NAIZ

Durangoko herri galdeketan noiz, non eta nola bozkatu azaldu du Udalak

Landako Gunean egongo diren 17 mahaietan bozkatu ahal izango dute durangarrek igande honetan PERI 1 proeiektua babestu edo geldiarazi nahi duten. Udalak galdeketarako dena prest duela adierazi du.

Durangoko herri galdeketaren nondik norakoak azaldu ditu Udalak. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Durangoko herri galdeketaren nondik norakoak azaldu ditu Udalak. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Ostegun honetan emandako prentsaurrekoan baieztatu duenez, Durangoko Udalak dena prest dauka igande honetan ospatuko den bere historiako lehen galdeketa herritarrerako. Kontsulta horretan durangarrek aukeratu beharko dute Lakuako Gobernuak, Eusko Trenbide Sarearen bidez (ETS), herriko trenbidearen lursail zaharretan garatu nahi duen hirigintza-proiektua babestu edo geldiarazi. Proiektu horrek 18 solairuko altuerako bost dorre eraikitzea aurreikusten du.

Erabaki herri plataformak 2018an herri galdeketa eskatuz bildu zituen ia 4.000 sinadurekin, Udalak proiektu horren etorkizuna herritarrei planteatzea erabaki du. «Funtsezkoa iruditzen zaigu tamaina horretako proiektu bat durangarrekin alderatzea. Hau ez da Udalak sortutako kontsulta bat, baizik eta Udalari ia 4.000 durangarren babesarekin egindako herri-agindu bat», adierazi du Ima Garrastatxu alkateak prentsaurrekoan.

Zentzu horretan, azaldu du Udalak eskura dituen mekanismo guztiak jarri dituela herritarrek herriaren etorkizunerako erabakigarria den proiektu batean zuzenean parte hartu ahal izan dezaten.

«Martxoaren 14an durangarrok historia egingo dugu, Durangoko lehen udal galdeketa egingo baitugu. Herri gisa hitzordu historikoa izango da, Durangon garatu nahi dugun gobernantza parte-hartzailearen puntu garrantzitsua baita. Ez dugu erabaki hain garrantzitsurik hartu nahi bulego itxietan, durangarron iritzia entzun nahi dugu», adierazi du Julian Rios alkateordeak.

Bozkatzeko jarraibideak

Bozkatzeko gune bakarra Landako Guneko erabilera anitzeko pabiloian izango da eta bertan 17 mahai jarriko dira. Alkateak adierazi duenez, segurtasun eta osasun protokolo guztiak bilduko ditu, «bozketa normaltasunez egin dadin».

Lau sarrera egongo dira, hauteslekuaren araberakoa. Sarrera bakoitzean ondo markatuko da zein auzotako jendeak bozkatu beharko duen mahai bakoitzean. Informazio puntu bat egongo da 2. sarreran, norbaitek zalantzarik baldin badu.

Herri galdeketan parte hartu ahalko dute galdeketa egunean Durangon erroldatuta dauden 18 urtetik gorako pertsona fisiko guztiek. Ez da posta bidezko botorik onartuko.

Herri galdeketa bestelako hauteskundeen ordutegian egingo da: hauteslekuko ateak 09:00etan zabalduko dira eta 20:00etan itxiko dira. Mugikortasun urriko pertsonek lehentasuna izango dute hauteslekura sartzeko. 75 urtetik gorako pertsonei gomendatu zaie jende gutxien dagoen momentutan hurbiltzeko bozkatzera (9.00etatik 12.00etara eta 15.00etatik 17.00etara).

Udalak autobus zerbitzu bat eskainiko du igande osoan zehar. 900etatik 19.30era bitartean, eta bederatzi geltoki egongo dira. 

Egunean bertan 51 boluntariok eta sei udal langileek egingo dute lan.

Igandean 14.00etan lehen parte-hartze datuak eskainiko ditu Udalak. Emaitza ofiziala egunean bertan komunikatuko da, Udal Idazkaritzatik emaitzak baieztatu ostean.

«Durangarrak igandean Landako gunera bozkatzera joatera animatu nahi ditugu. Gobernu talde honetan gobernantza parte-hartzailea garatu nahi dugu, durangarrek hitza izan dezaten, ez bakarrik lau urtean behin. Igande honetan herri honen historiaren atal garrantzitsu bat idatziko dugu», adierazi dute Garrastatxuk eta Riosek.