naiz

31 urte preso egingo dituen Unai Paroten etxeratzea sustatzeko dinamika aurkeztu dute Arrasaten

‘Unai etxeratzeko Bidea gara!’ ekimenaren berri eman dute astearte arratsaldean Arrasaten. Unai Parot 1990etik dago preso, eta instituzio, alderdi politiko eta herri eragileak interpelatu nahi dituzte Paroten kontrako «Estatu ankerkeriari» amaiera emateko.

90eko hamarkadan jaiotako gazteek ere parte hartu dute Unai Paroten aldeko ekimena aurkeztu duten agerraldian. (Jon URBE/FOKU)
90eko hamarkadan jaiotako gazteek ere parte hartu dute Unai Paroten aldeko ekimena aurkeztu duten agerraldian. (Jon URBE/FOKU)

1990etik geroztik preso dagoen Unai Parot askatzeko dinamika aurkeztu dute arratsalde honetan Arrasaten. Ekimenaren lehenbiziko hitzordua igande honetan bertan jarri dute, Parot Sevillan atxilotu zutenetik 31 urte beteko direnean hain zuzen ere. Herriko plazatik abiatuko den manifestazioa antolatu dute, 12.30ean.

Unai Parot 1990eko apirilean atxilotu zuten Sevillan. Orduz geroztik preso jarraitzen du, eta «Estatu ankerkeria» honen aurrean instituzioak, alderdi politikoak eta herri eragileak... interpelatu nahi dituzte.

Unai Parot eta harekin batera atxilotu zituzten Kepa Parot anaia eta Jakes Esnal «Euskal Herrian, etxean, askatasunean ikusi arte» mantenduko dute dinamika iraunkorra, aurkezpenean nabarmendu dutenez, «Unai ahalik eta azkarren etxeratzea» baita ekimenaren helburua.

«31 urte preso egotea astakeria hutsa da. Bizi arteko zigorra gizatasunik ez duen Estatu anker baten erabakia da eta Euskal Herriratzea zein askatzea lirateke ezinbesteko gizatasun eta justizia keinuak», agertu dute prentsaurrean.

Azpimarratu dute, gainera, Parotek preso emandako urteak ez direla samurrak izan. Beti urrunduta egon da, eta sarri bakartuta. Puerto IIIn daukate egun.

«Legeak gehienez ezarri zion 30 urteko zigorra nahikoa ez, espetxe onurak ukatu eta beste 11 urteko kondena erantsi zioten», gogorarazi dute.

Igandean egingo den manifestazioan eta ondotik etorriko diren ekintzetan parte hartzeko deia egin dute. «Elkarbizitza, bakea zein konponbidea erdiesteko. Jende askok sufritu du mota desberdinetako biolentzia herri honetan, guztien minen aitortza, erreparazioa eta errepikatuko ez diren bermea behar ditugu, baina ezin da elkarbizitzarik, bakerik edota konponbiderik sustatu egoera anker eta krudel hauek betikotuz», aldarrikatu dute.