Gutxi izango dira Binakako sistema honena baino esker txarragoko hirugarren posturik. Berdin dute batutako puntuek eta finalerdietan sartzea play offeko partida bakarrean jokatu beharko dute hirugarren sailkatuek, seigarren geratu direnekiko inolako abantailarik gabe. Hori ekiditea izango dute igandean helburu Altuna-Mariezkurrena eta Peña-Albisu bikoteek Eibarko Astelenan. Final moduko bat izango da, Baikokoak bigarren izango baitira 2 tantoko aldeaz nagusitzen badira eta horrek presio berezia ezartzen diolehiari.
Krudela litzateke, batez ere Altuna-Mariezkurrenarentzat, lau hilabetez sailkapenaren puntan egon ostean, saririk gabe geratzea «baina horretan pentsatzeak ez nau inora eramaten. Sistemari buruzko nire iritzia dut, askotan esan dut, baina nire iritziak ez du ezertarako balio, beste batzuek erabakitzen dute eta ez dut ezer esateko. Hauxe da dagoena, hala jokatu behar dugu eta finalerdietan zuzenean sartzen ez bagara gure errugatik izango da», esan du Altunak gaurko material aukeraketan.
Peña-Albisu behetik gora datoz eta ikuspegi desberdinez begiratzen diote lehiari. «Hasieratik gure asmoa sei lehenetan egotea zen, baina ikusten ari gara ondo ari garela, irabazten ari garela eta bigarren postuagatik borrokan ari garela. Galduz gero ez da katastrofe bat izango», azaldu du aurrelari tolosarrak.
Azken partida ere arras desberdina izan zen bi bikoteentzat, Baikokoek garaipen handia lortu zuten Elezkano-Zabaleta liderren aurka eta Aspekoei ihes egin zien Urrutikoetxea-Imazen aurka eskuetan zuten garaipenak. Altunak oraindik ez dio gertatutakoari erantzunik aurkitu, baina ahaztua omen dauka. «Azkenaldian ikasten ari naizena da sufrimendua luzatzeak ez duela ezertarako balio. Lehen ordu erdian oso haserre egon nintzen, baina gero buelta eman nion eta asteartetik oso lasai nago, inolako kontzientzia kargarik gabe».
Berriozarreko atzelaria ondo ikusten du amezketarrak eta bera ere itxaropentsu da. «Jokinek asko animatu nau, horretan ere artista da. Astelehenean, galtzeaz harago sentsazio txarrekin irten nintzen partidatik, hasi ere hala egin nuen ez nuen batere segurtasunik nire eskuan, nahiz eta minik izan ez, ez nintzen pilotara jartzen, beldur handia nuen eta nik uste gaur entrenamendu ona egin dudala, pilotari eman diot, hobekuntza handia ikusten diot eskuari eta beste modu batera irtengo naiz», adierazi du.
Atzera kargatu
Ez da sarri halakorik gertatzen, baina material aukeraketak nahiko argi utzi du zein den bikote bakoitzaren iganderako estrategia. «Nik uste dut materialean aldea badagoela, baina eurenak eta gureak oso onak dira, gureak agian gehiago irteten dira, bote gehiago egiten dute eta eurenak agian mugitzeko zailagoak dira», azaldu du Peñak, bere asmoak ezkutatzeko inolako asmorik gabe. «Nik uste ez zaigula komeni aurrean Altunarekin aurrean nahastea eta alderantziz, eurek nirekin aurrean nahastu nahiko dute, nik uste dut horik joango dela partida», azaldu du, euren intentzioa jokoa atzean kargatzea dela argi utziz.
Jokin Altuna, ordea, ez da gehiegi fio. «Eurek ere aukera dutenean aurrean amaitzen saiatuko direla uste dut. Nahiago nuke beti atzera jokatuko balute, Peña aurrelari ausarta izan da beti, bere nortasunaren aurka ariko litzateke beti Mariezkurrena bilatuko balu».