«PERI1 Trenbidea» proiektua geldiarazteko herri galdeketa egin zuten igandean Durangon. 7.076 durangarrek hartu zuen parte, erroldaren %28,57k, eta 18 solairuko bost etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen proiektua geldiaraztearen alde agertu zen gehiengo zabala. «Bai» aukerak 6.680 boto (%94,4) lortu zituen, ezezko botoak 372 izan ziren (%5,3).
Ima Garrastatxu oso pozik agertu da ez bakarrik galdeketaren emaitzarekin, baita herritarren nahia bete delako baizik. «Pandemiarekin, egoera guztiz atipiko batean, aurrera egin dugu eta lortu dugu egia bihurtzea», agertu du.
Pandemiaz gain, oposizioaren «boikota» ere izan dute kontran, EAJk abstentzioa eskatu zuelako eta PSEk salatu zuelako galdeketa «fartsa» izan zela. Biek ala biek prozesuari «trabak» jarri dizkiotela esan du Garrastatxuk, baita aurreko legealdian Gobernuan zeudela Erabaki plataformak galdeketaren alde jasotako 4.000 sinadurekin, «batzuk galdu zituztelako edo ez zituztelako kontuan hartu».
Dena den, alkateak ziurtatu du PSEk proiektua bultzatu duela azken momentura arte. 2019ko azaroko Osoko Bilkuran galdera aho batez onartu zuten udal talde guztiek, eta PSEk, Euskal Trenbide Sareak (ETS) bezala, prozesuan parte hartu du, baita txosten teknikoan ere. «Otsailean proiektua aurkeztu genuenean, orain dela hilabete bat, honen alde zeuden. Azkenengo asteetan esan dute fartsa bat dela. Baina herriak esan du sinesten duela horrelako prozesuetan eta atzo 7.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten», dio Garrastatxuk.
Parte-hartzea
Igandeko galdeketan izandako parte-hartzea txikiegia izan da oposizioko taldeen iritziz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatzen duten udal Gobernuak, ordea, positiboki baloratu dute herritarren engaiamendua. Hala adierazi dute prentsara igorritako ohar batean: «Parte-hartzea erroldaren %28,57koa izan da. Gaur, asko ala gutxi den, balorazio desberdinak irakurri eta entzun ditugu. Guk argi daukagu: 7.000 pertsona baino gehiago mintzatu dira berebiziko garrantzia duen proiektu bati buruz. Eta, batez ere, bizi izan ditugun eta bizitzen ari garen mugak kontuan hartuta: pandemia, oposizioko alderdien kontsultari boikota, baita euria ere. Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, parte-hartzeak genituen aurreikuspenak gainditu ditu».
Alkatearen ustez, gainera, herriak «PERI1 Trenbidea» proiektuari buruz hitza emateko zuen nahia azkenengo udal hauteskundeetan berretsi zen. «Guk argi genuen galdeketa egingo genuela eta herritarrek guregan konfiantza izan zuten konpromiso hori hartu genuelako, adierazi du».
Orain zer?
Durangarren asmoak jasota, Udalaren lehenengo urratsa ETSrekin hitz egin eta akordioak lortzea izango da. Bigarrena, herrian prozesu parte-hartzaile bat abiatzea, trenbide zaharraren lurretan herritarrek zer egin nahi duten jakiteko eta «denon artean proiektu bideragarri bat diseinatzeko».
Baina Lakuako Gobernutik pasa behar dute erabaki guztiek, bera baita lurren jabea –ETSk kudeatzen dituen arren–. Ima Garrastatxuk uste du Lakuak «herriaren hitza kontuan hartuko duela eta herritarren interesa babestuko duela», administrazio publikoa denez gero. «Eusko Jaurlaritza ez da ente pribatu bat. Administrazioak interes orokorra defendatu behar du, ez gutxi batzuen interesak», dio.
«Jakin gabe zein izango zen parte-hartzea guk esan genuen herritarren hitza entzungo genuela. Eta izandako parte-hartzearekin oraindik eta gehiago. Guretzat loteslea izango da, orain lanean jarriko gara, ETSrekin adostasunetara ailegatzeko urratsak ematen eta proiektu bideragarri bat herritarrekin batera diseinatzen. Espero dugu Eusko Jaurlaritzarendako ere loteslea izatea», adierazi du Durangoko alkateak.
Zentzugabeko galdeketa, EAJren ustez
Durangoko EAJren ustez, herri galdeketan izandako «abstentzio handiak» erakusten du udal Gobernuak martxan jarritako ekimen parte-hartzaileak «zentzurik ez zuela» eta, halaber, erakusten duela «durangarren gehiengo zabal batek konfrontazioari, ziurgabetasunari eta paralisiari ezetz esan» diola.
Jeltzaleen esanetan, alderdi politiko guztiak PERI1 proiektua eguneratzearen alde daude eta «benetako parte-hartzea» babestu dute, «ekintza bakoitzaren onurei eta ondorioei buruzko informazio argia» bermatzen badu.
«Behin proposamenak entzunda, proiektu horiek inplikatutako erakundeen aurrean defendatzeko garaia izango da, baina ez EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien judizializazioaren eta konfrontazioaren bidetik, paralisira baino ez garamatzalako, baizik eta elkarlanaren, elkarrekiko konfiantzaren eta ulermenaren bidetik», azpimarratu dute.
Garrantzitsuena orain hasiko dela diote. «Galdutako denbora berreskuratu behar dugu. Euskal Trenbide Sarearekin eseri behar da jokalekua lehenbailehen zehazteko, durangar guztiak ilusionatuko dituen eta alde guztientzat onuragarria izango den proiektu bat negoziatu eta adostu ahal izateko». Horretarako, alderdiak «elkarrekin lan egiteko» deia luzatu die udal talde guztiei.
EAJren esanetan, «prozesu horren guztiaren helburua izan behar da trenbidearen trazadura lehenbailehen berreskuratu eta bide berde bihurtzea; 60.000 metro koadroko espazio handi hori lehenbailehen berreskuratzea, adin guztietako herritarrentzat berdeguneak eta gozamenerako guneak jartzea eta Durangora Udalaz gaindiko proiektu estrategiko bat erakartzea ahalbidetuko duen akordioa lortzea».
Hitzarmenaren arabera
Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak Durangon egindako herri kontsultari dagokionez esan du gaia ez dela «PERI1» proiektuan aurreikusitako dorreei «bai ala ez» esatea, baizik eta «Durango Operazioaren –trenbide sarerako Lakuak duen egitasmoa– kostuaren zati bat finantzatu behar duten» hirigintza-gainbalioak.
Santurtzin egindako adierazpenetan hitz egin du sailburuak galdeketaren inguruan. Arriolak esan du ez direla udal kontsulta hau baloratzen hasiko eta adierazi du Udalak bere «ondorioak aterako dituela», nahiz eta esan duen parte-hartzea «ez dela hain handia izan».
Sailburuak azaldu du hitzarmen bat dagoela Durangoko Udalarekin, eta hitzarmen horretan hirigintzako gainbalioak jasotzen direla, «Durangoko Operazioaren kostuaren zati bat finantzatu behar dutenak».
«Kontua ez da dorreak bai ala dorreak ez, kontua dira hitzarmen horretan aitortuta dauden gainbalioak, eta euskal zergadun guztien diruarekin egin den ahaleginaren zati bat finantzatu behar dute», adierazi du.
Arriolak esan du prest daudela Durangoko Udalarekin hitz egiteko. Ikusi behar da «nola irudikatzen diren gainbalio horiek hirigintza-plangintzaren ikuspegitik, proiektu bat ahalik eta adostasunik handienarekin garatu ahal izateko, baina horrek ez du esan nahi hitzarmenean jasota dauden aprobetxamenduei uko egitea».
«Aprobetxamendu horiek biltzen dituen hitzarmenik egon ez balitz, ez zen Durango Operaziorik izango, zeren Durango Operazioa funtsean hirigintzako egitasmoa da. Euskotrenek ez du bidaiaririk irabazi Durangoko Operazioarekin, baina Durangok asko irabazi du hirigintzaren aldetik».