NAIZ

Bera Berak Kopako joaneko partida jokatuko du asteazken honetan Morvedreren etxean

Egutegian agertzen ez zen Kopako kanporaketa dute jokoan donostiarrek Sagunton (20.00), titulu hizpide duen multzoko lehen jardunaldia jokatu aurretik. Kopako itzulera Bidebietan jokatuko da martxoaren 31n. «Elx gainditu ostean, Morvedre gogotsu ikusiko dugu», aurreratu du Imanol Alvarezek.

Bera Berako jokalariek hitzordua dute asteazken honetan Koparekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Bera Berako jokalariek hitzordua dute asteazken honetan Koparekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Super Amara Bera Berako jokalari gehienek merezitako atsedena hartu dute hiru egunetan zehar datozen bi asteetan lau partida jokatu aurretik. Gehienek diogu, selekzio ezberdinekin egon diren jokalariak ere baitaude –eta baita Imanol Alvarez entrenatzailea ere–. Hala nola, igandean Cesareo, Pizzo eta Cavo Tokioko Joko Olinpikoetarako txartela zuten jokoan, eta kataluniarra nagusi izan zen, Espainiako selekzioak txartela eskuratu baitzuen. Bestetik, Arruda eta Cardoso Brasilekin hainbat saio egin zuten Portugalen.

Denak bueltan direla –Alvarezek 14 jokalari ditu prest–, asteazken honetan egutegian agertzen ez zen Kopako kanporaketa dute jokoan donostiarrek. Gipuzkoak Kopako azken fasea antolatzeari ekin zion, baina zalegoak ezin zirenez sartu ez zuen oztoporik jarri Kanarietan ospatzeko, Rocasak egindako gestioak arrakastatsuak izan zirelako. Ondorioz, asteazken honetan, 20.00etan (Saguntoko René Marigil kiroldegian), Balonmano Morvedre eta Bera Berak Telderako txartela ateratzeko joaneko norgehiagoka jokatuko dute. Itzulera, berriz, Bidebietan jokatuko da martxoaren 31n (19.00etan).

Bera Berak Kopako amaierako fasean 30. partaidetza jarraian du helburu eta horretarako Balonmano Morvedre gainditu behar du. Imanol Alvarez entrenatzailearen ustez, «bi partida sistemak mesede egiten digu teorian faborito garelako». Hala ere, «Elx Ligan gainditu ostean, gogotsu aurkituko dugu Kopako fase finalean egon nahi dutelako. Entrenatzailea aldatu dute –Vicent Sos Montse Pucheren ordez jarri zuten- eta ez dakit zer nolako aldaketak egingo dituzten», adierazi du ermuarrak Saguntora asteazkenean bertan abiatu aurretik.

Bera Berako entrenatzaileak bihar lehiatzeri alde positiboa ere atera dio: «Bidaiak eta partida dexente izango ditugu egun gutxitan, baina interesagarria da berriro talde moduan funtzionatzea, Kopa izugarri gustuko dugulako eta iraileko Malagako arantza kendu nahi dugulako». Bere ustez, «biharkoak larunbaterako ere balio digu».

Izan ere, tartean, larunbatean alegia, Ligara itzuliko dira gipuzkoarrak titulu hizpide duen multzoko lehen jardunaldian (edo txapelduna izateko kontutan hartuko diren zazpigarren partidan). Bera Berak Liberbank Gijon hartuko du Gascan (18.00etan). Eta kopako kanporaketa amaitu ostean, donostiarrek Elxera egingo dute bidaia Aste Santuan, apirilaren 3an (16.00etan, Teledeporte), Elche Visitelche.com taldearen aurka aritzeko. Elxek ere martxoaren 31n partida izango du, kasu honetan A Guardan.

Apirilaren 10ean, Gascan (19.00etan), partidarik erakargarrienetarikoa iritsiko da: Bera Bera eta Rocasaren artekoa. Fase honetako aurreneko hiru jardunaldiak jokatu ostean, Ligak azken aurreko etenaldia izango du, hainbat selekzioek Espainian jokatuko den 2021eko Mundialean sailkapena lortu nahi dutelako.