NAIZ

EAEn egindako 3.085 asilo eskaeretatik soilik %5a onartu zen 2020an

3.085 pertsonek eskatu zuten asiloa 2020an EAEn. 2019ko datuekin alderatuz jaitsi bada ere, ordura arte baino askoz zenbaki altuagoak izaten jarraitzen dute. Asilo eskaeren %5ak besterik ez zuen aldeko irizpena lortu.

Azken asteetan biderkatu egin da Irunera ailegatzen diren etorkinen kopurua. (Gorka RUBIO / Foku)
Azken asteetan biderkatu egin da Irunera ailegatzen diren etorkinen kopurua. (Gorka RUBIO / Foku)

Espainiar Barne Ministerioak argitaratutako urteko balantzearen arabera, 3.085 pertsonek eskatu zuten asiloa 2020an EAEn. Aurreko urteko datuekin alderatuta, aurkeztutako eskarien kopuruak %36 egin du behera, 2019an 4.826 eskari jaso baitziren.

Eskari guztietatik, 1.767 Bizkaian izan ziren, 674 Araban; eta 644, aldiz, Gipuzkoan. CEAR-Euskadi hiru lurralde horietan aurkeztutako eskarien %41az arduratu zen. Kolonbia, Venezuela, Nikaragua, eta Hondurasko herritarrak izan dira, ordena horretan, eskaera gehien egin dituztenak, CEAR-ek jakinarazi duenez.

«Covid-19ak eragindako krisialdien eraginez mugak ixtea izan da eskariak murriztearen arrazoi nagusia», azaldu du CEAR-Euskadiren zuzendari Patricia Barcenak. «Pertsona asko beren herrialdeetatik ihes egin ezinean daude, eta bertan jazarpena pairatzen dute. Beste asko, ostera, hirugarren herrialdeetan geratu dira, gizapetiko baldintzetan. Egoera honek eragin du gatazketatik eta miseriatik ihes egiten jarraitzen duten pertsonek herrialdeetan sartzeko bide alternatibo arriskutsuagoak bilatzea».

Hala ere, datuak 2019ra arte baino altuagoak dira. Izan ere, 2016an 500 asilo eskari jaso ziren EAEn, 2017an 970, 2018an 1.595 eta 2019an 4.826.

Nabarmendu dutenez, bigarren urtez jarraian, asilo eskaeren %5ak besterik ez zuen aldeko irizpena lortu. «Zifra baxu horrek espainiar Estatua gainontzeko herrialde europarren oso azpitik kokatzen du (frantziar Estatua % 22, Belgika %35, Alemania %44). «Asilo eskatzaile horietako askok Europako beste herrialde batzuetara jotzen dute, non babes berme handiagoa izan dezaketen». Hori dela-eta «Euskadi igarobide bat besterik ez da». Eta horren eredu kokatu du Irun eta Hendaia arteko mugan ikusten ari diren irudiak. «Errealitate hori normaltasunez, enpatiaz eta solidaritatez bizitzen hasi behar da, ditugun baliabideak indartuta eta elkarbizitza sustatuta».