NAIZ

«On egin» bonuak aurkeztu dituzte, jatorrizko produktuak eta ostatuak sustatzeko

30.000 bonu kaleratuko ditu Lakuako Gobernuak. Nekazaritzako eta arrantzako elikagaietan egindako 100 euroko erosketa bakoitzeko, 50 euroko bonua oparituko die herritarrei, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostatuetan egonaldia egitera animatzeko.

«On Egin» bonuak aurkeztu ditu Lakuako Gobernuak. (IREKIA)
«On Egin» bonuak aurkeztu ditu Lakuako Gobernuak. (IREKIA)

Lakuak `On Egin´ kanpaina aurkeztu du, bi helbururekin: bertako ekoizpen ehunari eta merkataritza txikiari laguntzea, eta ostatuetako egonaldiak bultzatzea. Nekazaritzako eta arrantzako produktuetan egiten duten 100 euroko erosketa bakoitzeko, 50 euroko bonua jasoko dute herritarrek, bertako ostatuetan egonaldia egiteko.

Kanpaina bi fasetan garatuko da: apirilaren 19an produktua erosteko epea irekiko da, ekoizpen ehunari eta merkataritza txikiari «zuzeneko onura eragiteko», eta ekainetik aurrera ostatu bonuak kontsumitu ahal izango dira. «Horrek Euskadiko kontsumoaren bigarren susperraldia ekarriko du», aurkezpenean nabarmendu dutenez.

Kalitate bereiziko elikagaiak eta edariak

Azaldu dutenez, covid-19ak ondorio negatiboak izan ditu elikadura katearen azpisektore askotan; hori dela eta, ekimen honen bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hazi Fundazioak laguntza eman nahi diete kalitate bereiziko elikagaiak eta edariak ekoizten dituzten lehen sektoreko eragileei.

Ondorengoak dira, hain zuzen ere, kanpainari lotutako produktuak: Arabako, Bizkaiko eta Getariako txakolina, Arabako Errioxako ardoa, Arabako Errioxako Cava ardoa, Idiazabal gazta, Euskal Sagardoa, Basque Beer, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoa eta Eusko Labela.

Ekoizle, saltoki eta ostatuen atxikimendua

`On Egin´ ekimenean parte hartu nahi duten saltoki, establezimendu eta ostatuak oneginbonoa.eus-en atxiki ahal izango dira maiatzaren 22ra arte, eta bertan kontsultatu ahal izango dituzte kontsumitzaileek sustapenean parte hartzen duten saltokiak eta ostatuak.

Izena eman duten saltoki eta ostatuek kanpainaren irudi identifikatzailea eramango dute, kontsumitzaileari `On egin´ bonuari atxikitako lokala dela adierazteko.

Kontsumitzaileek egin beharrekoa

Bonuez gozatu nahi duten kontsumitzaileek kalitate bereiziko produktuak erosi beharko dituzte, gutxienez 100 euroko gastua eginda, saltoki txiki, merkataritza elektronikoko atari eta ekoizleen zuzeneko salmenta puntuetan.

Erosketaren fakturari argazkia atera, oneginbonoa.eus-era igo, eta 50 euroko bonua eskatu beharko dute. Webgune horretan bertan kontsultatu ahal izango da deskontu bonua erabili nahi den turismo ostatua. Pertsona bakoitzak bere NANaren zenbakiari lotutako bi bonu izango ditu gehienez, eta ezingo dira metatu (bonu bat fakturako eta ostatu gau bakoitzeko).

Guztira 30.000 bonu eskainiko dira, eta horien kaleratzea programari esleitutako aurrekontuaren erabilgarritasunaren baldintzapean egongo da. Funts horiek agortu ondoren, programa amaitutzat emango da.