitza bakarra eta berezia egiteagatik. Bide hau Altsasu bezalako herri txiki batean hasi zen. Bertan ikasi nuen ametsak gero eta gertuago daudela lanaren ekinez. Arrazoi zuten, ez nuen inoiz pentsatuko nire «hobby»-an pasatu nituen kiroldegiko arratsalde horiek azkenean nire ogibide eta bizitza bilakatuko zirenik. Horrenbestez, oso zoriontsu izan naiz.

Eskerrik asko Ardoi, Basket Zaragoza, Unión Navarra Basket, Gernika Kirol Elkartea Saskibaloia eta bere zalego guztiei, une oro haien berotasuna sentiarazteagatik eta nire maleta pasarte eta bizipen ahaztezinez betetzeagatik.

Gernika, bertan pasa ditudan zortzi urteengatik, nire etxea bilakatu da eta beraz, gernikar bat gehiago naiz. Nola zaindu nauzuen! Eskerrik asko denoi, Malosteri eta MAREA GRANATEARI, zuon berotasuna sentitzea bakarra delako, izan une onenetan edo txarrenetan, baina beti hor egon zarete, jesarlekuan zutik hainbeste hunkitzen gaituen txalo zaparrada ozen hori ematen; baita kalean, egunerokoan animoak ematen dituzten pertsona horiei ere eskerrak. Batez ere, beraien irribarreekin nire ilusioa berpiztu izan duten umeei.

Eskerrik asko hedabideei eta saskibaloiaren inguruan, kamara aurrean edo atzean, lan egiten duten denei, beti errespetuz eta adeitasunez zaindu nauzue eta hori ez dut ahaztuko. Bide batez, segi emakumezkoen kirola bozgorailuetan jartzen, ez baitago aurrera egiteko beste biderik.

Eskerrik asko aldagela partekatu dudan taldekide bakoitzari, kapitain lanak errazteagatik. Zuen falta sumatuko dut. Eskerrik asko nire ibilbidean aurkari izan ditudan jokalari guztiei, zuei esker eman dut nire mailarik onena eta aldi berean, pozik jaso ditut kiroltasunak trukean emandako pozak.

Eskerrik asko epaileei, etxean zuotariko bat izan dut, nire aita, eta eskerrak besterik ezin dizkiot eman zuen lana errespetuz zaintzen irakasteagatik. Badakit zein zaila den zuen lana kantxa barruan eta horregatik, bihotzez eskertzen dizuet hortik kanpora erakutsitako adeitasuna.

Azkenik, eskerrik asko nire FAMILIARI, nire hezkuntza umiltasunean oinarritu izanagatik, beti nire ondoan egoteagatik, erortzen ez uzteagatik. Nire lagunei, nondik gatozen gogoratzeagatik eta gauden tokian gaudela, beti batera egongo garelako.

Eskerrik asko aipamenik behar ez duten pertsona berezi horiei. Egunerokotasunean bizitako uneak bakarrak bihurtzen dituzten horiei.

Helmugara iritsi naiz, gauetako ametsak baino hobeak izan diren uneak bizita eta maleta une ahaztezin eta balorez lepo. Zoriontsu izan naiz eta pozik noa. Nire kirol ibilbidean zehar lortutako garaikur garrantzitsuena eskuratu baitut: Bizitza osorako lagunak.

Hau da nire geltokia, baina inork ez dezala zalantzan jarri saskibaloiaz gertutik gozatzen jarraituko dudala, harmailetatik, beste edozein zale bezala.

Plazerra izan da. A zelako zortea nirea zuen ondoan gozatzeagatik! Espero dut pandemia egoerak eta une gogor hauek hobera egitea eta laster batean, saskibaloi partidetako harmailak ikuslez beteta ikustea. Orduan esango diogu agur elkarri behar bezala.

Eskerrik asko bihotzez

Naiara.