«Betidanik esan diet ingurukoei, irriz, Cesar bat irabaziko nuela; orain sinesgaitza zait»
Ekoizle baionarrak aurreko ostiralean banatu ziren Cesar sarietan film labur onenaren golardoa jaso zuen, Sofia Alaouiren «Qu’importe si les bêtes meurent» obragatik. 2019ko lan horrekin munduari itzulia ematen ari da, iaz Sundanceko sari nagusia lortu ondoren.
Baionako Atalante zinema areto erreferentzialaren bueltan handitu zen Margaux Lorier produktorea. Gaztetatik maite du zinema, eta bere txikitako ametsa bete du Cesar saria irabazita. Bera bezala, emakume gazte eta aldarrikatzailea batekin, Sofia Alaouirekin, egin du arrakastaren bidea, azken honek idatzi eta zuzenduriko “Qu’importe si les bêtes meurent” filma izan baita saritua. Bigarren ametsa orain, prestatzen ari diren obra honen bertsio luzearekin Canneseko festibalera joatea da.
Lehenik eta behin, zorionak, sariagatik. Nolakoa izan Cesar sarien gaualdia?
Pixka bat berezia izan zen osasun neurrien ondorioz. Olympia erdi hutsik zegoen, nahiz eta izendatu guztiak hor geunden, baita frantses zinema egiten duen jendearen parte handi bat ere. Oso hunkigarria izan zen, Cesar saria irabazi genuela jakin aitzinetik ere oso hunkitua nintzen nire txikitako ametsa zelako barnetik ikustea nola iragaten den, eta irabaztea are gehiago.
Emozio handiarekin eskertu zenuen saria, eta Euskal Herria ere gogoan izan zenuen.
Bai, noski. Txikitandik Baionako Atalante zinema gelaren ondoan bizi nintzen, eta bertan ikasi nuen zinema maitatzen. Betidanik esan izan diet Atalanteko taldeari eta nire inguruari egunen batean ni izanen nintzela Cesar bat eskuratuko zuena; irri eginez esaten nuen ametsa zen, eta benetan gertatu izana sinesgaitza egiten zait.
Baionako zure inguruko jende horrentzat guztiarentzat ere berri ona izango da. Zorion mezuak jaso dituzu?
Bai, saria jaso nuenean eskertzeko momentuan Euskal Herria aipatu nuenez, eragina izan du. Baionako auzapezak, Jean-Rene Etchegarayk, ere idatzi egin dit, eta sare sozialetan partekatu du. Irringarria da, Baionan bizi eta militantea nintzenean, ez nengoelako bere alde, kar, kar!
Atalanteko talde guztiak ere zoriondu nau, oso hunkigarria izan da. Lotsatua nintzen, baina aldi berean oso pozik Euskal Herritik etortzeagatik, zeren eta zinema inguruan profil aski antzekoak izan ohi dira; zorionez, aldatzen ari da, baina pozik nago hori egin izanaz, eta aldarrikatzeaz ibilbide ezberdinak izan daitezkeela bertara ailegatzeko.
Filma nazioartean ibilbide aski zabala egiten ari da, eta sariak irabazten ere bai, iaz Sundance festibal ezagunean film laburren Sari Handia ere jaso zuen.
Sundancen lehen aurkezpen publikoa egin genuen, eta oso garrantzitsua izan zen guretzat, ez genekielako ikusleek nola erantzungo zuten, eta azkenean arrakasta handia izan zuen. Guretzat ezustekoa izan zen, irekitzea posible izango ez zela uste genuen ate anitz ireki dizkigu.
Munduko itzulia egin dugu hainbat festibalen bitartez, eta, gainera, horrela ikusleria atzeman dugu. Arrakasta horri esker film luzea egiteko moldaketa prestatzen ari gara, eta horrela errazagoa izanen da, irabazi izan ez bagenu baino.
Zertan da film luzearen egitasmoa?
Gidoia badaukagu, eta, orain, egin ahal izateko diru bila gabiltza. Denbora behar da diru anitz bildu behar baita, hiru milioi gutti gorabehera. 2021eko urrian filmatu ahal izatea espero dugu, amets txoro gisa 2022an Cannesera joateko. Cannes hurrengo ametsa da zerrendan.
Film berezia da, dokumental eran hasten da eta zientzia fikzio bilakatzen da Atlasen dagoen ahuntzain baten urratsei segituz. Sofia Alouik sortu eta zuzendutako filma da. Nondik dator ideia?
Sofia Marokon bizi da. Gizarte hori gizonek ankilosatutakoa da, islama bizi du, pixka bat Ekialde Ertainean bezala, presentzia oso azkarrarekin, gizartearen kontserbadurismoarekin markatua dena. Anitz interesatzen zaizkion gaiak dira, baita ere zer jarri ahal duen zalantzan sinesten den guztiaz. Hori zen abiapuntua. Film konprometitua da, zer den dogma, nola jar dezakegun zalantzan, zeintzuk diren irtenbideak… hori guztia aipatzen du.
Nik Maroko anitz ezagutzen dut, familiaren bitartez gaztetan urtero joaten ginelako, eta tokia anitz maite dut. Mendi horiek zoragarriak dira, eta paisaia filmeko pertsonaia bat dela esan daiteke. Dekoratu eta inguru metafisiko horretan denak forma hartu du.
Sofia Alaoui Marokon bizi da; gizarte hori gizonek ankilosatua da, islama bizi du, eta hori zalantzan jartzea da filmaren abiapuntua
Amazigen hizkuntzan filmatu da, eta horrek ere berezi egiten du filma.
Bai, euskararekin paralelismoa egin daiteke; nik lotura ikusten dut bi hizkuntzen artean. Tokiko jatorrizko hizkuntzak dira, eta hertsatuak izan dira. Han arabiera denean da, eta gutxi dira amazigera hitz egiten segitzen dutenak. Euskal Herrian bezala gertatzen da pixka bat. Gauzen ikuspegia, guregan dagoenari begiratuta, ez dago Marokoko kulturari lotua; amazig kultura bere baitan du, euskal kulturak frantsesarekin zerikusirik ez duen bezala.
Film laburra aktore ez profesionalekin egin duzue. Luzean ere horrela egiteko asmoa daukazue?
Aktore ez profesionalekin izandako esperientzia hori arras ongi pasatu da, sei egunetan grabatua izan da. Aldiz, film luzearen grabaketak hilabete eta erdi iraungo du, eta aktore ez profesionalek ez dute luzaz atxiki ahal izateko teknika hain ongi menperatzen. Film laburreko protagonista atxikiko dugu, eta bigarren pertsonaia bilakatuko da luzean. Besteak aktore profesionalak izanen dira.
Film laburra Casablancatik zortzi ordura dagoen komunikazio sarerik gabeko toki batean filmatu zenuten. Luzea ere bertan filmatzeko asmoa duzue?
Horri buruz gogoetatzen ari gara. Ziur dena da parte batzuk bertan filmatuko ditugula, guretzat garrantzi berezia baitu. Toki hori zoragarria da, eta bertan dauden paisaiak ez dira beste toki batzuetan atzematen. Baina film luzerako ekipo tekniko handia beharko da, eta zailagoa litzateke, eta, gainera, luzeagoa izango denez, ezin diegu inposatu guk han geundenean izan genuen erosotasun urriekin hain luzaz egotea.
Sofia Alaouik eta zuk zinema munduan emakumeen presentzia handitzearen aldeko militantzian diharduzue, baita Cesar sariei loturiko eremuetan ere.
Bai, emakumeak gara eta 30 urte dauzkagu, eta orain arte ez zen erraza toki bat izatea inguru matxista eta patriarkalean. Pozik gaude gure ahotsa entzuna izatearekin; benetan oso hunkigarria da hori, anitz gara horren alde borrokatzen ari garenak, eta hori arras ongi da.
Hori, gure borroka garrantzitsuetako bat da, eta bestea, hori bezain garrantzitsua, aniztasuna da. Orain gero eta zailagoa da bata bestearengandik banatzea. Berdintasunaren aldeko mundua nahi baldin badugu, denon artean egin behar dugu, eta horretarako denak behar dira.
Aurtengo Cesar sariak hainbat aldarrikapenen bozgorailu izan dira, baina bereziki kulturaren egoeraren inguruan; izan ere, Estatu frantsesean kultura zentro guztiak hetsiak segitzen dute urritik.
Kultura Ministerioak ahantzi gaituela dirudi. Ikusten dugu herrialde anitzetan konponbideak atzematen dituztela zinema aretoak irekitzeko edo ikusgarriak eskaintzeko; Espainian esaterako, eta elkarren ondoan gaude, eta hemen ez dugu lortzen ezer egitea. Harrigarria da.
Tarteka dirua banatzen dute, baina gobernuko jendeek ez dute ulertzen gure lanbidea nola ibiltzen den. Tarteka dirua emanda ez dira gauzak desblokeatuko. Berriz ere aretoak irekiko dituztelarik, obra guztiak metatuko dira, eta elkar zapalduko dute, orain arte ez delako aski tokirik izan.
Teknikarientzat eta beste lanbideetako jendearentzat egoera oso larria da. Ez dakigu batere zer gertatuko den, dramatikoa da. Ulertzen dut zaila izanen dela epe luzera erabakiak hartzea, baina guri, profesional gisa konponbideak proposatu genitzakeenoi, ez digute kontsultatu. Hori eskandalagarria da!
Egoera zail honetan ere, itxaropen mezua igorri zenuen.
Bai, eskertzen dut eta arrakasta hori jende guztiarekin partekatzen dut, film horretan bere burua ikusten duten guztiekin, isolatuak direnekin, esateko gauzak dauzkatenekin, eta gauzak eskuratzea zaila dela pentsatzen dutenenei itxaropena badela esan nahi diet. Ezer ez da ezinezkoa, dena egin daiteke borondatea daukagularik. Ni Euskal Herrian nintzenean esaten nuen niretzat Pariseko zinema mundua zaila zela, urrun zela, eta ez nekien posible ote zen ailegatzea… nire ametsa zen, eta ni ailegatu baldin banaiteke, jende guztia ailega daiteke, mugitu behar da.