«Kontraesana dirudi, baina heriotza ederrak ere posible dira»
Mendi Film Festival-en euskarazko pelikula onenaren saria lortu ostean, hiriburuetako zinemetan egon zen «Mendian hil, hirian hil» aurreko astean. Donostian beste astebetez luzatuko dute, eta emanaldiak beste hiri eta herrietan eginen dituzte gero.
Bizitzaren bila joaten dira mendira, ados, baina batzuetan heriotza topatzen dute. Zer egin, orduan? Zein da doluaren bidea? Mendiaz baliatuta, heriotzari buruzko hausnarketa ederra eskaintzen du “Mendian hil, hirian hil” dokumentalak, Iñaki Peña zainketa aringarrietako medikuaren proiektuak.
Mendian gertatzen diren heriotzak eta zainketa aringarriak ez dira, oro har, oso bateragarriak. Nondik sortzen da dokumentalaren proiektua?
Abiapuntua “Mendiminez” liburua da, Ramon Olasagastirena. 2007an kaleratu zenean, gure aita hil zen Donostian, etxean, minbizi batekin, 64 urterekin. Arraroa izan zen, mendian kokatutako liburu bat delako, baina niri pila bat lagundu zidan doluari ekiten.
Gelditzen direnen mina arintzen al du joandakoek nahi zutena egiten zutela jakiteak?
Denetarik entzuten da, baina modu batean edo bestean, nik uste dut baietz. Felipe Uriarteren iritzia oso bortitza da, mendian gertatzen den edozein heriotza porrota dela esaten duenean, baina horrekin egiten duena da horrelakoei epika kendu. Gero, familientzat, tira; Mikel Cresporen amak, adibidez, esaten du, gailurreko argazkia aipatzen duenean, ikusten duela azken uneraino zoriontsu izan zela. Laguntzen duela uste dut.
Beste ideia potente bat dolu kolektiboarena da. Zer garrantzi dauka dolu hori bideratzeko orduan?
Oso handia. Azken finean, babes hori sentitzeak asko errazten du dena. Bakarrik ez egoten laguntzen dizu, hori delako faktorerik txarrena dolu bati ekiteko, isolatzea. Oso txarra da, eta oso maskulinoa, bide batez.
Bada heriotzarako prestatzeko modurik?
Bai, eta gero eta gehiago lantzen ari da bide hori. Azkenean, honi buruzko liburu bat, musika disko bat, edo dokumental bat... egiten ari garena heriotzari buruz hitz egitea ahalbidetzeko moduak dira. Martxan daude ere death cafe direlakoak.
Azaldu hori, mesedez.
Talde txikietan elkartzen dira, eta heriotzari buruz hitz egiten da. Espazio gutxi daudenez gure gizartean hori egiteko, espazio hori erraztea da helburua. Zarautzen badira hiru urte egiten dugula. Esperientziak entzuteko eta barruan daukazuna kanpora ateratzeko modu bat da.
Posible da dolu bat hastea heriotza iritsi aurretik?
Bai, kasu batzuek aukera ematen dute prestatzen joateko, izan gertuko baten heriotzarako edo norberaren heriotzarako. Gero, gizakiak gara, eta momentua iristen denean, beldurrak agertzen dira, jakina, baina bada prestatzeko modurik.
Dokumentaleko ideia nagusietako bat da gaur egungo gizartean, hirian gehienbat, heriotza gure bizitzatik erabat kanporatu dugula. Lekua egin beharko geniokeela uste duzu?
Konbentzituta nago, eta horretarako pedagogia beharrezkoa da, eskolatik bertatik hasita. Ezer gertatu baino lehen, barneratzen hasteko. Hemen, Zarautzen, horretan gabiltza, eta beste leku batzuetan ere bai.
Umeak babestu nahian, agian kalte egiten diegu?
Bertigoa gainditzen dugunean, aurrean daukagun pertsonatxo horrengan naturaltasun eta askatasun itzelak topatzen ditugu. Guk ez dakit zenbat kapa jartzen ditugun, gauzak estaltzeko; eurek ez, beste naturaltasun batekin ikusten dute. Gehienbat 5-6 urtetik aurrera, itzulezintasunaren ideia barneratzen dutenean, atzera bueltarik ez dagoela ulertzen dutenean. Nire kasuan, hiru anai-arreba gara, baina laugarren bat hil zen jaiotzean; ni akordatzen naiz, gurasoek oso modu naturalean jorratu zuten, eta ni oso eskertuta nago.
Eutanasiaren legea onartu berri daukagu. Zainketa aringarrietako mediku gisa defendatzen duzun heriotza duinean aurrerapausoa al da?
Hori da kontzeptua niretzat, heriotza duina; edo heriotza ona. Ezin da inor egon horren aurka. Nik garbi daukat, ‘paliatibista’ naiz, baina zainketa aringarriak eta eutanasia ez ditut ikusten modu kontrajarrian. Bi bide desberdin izan daitezke, baina gauza bera planteatzen dugu. Beraz, ongi etorria legea, jakina.
Heriotza ona, edo horren falta, lehen lerroan egon da pandemian. Gogorra izan da?
Horrelakoetan, lehentasuna beti izango da kutsatzerik ez egotea, eta gauza oso krudelak gertatu dira, zoritxarrez. Gure kasuan, Arrasaten, malgutasuna izan dugu eta beste modu batean jokatu ahal izan dugu, baina horren alde borrokatu garelako, jakina.
Dokumentalaren amaieran, Juanjo San Sebastianek eta Felipe Uriartek irribarre batekin gogoratzen dituzte aspaldi mendian hildako lagunak. Xabier Ormazabalen eta Mikel Cresporen senide eta lagunek jai giroan gogoratzen dituzte urtean behin. Denbora, mina eta lana kostata bada ere, posible da heriotzak bizitzaren ospakizun bilakatzea?
Hala izan beharko litzateke. Eskerrak emateko pertsona horri eta bizitza ospatzeko. Felix Zubiak dio Zarautzen nola egiten zen segizioa; beste izen batzuekin, heriotzari lotutako parranda hori leku askotan egiten zen. Dokumentala horren aldeko apologia bat da, argi eta garbi.
Posible da, beraz, minik gabe oroitzea.
Bai, posible da, baina denbora eta lana behar dira, ez bakarrik denbora. Beti esaten da denborak dena sendatzen duela, eta ez da egia, lana ere beharrezkoa da. Azkenean, mina ere pasatu behar da. Iñigo Suberbiolak beti esaten du erditzearen kanala dagoen bezala jaiotzeko, heriotzarena ere badela. Doluan tunel oso ilun bat dago, ez duguna zeharkatu nahi, baina nahi eta nahi ez zeharkatu behar da, hobeto egoteko, ongi egoteko. Hortik pasatzen ez bazara, ‘bukle’ batean geratzen zara; gure lanean ikusten ditugu gero ondorioak. Metaforikoki, bizitza guztirako beltzez jantzita geratzen zara.
Momentu batean Felix Zubiak esaten du, edo ateratzen zaio, ez dakiela heriotza onik izan daitekeen. Iñigo Suberbiolak segituan erantzuten dio baietz. Hala uste duzu zuk ere?
Bai, noski. Txapela kentzeko moduko heriotzak daude, bai hiltzen den pertsonaren aldetik, bai ingurukoen aldetik. Gure lanean hori erraztea da gauza politena. Kontraesankorra iruditu ahal zaio norbaiti, baina heriotza ederrak posible dira.