NAIZ
Iruñea

85 artistak egunerokotasunari buruz hausnartu dute ‘Artea Oinez 2021’ erakusketan

Iruñeko Kondestablearen Jauregiak ‘Artea Oinez 2021’ erakusketa hartuko du apirilaren 28ra bitarte. Erakusketak 85 artistaren ehun lan baino gehiago biltzen ditu, baita aurtengo Nafarroa Oinez jaia antolatzen duen Lizarra Ikastolako artxiboaren materialak ere.

‘Artea Oinez 2021’ erakusketa Kondestablearen jauregian.
‘Artea Oinez 2021’ erakusketa Kondestablearen jauregian.

Iruñeko Kondestablearen Jauregiko 1. eta 2. aretoek ‘Artea Oinez 2021’ erakusketa hartuko dute apirilaren 28ra arte. 85 artistaren ehun lan baino gehiago biltzen ditu erakusketak, egunerokotasunari eta haren garrantziari buruz hausnartzeko. Gainera, Lizarra Ikastolako artxibo-materialak ere badaude, aurtengo Nafarroa Oinez-en antolatzailearenak.

Edizio honetan, erakusketak Lorea Alfaro Garcia omentzen du; artista eta unibertsitateko irakaslea EHUn, eta Lizarra Ikastolako ikasle ohia.

Ostiral honetan aurkeztutako erakusketako lanek XX. mendearen azken laurdenean eta XXI. mendeko lehenengo laurdenean sortutako arte-adierazpen askoren berri ematen dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten ikusgai dauden lanek uztartzen duten kontzeptua egunerokoa eta haren garrantzia dira, «gogoeta eta pentsamendu kritikoa eragiten baitituzte».

Lanen errepertorioak proposamen garaikideak erakusten ditu hainbat diziplinatan, hala nola eskulturan, eskulto-pinturan, pinturan, marrazketan, instalazioan, grabatuan, bideoan, argazkian, inprimaketa digitalean eta teknika mistoetan.

Gehienak korronte abstraktukoak dira, baina haien artean badira ere arte figuratiboa, espresionista, hiperrealista, sinbolista, informalista, etab. Gune artistikoan artearen azken joerak eta artista gazteen proposamenak ere izanen dira.

‘Artea Oinez 2021’ erakusketa honetarako honako artistek eta egileek eman dituzte lanak, besteak beste: Faustino Aizkorbe, Pello Azketa, Nestor Basterretxea, Carlos Canovas, Eduardo Chillida, Miren Doiz, Txaro Fontalba, Asun Goikoetxea, Carlos Irijalba, Ana Mari Marin, Xabier Morras, Txuspo Poyo, Marijose Recalde, Juan Sukilbide eta Jose Luis Zumetak.

Iruñetik igaro ondoren, erakusketa Lizarrako Gustavo de Maeztu museoan ikusgai egongo da.